Bloga

Esperantza

Uda hastear dago. Argitsu dago Udaleko udalbatzarren gela. Gainera, estropadetan irabazitako banderek antzerki itxura ematen diote.

Han egongo al dira bandera zaharrak? 1896koak, esate baterako?

Arregiren agindupean arraun egin zuten Basurto, Azkue, Alberdi, Urreta, Oliden, Aizpurua, Ezenarro, Silveti, Irigoien eta Manterolak irabazitakoak?

“Esperantza” ontziak ez al zuen arrastorik utzi gure artxiboan? Posible al da 1896ko irailean Kontxa eta Bilbo (eta Portugalete) jarraian irabazitako banderek ez al dute aipurik merezi gure udal aktetan?

Ez zen ba jai txikia antolatu herrian 1896ko iraila hartan. Bi aldiz ere ospatu egin zituzten garaipenak: irabazi ondoko musika, sua… Jai nagusia hilaren 20an: herriko bazkaria, diana, musika banda (Zumaia ala Zarautzen lortu beharrekoa), suziriak, su artifizialak,… Donostian irabazitako 1000 pezeta non xahutuko zituzten arrantzale haiek? Arregi beraren tabernan agian?

Bandera Udalari oparitu zioten, irailean 9an hala egin zuten. Bilatuko dugu banderen artean, banan bana. Aurkituko al dugu?

Beharbada, ustekabean, artxiboko txoko batean, Bilbon irabazitakoa topatuko dugu; zain, arrantzale haiek lortutako balentria neskek irabazitako bandera berrien ondoan paratzeko zain.

Arrantzaleek. Neskak. Denbora ez da alferrik pasa. Artxiboa geratzen zaigu.

David Zapirain


*Irudia: getaria.net