Bloga

Urola zeharkatuz

Uda
garaia iristen denean, Zumaian Urolako itsasadarra zeharkatzen duen
ontzi zerbitzua jartzen da martxan. Gehienek herrigunetik Santiago
hondartzarako joan etorria egiteko baliatzen dute. Zerbitzu honek,
ordea, Zumaiako historian sakontzen den sustrai luzea du.

Herriaren
garapenari erreparatzen badiogu, Zumaiaren itsuraldaketa ikusgarriaz
ohartzen gara. Garai batean, gaur egun alde zaharra kokatzen den muinoa,
urez eta padurez inguratua zegoen eta Getaria eta Zumaia lotzen zituen
bidearentzat Urola ibaiaren itsasadarra eten bat zen. Horrela,
Getariatik Zumaiara edo Zumaiatik Getariara joan nahi zuenak itsasadarra
zeharkatzeko beharrarekin egiten zuen topo. Bide hau gainera,
Probintziako hiru bide nagusienetariko bat zen, Bizkaia eta Frantzia
lotzen zituen ibilbidea hain zuzen.

Komunikabideak
zuen oztopo hau gainditzeko, Urola zeharkatzen zuen ontzi zerbitzua
jarri zen abian. Kostaldeko herrietan horrelako zerbitzuak topatzea
nahiko arrunta izan ohi da; portu eta baietan bidaiariak alde batetik
bestera eramatea beharrezkoa baitzen. Zumaiak izan zuen lehen
herri-zerbitzua izan zela esan daiteke.

Bidaiari
ontzi honen inguruko lehen aipamenak 1583ko udal aktetan topatu ditugu.
XVI. mendeko idatziek, ordea, ez dute zerbitzu honi buruzko informazio
gehiegirik eskaintzen. Hori bai, 1585 urterako bidaiari ontziaren
zerbitzua Udalak enkantean jartzen zuela ematen da aditzera. Gainera,
urte horretan bertan, enkantea irabazten duenak ontzi berria eraikitzeko
ardura izango duela jakinarazten da. XVI. mende bukaerako idatzi hauek
Urolako itsasadarra zeharkatzen zuen ontzi zerbitzua lehenagotik martxan
zegoela adierazten digute.

Behin
XVII. mendean sartuta berriak ugaritu egiten dira. Udalak enkantean
jartzen jarraitzen zuen bidaiari ontziaren zerbitzua, honen kudeaketa
eskaintzaile onenak eramaten zuelarik. Udala ontzia eraiki eta
konpontzeaz arduratzen zen, baina errentariak bi baldintza bete behar
izaten zituen:

– Zumaiarrak ontzian alde batetik bestera doan eramatea.

– Bere kontura ontzia urtean bi aldiz karenatzea.

1690eko
agiri batek ontziaren enkantea Jose Iriarteren aldekoa izan zela
erakusten digu. Urtean 17 dukat ordaintzeko eskaintza eginez 4 urterako
kudeaketa lortu zuen. Kontsultatutako agirien arabera, ontziaren
kudeaketa 4-6 urte bitartekoa izaten zen eta honekin Udalak lortzen
zituen etekinak oso desberdinak izan zitezkeen enkantetik enkantera.
Hala ere, etekinak etekin, Udalarentzat ezinbesteko zerbitzua zen
bidaiari ontzia.

Erabilerarekin
ontziak konponketa ugari behar izaten zituela pentsatzekoa da.
Zenbaitetan ontzi berria egiteko beharra ere suertatzen zen, Udalaren
ezintasun ekonomikoa agerian geratzen da sarri horrelakoetan. Ontzi
berria eraikitzeko ezintasunak ontzi zaharra behin eta berriz konpondu
behar izatera eramaten zuen. Herria Donostiako bide komertzialarekin
lotzen zuen bidaiari zerbitzu hau oztopoko guztien gainetik mantentzen
saiatu zen Udala. Mendeetan luzatu zen; itxura denez 1886an kostaldeko
bideak Zumaia eta Getaria lotu zituen arte.

Oihana Artetxe