Azpiegiturak
Modan dugun hitza: Azpiegiturak. Beharrezkoak ditugu gizarte modernoan: Zerbitzuak.
Gure nagusiek hitz horiek ez zituzten erabiliko, baina herri bakoitzean oinarrizko zerbitzuak ematen zituzten azpiegiturak egon, bazeuden. Auzokoen sozializaziorako ere ezinbesteko bilguneak ziren haiek. Gainera, teknikak hobetu eta herritarren beharrak ugaritu ahala, garaiko azpiegiturak berritzen zituzten gure aurrekoek. Hori zen, hain zuzen ere, udalaren lanetariko bat.
Azpiegitura edo bilgune horietako batzuk ezagunak ditugu Asteasun, erabilera asko aldatu arren. Adibidez, Mataderoa. Hiltegia ere esango diogu, baina Asteasun mataderoa da hiltegi bezala erabili izan duguna, ezta?
Gure artxiboan ikusi dugunez, 1880 urtean oso zaharkitua zegoela eta bertan behera bota zuten berria eraikitzeko Garai hartako espedientean aurrekontuak eta planoak gorde dira. Plano ederrak benetan eta esan beharrik ez dago artxiboan dauden zaharrenetakoak izango direla.
100 urte beranduago, 1993 urtean, Mataderoa erabilerarik gabe eta erortzear zegoen. Udalak eraikuntza berriro bota eta bertan zaharren egoitza bat egiteko berreraiki zuten. Julian Lizardi izena jarri zioten, Asteasuko martiriarena (honi buruz ere beste egunen batean hitz egingo degu). Bigarren funtzio honek ordea ez du denbora luzean iraun. Bertako biztanleak Betanira eraman dituzte eta Mataderoa hutsik geratu da.
Honela, Udalak eraikuntzari beste erabilera bat eman nahi dio eta horretarako herria bildu nahi du, han bertan, Mataderoan, eta entzun nahi ditu bertan ikusitako gertakizun, ohitura eta kontu guztiak. Ondoren, horien arabera, berriak zein ildotik joango diren irudikatzen saiatzeko.
Amagoia PiĆ” eta David Zapirain