Bloga

Ignacio Zuloaga eta Santiago hareatza

Aurten
100 urte betetzen dira Ignacio Zuloaga margolari eibartarrak Santiago
etxea eraiki zuela. Estilo erregionalista duen etxearen diseinua Pedro
Guimón arkitekto ondarrutarrarena da. Hau XX. mendearen lehen erdiko
arkitekto esanguratsua izan zen eta Bizkaia eta Gipuzkoan etxe
partikular eta txalet ugari egin zituen. Begoñako batzokia, Artxandako
kasinoa, Ondarroako Marinelen Kofradia eta Bilboko Bankuaren eraikin
nagusia ere bere obren artean daude.

Gaur
egun Santiagon ikusgarri dagoen monumentu multzoaren lanak 1910 eta
1920 artean egin ziren. Denbora tarte horretan, Santiago etxea
eraikitzeaz gain, bertan zegoen baseliza konpondu zen eta Ignacio
Zuloagaren lantokietako bat izango zena eraiki zen, besteak beste. Finka
hau sortzeko lehen urratsa 1910. urtean eman zen, margolariak Zumaiako
udalari Santiago hareatzako lursailak erosi zizkionean. Baina zer zegoen
hareatz horretan Zuloagak monumentu multzoa sortu baino lehen?

1416ko
maiatzaren 2ko dokumentu batean Santiago hareatzari buruzko aipamen
zuzena egiten da. Getaria eta Zumaiaren arteko gogaidetasun eta
transakzio eskritura bat da eta bertan, inguru honetan bi udalerriek
dituzten mugak eta eskumenak agertzen dira. Idatzian, Santiago
hareatzan, izen bereko baseliza eta etxe bat zeudela agertzen da.
Gainera, azpimarragarria da, eskumen banaketa honetan Santiagoko
baseliza Zumaiako udalbatzak eta bizilagunek eraikia izan zela aipatzen
dela eta beraz, Zumaiarren esku geratzen zela; baita baselizaren alboan
zegoen etxetxoa ere. Inguruan hazten diren iratze eta lanadereak moztea
eta ustiatzea ere zumaiarren esku geratzen zen, baina bertan eraiki
edota landatzea debekatua zegoen bi udalbatzen baimenik gabe.

Zumaiako
udal artxiboak, Santiago hareatzan zeuden eraikinen inguruko datu
gehiago eskaintzen dizkigu gainera; batez ere hauen erabilpenaren
ingurukoak. Horrela, badakigu baselizaren alboan zegoen eraikinak
seroraren etxe eta bidaiarientzako ostatu moduan funtzionatzen zuela.
Gainera, 1577 eta 1581 urteko agiriek, hareatzan bertan kokatzen zen
ontziolan lanean jarduten zutenek ere, noizean behin, erabiltzen zutela
adierazten dute.

Dirudienez,
Santiagoko baseliza 1722an erre zen sute baten eraginez. Berreraikia
izan zen arren, 1771 urtean ateak itxi zituen. Udalarentzat gastu bat
besterik ez omen zen eta aurrerantzean jabetza hauek errentan ematen
hasi zen.

Oihana Artetxe