Bloga

Idatzitakoak artxiboan dagoenarekin bat egiten ez duenean

Asteasuko Andazarrate gainan zeuden burni eta igeltso meategietatik (San Miguel, Alerta Está, San Carlos, San Leopoldo, Ave Maria,…) Zarautzeko Moillarri ingurura minerala garraiatzeko eta untziratzeko aireko kable sistema osoa eraiki zen duela 100 urte baino gehixeago. Askok dute honen berri, Asteasu eta Zarautzen bereziki.

XX.mende hasiera zen eta meatzetako materialak itsasoko untzietara sartzeko modurik egokiena eta merkeena zirudien, hortik Europan zehar saltzeko.11 km inguruko ibilbidea okupatzen zuen kable hau burdinezko dorre batzuek eusten zuten eta bere otarretan minerala garraiatzen zen maldan behera. Asko ez, baina hiruzpalau argazki ikusi daitezke dorre, otarre eta zamatzeko tokia jasotzen dituztenak.

Ildo honetatik jo behar zuen gure abuztuko berriak, baina, informazioa ahalik eta zehatzena izan dadin, dokumentazio lanak egitea beharrezkoa da. Eta orduantxe etorri dira komeriak. Gure bilaketa egitean topatutako hainbat artikuluk diotenez, 1906 urtean eraiki omen ziren dorreak, kableak,… lehenagotik zeuden meategien beharrei erantzuteko. Eta guztiz zentzuduna dirudi, artxiboko dokumentazioa ikusita. Bertan, 1905-1906 urteen bitartean kablearen ibilbideagatik kaltetuak izango diren jabeen desjabetzak egiten dira. Baina, bapatean, “paper galduen” artean 1904 urtean Alkateak Gobernadore Zibilari bidalitako gutuna topatzen dugu: “…que dicho cable se halla instalado en condiciones tales que no puede ser legalizado sin que introduzcan en él importantes reformas…”. Sortzen dituen arazoen artean: otarrak erraz erortzen direla, leku batzuetan lurra ikutu eta landarak puskatzen dituztela, bideak gurutzatzen dituztenetan jendea adi ibili behar dela kolpeak sahiesteko. Lehenagotik badago orduan estruktura hori edo antzeko bat. Eta arazoak sortzen zituela ikusirik pentsa dezakegu 1906 urtean egindakoa beste honen kalteak eragotzi eta legeztatze baimena lortzeko egin zela. Baita hori dela argazkietan ikusten dena eta gaur egun denek aipatzen dutena, baina ez egindako lehena.

Hau argitua geratu arren, irakurri dugu ere 1923 urtean utzi zela Mollarri zamatze tokia erabiltzeaz, Alerta Está meategia itxi zutenean (diote). Baina gure artxiboan gordeta dugun 1926 urteko gutun batek dio 16 urte inguru pasa direla itxi zenetik. Beraz, 1910 urte inguruan itxi bazen Alerta Está meatzea, gainontzeko meatzeek hornituko zituzten kableko otarreak. Berrogehita hamargarren hamarkadan kable, dorre, otarre eta makina guztiak desmuntatu eta beste leku batzuetara eraman ziren.

Agian beste berriren batean, lan baldintzen, soldaten eta abarren inguruan topatutakoa erakutsiko dizuegu, baina oraingoz gauza bakar bat gehiago: gomendio bat, abuztua hilabete lasaia da eta zatozte artxibora beharrezkoa den denbora egoteko asmoz. Bost minututan dokumentazioa bilatu, fotokopiatu eta eramateko asmoa baduzute, emaitzak ez dira inoiz berdinak izango.

Amagoia Piá