Getariarren Kontxako Lehen Bandera
Iraila
hilabete berezia izaten da kostako herrientzat. Lehen eta bigarren
igandeak gorriz borobilduta egoten dira Euskal Herriko itsasertzeko
egutegietan. Gehien bat arraun elkarteak dituzten herrietan. Hauek, oso
ondo dakite igande horietan Donostiako Kontxako estropadarako zita
dutela.
Getariak
1976. urtetik du Arraun Elkartea; ordurako, ordea, arraun tradizioa oso
sustraitua zegoen herrian. Arrantzale herria izanik, arrain-sardara
azkar iritsi, sarea bota eta bira bizkor egiten zekiten eskarmentu
handiko traineru arraunlariak zituen. Arraun munduko iturriak
kontsultatuz, Gipuzkoan dokumentatuta dagoen estropada zaharrena Getaria
eta Zarautzeko tripulazioen artekoa dela jakin dugu. Dirudienez,
1761eko maiatzaren 2an jokatu zen, Moilarritik Donostiako kaira. Desafio
honetan parte hartzen zuen traineru bakoitzak 11 gizonez osatutako
tripulazioa zuen eta irabazleak 100 ezkutu jasoko zituen aurkariaren
aldetik. Tamalez, ezin izan dugu jakin nor izan zen estropada aitzindari
honetako irabazlea.
Gaurkoan
XIX. mende bukaerara egingo dugu atzera, estropadak antolatzen hasi
ziren garaira. Gaur egun egiten diren estropaden artean Donostiako
Kontxako Bandera da Bizkaiko golkoan ospatzen den estropada zaharrena.
1879. urtean ospatu zen lehen aldiz norgehiagoka hau, Donostiako Udako
jaien egitarauko ekintza bezela. Lehen estropada hartan elkarren artean
desafioan zeuden tripulazioak gonbidatu zituzten. Arrakasta handia izan
zuen ikuskizunak eta urtero errepikatzeko erabakia hartu zuten
Donostiarrek. Geroztik, arraun mundua asko aldatu den arren, estropada
honek txoko berezia izaten jarraitzen du arraunlari eta arraun zaleen
artean.
Eta noiz
hartu zuen parte lehen aldiz Getariak Kontxako estropadan? 1881ean izan
zen. Estropada hori antolatzen zen hirugarren edizioa zen eta
Hondarribiako traineruak irabazi zuen bandera. 1890 eta 1891 urteko
edizioetan Getariako trainerua bigarren geratu zen; garai hartan
nagusitasuna zuen Donostiako traineruaren atzetik. 1895. urteko edizioan
berriz, Frantzisko Arregi patroi zuen Getariako “Nuestra Señora de la
Paz” traineruak Kontxako bandera irabaztea lortu zuen. Pasaia, Orio (San
Telmo eta San Jose traineruekin) eta Zumaiarekin lehiatu zen. Bigarren
izan zen Pasaiari 26 segundu atera zizkion Getariak. Aurten, beraz,
Getariako traineru batek lehen Kontxako bandera lortu zueneko 120 urte
betetzen dira.
Ordudanik
5 Kontxako Bandera lortu ditu Getariak (1895, 1896, 1900, 1903 eta
1911), horietariko hiru Frantzisko Arregi patroi lanetan zela (1895,
1896 eta 1903). 1896. urtean gainera, Kontxako Bandera irabazteaz gain,
Bilboko estropadan ere garaile izan ziren; “Esperanza” izeneko Getariako
trainerua urteko traineru onenean bilakatu zen horrela. Iaz
kaleratutako Artzape batean islatu genuen bezela, Getarian ederki ospatu
zen tripulazioaren nagusitasuna.
Oihana Artetxe
*Argazkia: Euskomedia Fundazioa