Bloga

Goiko Ospitalea

Gabon
garaian murgilduta gauden honetan, ohikoa egiten da komunikabideetan
eta kalean ongintzarekin loturiko iragarkiak ikustea. Urteko egun
hauekin lotzen dugun kristau espiritua baliatu izaten dute zenbait
erakundek behartsu eta gaixoen aldeko dirua eta laguntza biltzeko.
Kristau espirituari baino, pertsonen humanitateari oihu egiten diete.

Karitatea
eta pertsonen arteko laguntza kultur eta erlijioen gainetik dagoen
ezaugarria izan arren, gure lurraldean ongintzara bideratutako
ospitaleak Erdi Aroan agertu zirela esan daiteke. Pobre, alargun,
umezurtz eta bidaiarientzako ongintza etxeak ziren gehien bat.

Zumaiak
bi ospitale izan zituen Erdi Arotik XVIII. mendera arte: goikoa eta
behekoa. Dokumentazioan biei buruzko aipamenak topatu daitezke.
Gehienetan seroren eta diruzainen izendapenei buruzkoak dira, edota
behartsuren bat edo beste ospitalean sartzeko erabakiak. Hala ere,
tartean badira ospitalen ondasunen inguruko inbentarioak. Hauek dira
informazio aberatsena eskaintzen dutenak, izan ere ospitaleen
kudeaketaren berri ematen dute. Goiko ospitaleari (dokumentazioan hospital de Nuestra SeƱora de Arridokieta)
buruzkoak dira mamitsuenak. Arritokieta baseliza debozio handiko gune
erlijiosoa izan da Zumaian. Honen adierazle 1620tik aurrera
Arritokietako Andra Maria herriko zaindaria izendatu izana da. Ziurrenik
zumaiarren sentiberatasun honek bultzatu zuen baseliza honi lotutako
ospitalearen sorrera.

1584ko
udal akta bati esker Zumaiako elizak, San Telmo eta Arritokieta
baselizek eta goiko ospitaleak zituzten ondasun ekonomikoak jakin
ditzakegu. Dokumentu honek bertako seroren dote edo sariak jasotzen ditu
eta denetan aberatsena Arritokietako ospitalea dela ikus daiteke. Goiko
ospitalea zaindu eta bertara gerturatzen zirenak atenditzeaz arduratzen
ziren hiru serora zeudela jasotzen du inbentarioak: Maria Martinez
Errekartekoa, Maria Martinez Malleakoa eta Clara Narbaztakoa. Hiru
hauek, serora izateko eskaera burutzeko momentuan, dote bat zehaztu
behar izan zuten; Errekartek 200 dukat, Malleak 100 dukat eta Narbaztak
200 dukat eskaini zituzten. Serora-sari hauek 500 dukat batzen dituzte,
San Telmo baselizako serora bezala agertzen den Maria Dominguez
Irigoienekoak eskainitako serora-sariaren (50 dukat) oso gainetik.

Udalbatza,
besteak beste, eliza nagusiko, San Telmo eta Arritokieta baselizetako
eta ospitaletako patroi zela gogoratu beharra dago. Horrek
serora-sarietako dirua nahi bezala kudeatzeko aukera ematen zion. Hau
zentsotan emateko ohitura zuela ikusi dugu. Alde batetik serorek zentso
horietatik lortzen ziren etekinak edo interesak jasotzen zituzten
biziarteko beren gastuei aurre egin ahal izateko. Interes hauek
zentsoaren gaineko %6-7koa izaten ziren eta seroraren heriotzaren
ondoren Udalbatzak eskuratzen zituen. Bestalde, kopuru nagusiena
Udalbatzarentzat zen, eliza eta ospitaleko patroi gisa. Honako hau oso
datu interesgarria suertatzen da, izan ere udalbatzak serora-sariak
herritarrei maileguak uzteko erabiltzeak, krisi garaiei aurre egiteko
aukera ematen ziela pentsatzera garama.

1584ko
dokumentu honetatik Zumaiako Udalbatzak ongintza lanak bi esparrutan
egiten zituela antzeman daiteke. Batetik, bi ospitaleen kudeaketaren
ardura bere gain hartuz; bestetik, bertan jasotako serora-sariak diru
beharrean ziren herritarrei maileguak emateko erabiliz. Dokumentazioak
aditzera ematen duenez, goiko eta beheko ospitalak funtzionatu zuten
bitartean Udalbatzak praktika honekin jarraitu zuen.

Oihana Artetxe