Zumaia zinezalea
Zumaiak
XX. mendearekin batera ezagutu zuen turismoaren hasiera. Bisitariak
udako hilabeteak herrian igarotzera etortzen ziren eta, hauen egonaldia
interesgarriagoa bihurtzeko asmoarekin udalak zenbait ekitaldi
antolatzen zituen. Testuinguru honetan azaldu ziren lehen zine
emanaldiak Zumaian. Jarduera honen berri ematen digun lehen dokumentua
1904koa da. Bertan, Cesar Marqués eta Manuel Ignacio Espinarrek San
Pedro jaietan zinematografo bana jartzeko baimena eskatzen dutela
islatzen da.
Hasiera
batean zinematografoa jartzeko baimen eskaerak San Pedro jaietarako
ziren; apurka, ordea, udako bisitariei jaramon eginez, uda osoko
baimenak izatera pasa ziren. Lehenik abuztuan bakarrik, ondoren
uztailaren 1etik irailaren 15era. Zinematografo hauek, gehienetan,
plazako arkupean jarri ohi ziren eta emanaldiak gauez edo ilunabarra
aurretik izaten ziren, arkupeak merkaturako libre uzteko. Zinematografo
ibiltari hauek muntatzeko baimen eskaerak 1916 arte luzatzen dira
gutxienez. Ziurrenik, azpiegitura iraunkorragoak agertzen haziak
zirelako.
Turismoaren
gorakadak azpiegitura turistikoen beharra sortu zuen herrian eta
horietako garrantzitsuena Amaya izeneko hotela eta antzokia izan zen.
Zumaiara gerturatzen ziren bisitariei ostatua emateaz gain, Amayak zine
areto bat eskaini zion herriari. Eta ez herriari soilik, 1940 eta 1950
hamarkadetan, adibidez, igandetan eta jai egunetan Arroa eta Zestoatik,
jende ugari etortzen zen Amayara, Azpeitia eta Azkoitiatik gutxiago.
Osteguneko edo larunbateko pelikula “berdea” baldin bazen (“4-Gravemente
peligrosa”) berriz, Zumaia bertatik eta Arroatik jende andana
gerturatzen zen, Azpeitia eta Azkoitiatik gutxi, joan-etorria nola egin
arazo izando zutelako, ziur aski. Hotel eta antzoki honen ateak XX.
mendeko hogeigarren hamarkadan zabaldu ziren arren, geldialdi luze bat
ezagutu zuen 1936-39ko gerraren ondorioz. 1943an zabaldu zituen berriro
bere ateak. Baina nagusiak beste batzuek ziren, gerra aurrekoak
abertzaleak eta ondorengoak frankistak.
Bitarte
horretan “Maitena” zinea zabaldu zen herrian. Bi zine areto horiekin
Zumaian pelikula eskaintza benetan zabala izan zen. Jaiotzez udako
bisitariei zuzendutako eskaintza, zumaiar eta inguruko guztien gozagarri
bihurtu baitzen. Dena den, herri txiki batean bi zine areto izatea ez
zen txantxetako kontua. Bi zine aretoek oso lehiakor jokatzea beste
biderik ez zuten eta honen ispilu bezala udan Maitenak, Amayaren udako
programazio ikaragarri zabalaren aurrean, astean behin, betiko hiru
filmez gain, haurrentzat eta gaztetxoentzat egun berezi bat jarri zuen,
marrazki bizidun (“Pato Donald”, “Tio Gilito”, “Goofy” eta abar) eta
komikoekin (Buster Keaton, Charlot, Harold Lloyd eta abar). Baina,
Maitenara beti jende gutxiago joaten zen, hala ere nahikoa zela uste
dugu. Kontua da Maitena 1952an itxi egin zutela. Amayarentzat Maitenaren
itxiera onuragarria izan zen, baina Udalari ordaintzen zion luxoaren
gaineko zergaren handitzea ere suposatu zion.
1959an,
“Acción Católica de Padres de Familia” zeritzon elkarteak Maitena zine
aretoa kudeatzeko eskaria egin zuen. Zinetik ateratako dirua gazteen
heziketa eta formakuntzarako erabiltzeko helburua zuela ikusirik, Udalak
lizentzia eman zion. Maitenak berriro zabaldu zituen ateak eta elkarte
honek zine programazioari eutsi zion. Zumaiak bi zine areto zituen
berriro.
Urte
horretan bertan, eta guraso elkarte honen ekimenez, zineforum saioak
eskaintzen hasi ziren Maitena aretoan. Ignazio Alvarez eta Abelin
Linazisorok hartu zuten saio hauen gaineko ardura. Saio hauek
hamabostean behin eguerdiko 12etan izaten ziren eta pelikularen aurkezle
lana hartzen zuena Donostiatik etortzen zen. Pelikula aurkeztu, ikusi,
eta ondoren eztabaida saioa egiten zen. Jendez lepo betetzen zen aretoa,
frankismoan eztabaida ezinezko gaiak elkarrizketatzeko aukera ematen
zuelako. Ekimen honek 1964ko apirilaren erdira arte iraun zuen eta
saioak urrian hasi eta hurrengo urteko Aste Santuko aurreko astera arte
izaten ziren.
Maitenako
zine emanaldiak ostegun, larunbat eta igandetan izaten ziren eta
Amayakoak, berriz, astearte, ostegun, larunbat eta igandetan. Bi
aretoetan jai egunetan ere bai, noski. 1960tik aurrera bi zine aretoetan
larunbateko edo igandeko pelikuletatik arrakasta handiena izan zuena
astelehenean berriro botatzen zuten. Amayakoek, hotelaren jabe izateak
ematen zien lasaitasunarekin, 1951ean hasi eta 1968 arte, uztailan eta
abuztuan egunero pelikula desberdin bat bota zuten. Hau da, udako bi
hilabete horietan 62 pelikula ikusteko aukera eskaintzen zuten.
Horrelako eskaintzarekin nor ez zen zinezale bihurtuko? Gaur egun
pentsaezina da.
Maitena
zinea kudeatu zuen guraso elkarteak 1965an Plan Partzialeko bigarren
zenbakidun partzelan, zine eta gizarte-zentroa bateratuko zituen
eraikina egiteko proposamena egin zuen. Udalak begi onez ikusi eta gaur
egun herrian dugun Aita Mari antzokia eraiki zen. Bestalde, Amaya
antzokiak 1973an itxi zituen bere ateak nagusien arteko barne arazoei
aurre egin ezinik. Itxiera tristea izan zen herritarrentzat; urte
luzetako zine eskaintza paregabeari agur esan beharra.
Amayaren
itxierak, ordea, ez zuen herriko zinezaletasuna itzali. Aspaldi
ereindako haziek bere fruituak emanak zituzten jadanik. Zumaian zineak
irabazia zuen bere txokoa. Kasu honetan gainera, desagerpen batek
agerpen bat ekarri zuen. Gazte koadrila bat bildu eta urte horretan
Zumaiako Zine-kluba sortu zuten, eta honek 1964an eten zen zineforum
saioei jarraipena eman zien. Orainaldira bitarteko kate-maila berri bat
sortu zela esan daiteke. Izan ere, zenbait etenaldirekin bada ere, zine
emanaldiek eta zineforum saioek gaur egunerarte jarraitu dute. Gogoan
izan, udazkenaren etorrerarekin batera Ostarrena Zine-klubak zineforum
saioei hasiera ematen diela jada.
Oihana Artetxe
Oharra: Artxiboan lorturiko eta Abelinek eskainitako informazioarekin osatutako idatzia