Bloga

Ez dadila arrain gazitudun kupelik herrigunean egon!

Getariak
izan duen industria garrantzitsuena arrain kontserba izan da. Herri
arrantzalea izanik, arraina kontserbatzeko teknikak aspaldidanik ezagutu
eta erabili izan dira. XVI. eta XVII. mendeetan arrain gaziketa eta
eskabetxea ekoizten zuten lantegiak baziren jadanik.

Hasiera
batean, teknika hauek, norberaren kontsumora zuzendutako arraina
kontsarbatzeko erabiltzen ziren. Hauek, ordea, laster eman zuten
salmentarako produktuak ekoizterako pausoa. Etxeetan ekoizten ziren
produktuak izatetik, produkzio industrialerako saltoa eman zuten; batez
ere XIX. mende amaierako teknologia berrikuntzei esker. Arrantza eta
arrain kontserba Getariako diru iturri nagusiak izan dira luzaroan.

Arrain
gazitua eta eskabetxea ekoizteko lantegiak etxe azpietan kokatu ziren
Getarian. Herriko kaleetan ohikoa zen arrain gazituaren kontserba
prozesua ikustea. Produktua herrigunean ekoiztu eta produktua
herrigunean biltzen zen. Horrela izan zen 1919ra arte. Urte horretan,
Probintziako Osasun-diputatuak arrain gazitua ekoizten zuten industriei
produktua herrigunean gordetzea debekatu zien. Imaginatu dezakezue
agindu honek herrian sortu zuen ustekabea, are eta gehiago arrain
gazituaren produkzioa herriguneko etxe azpitan egiten zela kontutan
izanik. Ziurrenik osasun kontuengatik hartutako neurri honek, arrain
gazitua gordetzen zuten kupelei toki berri bat bilatu beharra ekarri
zuen.

Artxiboan
gordetzen den 1919ko uztailaren 6ko idatziak jasotzen duenez, arrain
gazitua ekoizten zuten industriei kalte handiak ekarri zizkien erabaki
bat izan zen hau. Getariak ez zuen horrelako produktuak biltegiratzeko
behar adinako lursailik herrigunetik kanpo. Herriko aberastasun
industrial bakarra gazitze-industria zela ikusirik, neurri honengatik
kaltetutako enpresariei ahalik eta erraztasun handienak emateko prest
agertu zen Udala. Ez hori bakarrik, beharrezkoa zuten biltegia egiteko
lursaila lortzeko kudeaketaren ardura bere gain hartu zuen.

Rodriguez
eta Balentziaga jaunak izendatu zituen arrantzale aterpetxearen alboan
zegoen eta Estatuarena zen lursaila bereganatzeko. Udalaren asmoa,
bertan arrain gazitu kupelak gordetzeko biltegia eraikitzea zen.
Eskatutako lurrak, ordea, eskatzaile gehiago zituen eta horrek egoera
luzatu zuela dirudi. Artxiboa kontsultatuz ez dugu biltegi hori egin zen
edo ez jakiterik lortu. Hori bai, dirudienez, enpresari batek edo
bestek beren biltegi propioa egitea erabaki zuten. Hori izan zen Miguel
Alegriaren kasua, zeinek arropa garbitzeko herriko harraskaren ondoan
arrain gazitu kupelak gordetzeko nabe bat eraikitzeko baimena eskatu
zuen, agindu berriak sortutako beharrei aurre egiteko.

Oihana Artetxe