Bloga

Elkarrizketan: Nikanor Lertxundi

Udalaren ekimenez hilero artxiboari buruzko berri bat argitaratzen da Artzape aldizkarian. Egindako lana errepasatzeko une aproposa dela pentsatzen dugu. Horretarako, Getariako alkate Nikanor Lertxundi elkarrizketatu dugu.

Zergatik hileko artxiboaren berri bat?

Gipuzkoako historian toki esanguratsua da Getaria. Hainbat pasarte garrantzitsu eman ziren gurean. Artxiboan baino, oso berri historiko dugu, hainbatetan erre egin zuten eta. Hutsune hori konpontze nahian eta, era berean, artxiboak ere funtzio sozial bat duela aldarrikatzeko, gure artxibo historikoa zaintzen laguntzen digun Ereiten enpresaren ideia ontzat eman genuen: artxiboko berria argitaratzea hilean behin, hain zuzen ere.

Artxiboak ba al du funtzio soziala?

Bai noski. Artxiboa Udaletxearen memoria da. Udaletxearena ez ezik, Udalarena esango nuke nik. Artxiboak gure jarduna gordetzen du. Urteak joan urteak etorri, alkateak joan alkateak etorri, funtzionarioak jubilatu ahala… artxiboan geratzen da dena jasota. Eskubideak eta bete beharrak bermatzen ditu. Ezinbestekoa da egunerako kudeaketa. Horregatik, egindakoaren berri ematen duelako, nolakoak izan garen islatzen du. Egungo egoera ulertzeko ezinbestekoa da. Ondorioz, talaia ona da aurrera begiratzeko. Datu asko ematen digu gure izaera komunikatzeko, kultura lantzeko, aisialdian erabiltzeko…

Historiarekin lotzen gaitu beraz?

Bai, baina horrek ez du esan nahi egindakoagatik kondenatuta gaudenik. Getariako Udalak egin duena hor dago jasoa. Getariako Udalak edo Getariako auzotarrek egin nahi dutena, baina, ez dago inon jasoa. Hori guk erabakiko dugu gure beharren arabera, gure aurrekoek egin zuten bezala: unean uneko erabakiak hartzea.

Hileko berri hau da artxiboan egindako lan bakarra?

Ez, ez. Gure artxiboa informatizatuta dago (ikusten? Historian zehar inoiz ez da horrelakorik izan, noski!), eguneratuta eta ondo gordeta. Udal aktak, adibidez, interneten bidez daude eskuragarri, www.getariakoartxiboa.net helbidean. Digitalizatzea ez ezik, edukiak ere deskribatu egin ditugu, bilaketak egin ahal izateko. Aurten, gainera, Getariari buruzko Angel Gorostidi Gelbentzuren eskuizkribua ere digitalizatu dugu. Jaurlaritzaren eta Aldundiaren diru laguntzak probestu ditugu horretarako.