Zegamaren independentzia 1615ean. 400 urte irudietan
Zegamak orain 400 urte lortu zuen independentzia. Hori dela eta, Zegamako udalak erakusketa bat antolatu du. Argazkiak, grabaduak, mapak, taulak eta idatziak prozesu hori ulertzeko lagungarriak ditugu, orain laburbildurik aurkezten duguna.
Lorpen hau baino lehenago, beste maila juridiko bat izan zuen eta beste Udal erakunde baten gobernuaren menpe egon zen.
Zegamaren independentziaren sustraiak bilatzeko Erdi Aro betera egin behar da atzera. 1320an agertzen da Zegama lehen aldiz dokumentu batean idatzita. 64 urte beranduago, Zegama, eskualdeko beste herrixkekin batera, Segura hiribildura auzotuko da. Honen zergatia? Garai hartako segurtasun eza. Lapurretek, erasoek, erailketek eta banderizoen arteko liskarrek Segura hiribilduko harresiek eskaintzen zuten babesaren beharra sustatu zuten.
200 urte baino gehiagoz bizi izan zen Zegama Seguraren menpe. Auzokoak Segurako alkateak epaitzen zituen; honek, gainera, Zegamarren gaineko eskumen fiskal eta militarrak zituen. Denborarekin, Segurak zituen Zegamaren gaineko eskumen hauek liskar ugariren iturri izan ziren, batez ere XVI. mendetik aurrera. Garai hartan, Zegamak eta Seguraren menpeko eskualdeko gainontzeko herrixkek, desadostasun nabariak izan zituzten Segurako erregimenduak ezarritako zerga errepartimendu eta inposaturiko beste zenbait betebeharrengatik. Mende horren bukaeran, ezinegon horiek liskar judizial bihurtu ziren.
Legazpiak 1608an lortu zuen Seguratik bereiztea. Honek independentzia nahi zuten gainontzeko herrixkei bidea zabaldu zien. Bi egoerek lagundu zuten helburua lortzen. Alde batetik, Gaztelako monarkian guda egoerak sortutako gastuek diru-sartze beharra ekarri zuten eta hau lortzeko baliabide bat hiribildu tituluen salmenta izan zen. Bestalde, Donostia eta Tolosa, Ordizia eta Segura aurrez aurre ipini zituen Gipuzkoako Batzar Nagusien kontrol politikoaren borroka. Hiru hiribildu horien garrantzia, hauetara auzotutako herrixkek ematen zituzten boto kopuruan zegoen. Horiek gabe, boto portzentaiak nabarmen egiten zuen behera Donostiaren alde. Beraz, hau izan zen 1615ean probintzian eman zen herrixken banatze mugimenduaren arrazoi nagusiena.
Horrela, 1615eko urtarrilaren 26ko errege eskumenaren idazpenaren bidez Zegamaren desanexioa sinatu zen. Felipe III. Gaztelako erregearen baieztapena eta botere hartzearen mandatua urte bereko otsailaren 4koak dira. Beraz, Zegama hiribildu burujabea zen jadanik. Aurrerantzean, auzotarren artean sorturiko lehen instantziako liskarrak epaitzeko alkatea eta sortu berri zen Udalbatza osatzen zuten zenbait udal kargu izango zituen.
Hiribilduko titulua lortzea, ordea, oso garestia izan zen; ia hiru milioi marai izan ziren Zegamak ordaindu zuena. Gara hartan 310 auzotar zituen hiribilduak eta bakoitzari 25 dukateko ordaina egokitu zitzaion. 3.571.875 maraiko mailegu bat eskatu behar izan zen ordainketari aurre egiteko eta, urte batzuk beranduago, zorrari aurre egin ahal izateko udal lurren salmentari ekin zitzaion.
Lortutako nortasun berriarekin, Zegama, probintziako botere organoetako partaide izango da hiribildu burujabe bezala. Hala ere, 1615eko otsailean estreinatutako izaera berri honek ez zituen auzokoen arazoak desagerrarazi; bai, ordea, hauen kudeaketa beraien esku utzi.
Juan Carlos Mora