Bloga

Kaderazar: frantsez ttippiaren abentura eta malura gehiago

Mugerren
jaio zela bagenekien. Orain arte hori 1772. urtean gertatu zela uste
genuen. Zalantza dugu, baina, ez ote zen 1769ean izan. Urte batean ala
bestean, bere bizitza ez zen asko aldatuko. Ogibidea zapatugilea ala
zapatu saltzailea zuen. Zapaterillo francés deitzen zioten ere Pedro
Kaderazar jaiotzez zen Frantses ttippiari.

Txikia
izanagatik, haren etsaiengan beldurra sortarazten zuen. Etsaiek loratu
zuten eta haren bizkortasuna eta trebezia. Etsaia loratzea nork bere
burua zuritzeko bide makala ez da.

Bidaiak, lapurretak, ihesaldiak, amodioa, jaiak,…

Balentriak ala miseriak ote?

Haien berri Bandoleros vascos liburuan eman genituen.

Han, Melillan utzi genuen Frantxes ttipia; aske. Edo askatasuna berreskuratuta. 1816. urtea zen.

Zenbat
urte preso? 15 pasatxo? Ez zen kopuru oso ohikoa. Ez du ematen osorik
betetzea ohikoa zenik ere. Beste lagunen ihesaldiak, bat baino gehiago
dokumentatu genuen eta. Jakin mina betiko izango dugu: Ederrekin eta
haurrarekin elkartzea lortuko al zuen? Mugerrera itzuliko al zen? Ala
Iruñera eta Oiartzuna? Edo Elgoibar ala Ermura? 20 urterekin izan ez
zuen etorkizuna 45 beteta orainaldia bihurtuko al zitzaion?

Hara non, ustekabean, Beethovenen Wellingtons Sieg, op. 91-k loratzen zuen gertakizunean topatu dugu Kaderazar!

Ta zer egiten zuen ba gure gizonak Gasteizen 1813ko ekainean?

Izan
ere, heriotza zigorra ezarri ez bazioten ere, agian Giñi eta Agirre
hiltzearekin agintariak ase zirelako, ordainean Filipinetan 10 urte pasa
behar zituen. Hango presondegi militarrean bortxazko lanetan.

1813ko azaroan, berriz, epailearena urrean agertzen da deklarazioa ematen, beste behin ere (GAO: CO CRI 1813-2).

1802.
urtean epaitua eta zigortua izan ondoren, Kaderazar ezin izan zuten
Filipinetara bidali. Jada ez zegoen modurik preso bat hara
erbesteratzeko. Horregatik, La Motako presondegi militarrean atxiki
zuten. Herrialdeko presondegirik makurrena zen hura.

1811ko
urtarrilean, berriz, frantsesek Gasteizera eraman zuten, beste 41
presokin batera. Han, lan publikoetan izan zituzten, behartuak; katez
loturik.

1813ko
ekainaren 21an, baina, San Prudentzioko elizan aurkitu zituen ofizial
ingeles batek; honek presoak askatzeko zaindariari esan bezain pronto,
hauek ospa egin zuten, katea eta guztiz. Zaindariek ez zuten ezta
giltzarrapoak irekitzeko betarik izan. Alava jeneralak Gipuzkoako
batailoietan erroldatu omen zuen Kaderazar. Muñoz izeneko ofizialaren
bidez, Ugartemendia koronelak zaintzalditarako (“guarda de prevención”)
hartzen du.

Gipuzkoan
bueltan, Kaderazarren izena ez zen oharkabean pasa eta Gipuzkoako Buru
politikoak, Antonio Garces Marcillak, Frantses ttippia atxilotzea
erabakitzen du. Berarekin batera, antzeko egoeran zeuden beste bi lagun.

Hernaniko
udalak, han epaitu baitzuten azkenengoz, garraio faltagatik zigorra
Filipinetan bete ez duela eta La Motan eta Gasteizen preso egon dela
baieztatzen du.

Epaileak
Kaderazarrek zigorra bete duen ala ez erabaki behar du. Fiskalak
zigorra bete gabe dagoela argudiatzen du. La Motan egoteari zigorra
izatea ez deritzo. Han, askatasun zibilik eta zaintzapean bai, baina
diru publikoz mantendu dute eta Gasteizen lan behartuetan izan bada
ere, Donostiako egonaldia arin aizan da: “no se puede poner en balanza
con los duros y penosos travajos que hubiera padecido en los expresados
presidios juntamente con otras privaciones consiguientes a todo
presidiario“.

La
Motan gorriak pasa zituzten presoek, batez ere 1798. urtetik aurrera,
orduko ihesaldi masiboaren ondoren. Baina bistan da zer den eskatzen
zena: zigorra ez da isolamendua, bakardadea, sustraitik moztea… horrekin
batera egindakoaren sufrimendua fisikoaren bidezko erredentzioa
aldarrikatzen da.

Ondorioz,
dela Filipinetan 10 urtez dela Afrikan 8 bete beharko duela dio. (Hau
da, Kaderazar bi zigor ezarri zizkioten; bata Hernaniko asaltoagatik eta
beste bat Araetan izandako lapurretagatik. Eta lehena da aitzat hartu
zena).

Kaderazarren
defendatzaileak, ordea, honek zigorra soberan bete duela dio. Izan ere,
La Motan preso izatea egon daiteken zigorrik krudelenetakoa da: “uno de
los sitios mas destructores de la humanidad y reserbado para reclusión
de hombres convencidos de los mas atroces crimenes y condenados
consiguientemente a castigos los más exemplares, por lo mismo en los
años de estancia en dicho Castillo, sufrió mi defendido
incomparablemente mayores amarguras y opresion que huviera tenido en el
presidio a que estaba destinado por lo que y ser indudable que aun se
hallaba pribado de la comunicación con gentes y otras varias comodidades
de que el presidiario goza”.

Gainera,
Gasteizen ere kateatua izan dute (“arrejado”), etengabeko umiliazioan.
Hau ere, presondegian egotea baino okerragoa izan da. Kaderazarrek bere
burua bolondres aurkeztu izan ez balu, libre egongo zela gaineratzen du.

Ebazpena Kaderazarren aurkakoa da; Ferrolgo presondegira bi urtez. Helegitea, baina, okerragoa: hiru urtez.

Esan
bezala, ez du ematen Kaderazar Ferrolera irits izenik. Litekeena da
agintariek beste preso bidalketa bat profitatu eta Frantses ttipia
Melillara igortzea Ferrolen ordez. Han, behintzat, lizentziatu zuten
1816. urtean.

10 urteak aise beteak.

David Zapirain