Urbietarren oinordetza: Juanes kapitainaren frogaketa
1550eko azaroaren 19a zen Juanes Urbietakoa hernaniarrak bere suhi Juan Estirongoa donostiarraren eta Hernaniko auzo Andres Olazabalgoa eta Martin Elduaiengoaren aldeko ahalordea eman zuen eguna.
Agidanez, kapitain famatuaren anaia Esteban bi hilabete lehenago zendu zen eta, nonbait, ondorengorik gabe eta oinordekorik izendatu gabe joan zen beste mundura. Seme-alabik ez zuen izan, antza, eta gurasoak ere, hilak zeuden.
Juanes famatua zen ordurako. 1525ean Frantziako errege Frantziko I.a Paviako guduan atzeman ondoren bere ospeak gora egin zuen; izan ere, atxikitze honek, garai hartako hainbat eta hainbaten ibilbide arrakastatsu bezain ohikoaren mugarrietako bihurtu zen Juanesentzako. Arrakastatsua, kapitain titulua izateaz gain, gertakariak armarria eta Done Jakue Ordenako zaldun izendapena ekarri zizkiolako. Ohikoa, jarduera militar hau familian zehar eman zelako: bere aita Esteban “Escudero” ezizenarekin ezaguna zen eta Juanesen anaia Esteban ere, erregearen zerbitzuan jardun zen; artilari moduan, hain zuzen ere.
Familia, leinu, etxe edo orubearen loria, ospea eta ohorea bermatu eta handitzeko balio zezakeen errege zerbitzu honek. Askotan, ordea, baliabide horiek guztiek ez zuten zuzeneko isla ekonomikorik; hau da, erregeak ez zien bere zerbitzuan ibiltzen ziren menekoei uste bezain azkar ordaintzen. Halakoa dugu Estebanen kasua. Izan ere, Juanes kapitainak emandako ahalordeak helburu argia zuen, bai: Estebanen ahaiderik zuzenekoena zela frogatuko zuen lekukotza aurkeztea, alegia.
Baina helburua anaiaren ondasunak eta ondarea eskuratzean bazetzan ere, hauen inguruan aipamen zehatz bakarra egiten zuen Juanesek, eta oso adierazgarria, gainera. Izan ere, Estebanek utzitako ondasunen aipamenik ez da egiten, baina bai Erregeak zor zion diruarena:
“el qual [Esteban anaiak] dexó, entre otras cosas, de resçivir en Su Magestad çiertos créditos y resçybos del sueldo del artilería, como paresçe por los libros e nóminas de sus contadores”.
Eta, jakina, Juanesek zera zioen:
“…los quales dichos créditos y resçivos me pertenesçen como a su heredero legítimo del dicho Esteban”.
Ondorioz, frogaketa egin zuen Hernaniko alkate-epailearen aurrean. Bertan azaldu ziren Juan Egurrolakoa bikarioa (Juanesek berak bere kodiziloan izendatuko zituen betearazleetako bat), eta Hernaniko auzotar ziren Juanes Basaungoa eta Pedro Artzamendikoa. Zoritxarrez, eta harrigarria bada ere, hiruek ez zuten zehaztapen askorik egin, ez Juanen ekintza gogoangarriei buruz, ezta Estebanen jarduerari buruz. Datu gutxi era orokorrak ematen zituzten: Juanes eta Estebanen gurasoak nortzuk ziren aipatu (aita Esteban eta ama Katalina Perkaztegikoa; abizena ez da, beraz, Berastegi, askotan idatzi den moduan, Perkaztegi baizik), Esteban bi hilabete inguru zendua zela adierazi, eta oinordeko edo seme-alabarik gabe hil zela esan. Ordurako Juanesek zuen fama ikusita, azken honek bere helburua lortzeko nahikoa izango zuen, besterik gabe, Esteban bere anaia zela zioten adierazpen orokor batzuk jasotzea?
Iago Irixoa