Bloga

Itzurun hondartzako “Bainu Beroak”

Uda
garaian hondartzara joateko ohitura dugu. Eguzki izpi beroek gure azal
eta muskuluak epel ditzaten edota berotik ihes itsasoko uretan
preskatzeko desioz gerturatzen gara kostaldera. Itzurun hondartza
ikusgarria, Santiagoko hareatza zabala eta Algorri harralde lasaia;
Zumaiak aukera paregabeak eskaintzen ditu itsasertzaz gozatzeko.

Hondartzara
eguzkia hartzera eta bainatzera joate hau, ordea, usadio nahiko berria
da. Gure kostaldean XIX. mendearen erdi aldean hasi zen orokortzen,
itsasoko urak zituen onura osasungarriak ezagutzera ematean. Honekin
batera kostaldeko herriak gune turistiko bilakatu ziren eta bisitari
berrien beharrei erantzuteko asmoz azpiegitura turistikoak garatzen hasi
ziren.

Zumaiaren
kasuan turismo mota hau ez zen XX. mendearen hasiera arte garatu.
Hondartza desberdinak egon arren, itsas-bainuetan Itzurun hondartza izan
zen protagonista nagusia. Udal artxiboko dokumentazioan agertzen denez,
1900 eta 1925 bitartean eremu horretako itsasbazterra egokitzeko
zenbait lan burutu ziren. Alde batetik, Itzurunera gerturatzeko bidea
egin zen bisitariei bertaratzea errazteko asmoz. Bestalde, zerbitzu
desberdinak sortu ziren.

Hondartza
honetan eskaintzen zen zerbitzurik zaharrena “Bainu Beroak” izenekoa
zen. Itzurun hondartzarako bidea egin baino lehenagoko zerbitzua izan
zen hau. Bidasorotarrak ziren Itzurungo hondartzaren gainean kokatzen
zen bainu-etxe antzeko hau kudeatzen zutenak. Itsasoko ura berotzeko
erabiltzen zen labe bat eta bainuak hartzeko gunea zituen eraikuntza bat
zen. 1900 urte inguruan, bidea egokitzeko lanekin hasi zirenean,
zerbitzu hau eskaintzeko beharrezkoa zen azpiegitura puzkatu zuten.
Egoera honen aurrean eta bere ogibidearekin jarraitzeko asmoz, Bidasoro
familiak Udalari berriro azpiegitura horiek eraikitzeko eskaera luzatu
zion. “Bainu Beroak” berriro jarri ziren martxan, baina hauen kudeaketan
arazoren bat edo beste egon zela ematen du. 1925eko dokumentuetan
Joaquin Bidasoro Gurruchagak, bere burua “bañero” bezela aurkezten
duenak, “Bainu Beroen” eraikina berea dela baina hau kokatuta dagoen
lurra udalarena dela eta, Udalari lur zati hori erosteko eskaintza
luzatu zion. Udalak ordea ezezkoa eman zion erosketa proposamenari,
baina 5 urterako lur sail horren erabilera beraiei izendatzea lortu zuen
familiak. Gainera, 5 urte horiek bukatu eta zerbitzua enkantera
ateratzean beraiek lehentasuna izatea adostu zen.

“Bainu Beroak” kudeatzeaz gain, Bidasoro familia Itzurun hondartzako gainontzeko zerbitzuak kudeatzeaz ere arduratu zen.

Oihana Artetxe

*Irudia: Zumaiako Fototeka