Bloga

1787ko Zumaiako Itsasgizonen Zerrenda

San
Telmo Kofradiako liburuetan mota desberdinetako dokumentuak aurki
daitezke. Horien artean, Zumaiako marinelen inguruko informazioa
eskaintzen duten zerrendak daude. Gaurko gaiarekin jarraitu baino lehen
ordea, gogorarazi beharrekoa da kofradia honen liburu zaharrenak galdu
egin zirela eta 1787an liburu berria osatu behar izan zela. Horretarako
aurreko liburuetan jasotzen zena errekuperatzeko eta gogoratzeko
saiakera egin zuten San Telmo Kofradiako kideek. Zenbait kontu liburu
berrian islatzea lortu zuten, baina gehiengoa galdu egin zen.

Itsasgizonen
zerrenda hauek egiteko agindua Francisco Nuñez Ibañezen, Itsas Armadako
Komisario Antolatzailearen, gutun baten bitartez jaso zuten Zumaian
1766 urtean. Gutun honen kopia da kofradiako liburuan jasotzen dena.
Bertan, bere barrutiko itsas armadaren egoeraren berri jakiteko, herri
bakoitzeko itsasgizonen zerrendaren beharra agertzen du Komisarioak;
herrian eta herritik kanpo zeuden itsasgizonak zehazten zuen zerrendaren
beharra. Eskutitzan bertan agertzen dira zerrenda osatzeko jarraitu
beharreko argibideak: herrian zeudenekin zerrenda bat osatu behar zen
eta herritik kanpo zeudenekin beste bat. Posible bazen pertsona
bakoitzaren adina islatu behar zen zerrendan eta herritik kanpo zeudenen
kasuan pertsona bakoitzaren egonlekua aipatzea eskatzen zen.

Datu
hauek jakitea ezinbestekoa zen probintziarentzat, izan ere, zerrendako
pertsonek itsas armadako erreserba osatzen zuten. Hau da, Gipuzkoak
itsas armadarako errekrutatu behar bazuen, zenbat gizonekin konta
zezakeen jakinarazten zioten.

San Telmo Kofradiako liburuetan
jasotzen den lehen marinel edo itsasgizonen zerrenda 1787koa da.
Zerrenda hori da gaurkoan hona ekarri nahi izan duguna, urte horretako
ekainean herrian zeuden itsasgizon kopuruen isla baita. Ikus daitekeen
bezala, urte horretan herrian 13 itsasgizon zeuden (25 eta 50 urte
bitartekoak) eta Cadizeko Lasterketan 21. Agian zuen arbasoren baten
izena topatuko duzue zerrendan!

Oihana Artetxe