Erakusketak

Elena Asins

Sinplea, eta aurretik pentsatutako sinpletasun geometriko horretan konplexutasuna ezkutatzen da, Asinsen lanaren eta izaeraren isla.

Kontzeptuala. Bere hastapen artistikoetatik planteatzen dituen gaien inguruan sortutako ideien bilgarri diren obrak. Dolmenen errebisioa, kasu honetan bideo formatuan; momentuan, artista, medio honetan lanean aurkitzen da erosoen; piezen osagarri bezala, Gorka Aldak, kontu handiz, soinu elektroakustikoz eratutako musika zorrotz eta indartsua, zeinak, menhirraren mozketa, hutsaren erauzketa ikustea errazten digun.

Musikalitatea, Aldak konposatutako soinu multzoa bideoetan islatzen da, baina soinu banda hau erakusketako ibilbide osoan antzematen da, bereziki menhirren instalazioan, piano teklatua bailitzan tartekatzen baitira zuriak eta beltzak, Asinsen kasuan menhirrak eta hutsak.

Iluntasuna, ia ilunpetan egin beharreko ibilbidea, kobazulo garaikide baten moduan; artistak, oso era neurtuan zabaltzen digu ideia edota erreflexio batera iristeko bidea. Iluntasun honek berak akromatismora garamatza, Elena Asinsen obraren ezaugarri iraunkorra, “Zulo Beltza” deituriko instalazioan aparteko zentzua hartzen duena. Argilunaren muga psikologikoa zeharkatzea da Asinsek proposatzen digun erronka, hutsa sentitzea, ezereza.

<<…nire obra bi atalek osatzen dute: hemen agertzen dena, eta idatzi ez dudan guztia. Bigarren hau da, hain zuzen ere, atalik inportanteena…>> Ludwig Wittgensteinen aipu hau Elena Asinsek bere egiten du erakusketa honetan. Ikuslea bera da erakusketa honetako ibilbide-prozesioa osatzen duena. Gure barnea arakatzera bultzatzen gaitu, gure beldurrak, sinismenak, denbora-unibertso honetan daukagun kokapena, ezerez erraldoi honi, hutsuneari buruz daukagun iritzia.

Arrate Rodriguez Martin eta Laura Míguez Ricón