Bloga

Harriak

Herrian zehar paseatzeak ustekabeak ematen ditu. Txio sortari hasiera eman dion argazkia lekuko. Harri horiek buruan, Luzuriagako langileei buruzko liburua gogoan. Orduan idatzitakoa eta liburu bera errekuperatzea otu zaigu. Honatx.

Der Bilbao-Song idatzi eta urte batzuetara, Bertold Brechtek Langile baten galderak liburu baten aurrean (Fragen eines lesenden Arbeiters) 1930eko hamarraldian idatzi zuenean ez zuen galdetu zeinek egina zen Kontxako baranda ospetsua: Liburuetan Errege izenik baizik ez da ageri. Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar handiak?… Lima distirant hura eraiki zuten langileak, ze etxetan bizi ote ziren? Txinako Harresia bukatu zen iluntzean: nora jo zuten harginek?… Hamar urtez behin gizon handi bat. Nork ordaintzen zituen haren gastuak?… Laboak gerturatu zizkigun galdera horien artean, ordea, baluke lekurik beste hark. Galdera-erantzunak Historia bezainbeste dira eta. Galde-erantzunetan eta langileen Historian datza, hain zuzen ere, liburu honen muina.

Erantzunak emateko, baina, milaka langile, mila istorio dugu. Ezinbestean, bizipen asko gelditzen dira jaso gabe, bildutakoak baino apalagoak akaso, baina hauek bezain interesgarriak. Hor dugu, bistan dena, lan ildo bat urratua. Beste bat gehiago. Hautaketa beharrezkoa zen. Emaitza ikusgarria izan da. Garai baten lekukotasuna, langileen kulturaren ereduak.

Hemen jasotako historia pertsonal batzuek, denek ez esatearren, beste mundu batekoak dirudite. Egun nagusi dugun espekulazioaren ekonomia amoral mundu honetakoak ez dira bederen. Aitzitik, lanaren kulturakoak dira. Gizonek eta emakumeek gauza praktikoak ekoizten zituzten orduan. Balorea eta balioa zuten gauzak. Hauetako lan batzuk mitologiatik ateratako izaki erraldoiek egin zituztela ematen badu ere gure aiton-amonek, gure gurasoek egin zituzten, liburua irakurri ahala ikusiko dugun bezala. Bai, Kontxako baranda eta beste anitz.

Gipuzkoako kostaldean Pasaia salbuespena izan da urteotan. Hiria, ezen ez herria. Industriala, ezen ez tradizionala. XX. mendearen hasieran abiatu zen eraldaketa industrialak gizarte modernoa sortu zuen; eta XX. mendeko garairik ilunenetan argi izpia ez zen amatatu. Alderantziz, badiaren inguruko dinamoek argi hori indartu baino ez zuten egiten. Eta horrekin batera, dinamoez arduratzen ziren gizon-emakumeak. Industriala baita gure ondarea, gure nortasuna. Onerako eta txarrerako.

Erantzunak onak, apasionatuak, ikusgarriak badira ere, galderak ez dira makalak. Oakley Hall-ek esana, Egiaren berri ematea fikzioaren lana da. Eta Koldo Izagirreren fikziozko lanaren atzean egia, errealitatea, dago. Askotan, gainera, Pasaian kokatua. Oraingo honetakoa, baina, ez da fikzioa, askotan hala irudituko zaigun arren. Gertatuak dira. Ez urrutiko jendearenak, oso gertuko senide eta lagunenak baizik. Haien ahotsa da jarraian duguna, zuzenean jasoa, lanaz, politikaz eta bizitzaz.


David Zapirain

Iturria: Luzuriaga: voz y vida obrera, hogeitabost lekukotasun