Draga bat erosteko beharra
Zumaia
Urola eta Narrondo ibaiek bat egin eta itsasoratzen diren tokian
kokatutako herria da. Kokagune honek bere historia baldintzatu du
itsasora begira bizi izan den herri bilakatuz. Portu garrantzitsua
izateaz gain, ontziola garrantzitsuen kokagune ere izan da herri hau.
Gaur egun oraindik itsasoarekin lotura estua duela ezin uka.
Hala
ere, itsasadarreko trafikoa asko aldatu da azken mendean, jadanik ez da
arrunta tamaina ertaineko itsasontziak itsasargiko punta saihesten
ikustea. Egun txalupa, batel, yate eta belaontzi bat edo beste ikustea
arruntagoa da. Hala ere, noizean behin, 90 urte beteak dituen eta
herrian martxan jarraitzen duen ontziola bakarrak, Astilleros Balenciaga
S.A.-k, eraikitzen dituen ontzien uretaratzeek ikusmin handia sortzen
dute. Ontzi hauek, ordea, ezingo lirateke uretaratu itsasadarraren
mantentze-lanak egoki egingo ez balira.
Itsasadarrean
nabigatu ahal izateko oso garrantzitsua da, noizean behin, hondoa
garbitzea. Ibaiek ekartzen dituzten hondar eta lohiak hondoan eta
alboetan pilatzen joaten dira eta, kendu ezean, nabigazioa oztopatu
dezakete eta, okerrenean, ezinezkoa bihurtu. Udal aktetan behin baino
gehiagotan irakurri daitezke ibaiaren bokalea dragatzeko lanen berriak.
Lan hauek arrazoi desberdinak bultzatuta egin izan dira, baina
ziurrenik, dragatze lanik handienak 1985-1916 bitartean Zumaiako
portuaren lanen baitan burutu ziren.
Urte
horietan Zumaiako portua hobetzeko lan garrantzitsuak burutu ziren:
merkatal kaia eta itsasadarra bideratzeko dikea eraiki ziren,
Arrangoletako padura saneatu zen… Lan guzti hauek burutzeko
itsasadarreko zenbait puntu dragatu behar izan ziren. Arrangoletako
paduraren saneamentuaren kasuan, lur eremu hori itxi eta betetzea
aurreikusten zen. Baina nondik aterako zuten 32.000m2 inguruko azalera
eta 3,75m inguruko altuera zuen padura betetzeko materiala?
Dirudienez,
Arrangoletako paduratik gertu hondar-banku handi bat zegoen.
Dokumentuetan irakurtzen denez gainera, hondar-banku honen hazkundea oso
azkarra izaten ari zen azken urteetan, portuko nabigazioan oztopoak
sortuz. Hau konpondu eta pilatutako hondarrari probetxua ateratzeko
asmoz, Arrangoletako padura bertako hondarrarekin betetzea adostu zen.
Guzti hori aurrera eramateko dragatze lanak beharrezkoak ziren, baina
Zumaiak ez zuen dragarik…
Egoera
honi konponbidea emateko, 1900 urtean draga bat erosteko tramiteak hasi
zituen Zumaiako Udalak. Estatuari, Zumaiako portu berria eraikitzeko
lanetarako beharrezkoa suertatzen zen makina hau erosteko eskaera luzatu
zitzaion. Azkenean irudiko draga edo honen antzeko draga bat lortu
zutela ondorioztatzen da, lanek bere bidea jarraitu zuten eta.
Oihana Artetxe
*Irudia: Euskomedia