Bloga

Haurtzaroa eta hezkuntza Villabonan

Ongi
dakigu, bai. Hezkuntza edozein gizarteren euskarri nagusienetako bat
da. Hezkuntzarik gabeko herria, atzera doan herria da. Hezkuntza
abiapuntua da, baita haurren garapenean ere.

Haurrek
beraz, hezkuntza behar dute. Noski. Baina haurtzaroa ere. Hezkuntza eta
haurtzaroa. Gaur egun, hauek luzeegiak direla esan ohi da. Dena eskura
dutenez ez omen diote inoiz haur izateari uzten.

Garai
batean oso bestelakoak ziren kontuak. Villabonan topatu dugun agiri
batean ikusiko dugun bezala, adibidez. Bertan, duela 100 urte eskas gure
gizartearen hezkuntza eta haurtzaroa nolakoak ziren ikusi dezakegu.

Agiri
horretan irakasleak zerrenda bat egiten du. Eskolara zioazen haurren
zerrenda. Bertan, asistentzia, egoera, ardurak, adina eta mota
guztietako oharrak biltzen zituen. Kasu honetan mutikoen izen-emateak
bakarrik topatu ditugu, jakin badakigun arren neskenak ere egiten
zirela.

Villabona
osoan 82 mutiko matrikulatu ziren 1911-1912 urteko kurtsoan. Hauek
Lehen Hezkuntzakoak ziren, hau da, 6 eta 11 urte bitartekoak. Zerrenda
honetan iraila eta abendua bitarteko egoera jasotzen da. 4 hilabete
horietan (oporrak kenduta guztira 92 lan egun) 40 haurrek 50 egun baino
gehiago egin zuten kale. Beraz, haurren erdiak klase erdiak (edo
gehiago) galdu zituzten.

Ikusgarria
ezta? Ba hunkigarriena arrazoiak dira: “ausencia” (oso gutxi),
“enfermedad” (gutxi batzuk), “las fábricas, ocupaciones, abandono”
(asko, gehiegi) eta “desconocidas” (erdia inguru). 3 orduz bakarrik joan
behar ziren eskolara. 3 bakarrik izan arren, erdiak ezin zuen joan
auskalo zergatik, irakasleak berak ere ez zekien. Guk argi dugu:
“Fábricas, ocupaciones, abandono”. Ziur.

Guzti
hau larria bada, irakurri irakasleak amaieran idazten duena:
“…observase que el número de matriculados es muy inferior al total del
curso escolar de la población, sin que esté justificada la causa de su
no asistencia a esta escuela única”. Izen emandako 82 mutiko horiek
erdia baino gutxiago dira. 6 eta 11 urte bitarteko beste 82-100 haurrek
izen-ematea bera ere ez zuten egin.

Hezkuntzarik
gabeko gizartea, gizarte pobrea da. Gizarte pobrea, haurtzarorik gabeko
gizartea da. Segida honekin bukatzea nahitaezkoa da etorkizuna
aldatzeko.

Amagoia Piá