Bloga

Zegamak hiribildu titulua eskuratu zuenekoa: 400. urteurrenaren inguruko ospakizunak

Zegama
Seguratik banandu zela lau mende egiten dituen 2015 urte honetan,
Udalak hainbat ekimen antolatu ditu. Horien artean, otsailak 6 dituela,
arratsaldeko 18’00tan Zegaman bertan burutuko den hitzaldia dago. Iago
Irixoak “Zegama: auzotik hiribildura (1384-1615)” lelopean, herri honek urte horien artean izan zuen bilakaera aztertuko du.

Izan
ere, Zegamak hiribildu titulua eskuratzea, ezin daiteke aurreko
mendeetan jazo ziren gertakariengandik bananduta ulertu; bereziki
Segurarekin auzotartze-hitzarmena egin zuenetik: 1384tik, alegia.
Ordutik, eta XVII. mendera arte, herriaren Historia ezin da
hiribilduarenetik aldenduta ikusi. Era berean, auzotartzea eta
independentzia ez ziren kontu isolatutak izan. Aitzitik, Gipuzkoa mailan
jazotzen ari zen mugimendu sakonen seinale ere baziren. Ondorioz, bi
ekintza horiek ardatz hartuta, inguratu zituen gertakariak azalduko
ditu, baina beti ere Zegamari dagozkion datuak azpimarratuz.