1866ko Urtarrilaren 9ko ezbeharra
Itsasoak
behin baino gehiagotan eraman izan ditu bere altzora itsasotik bizi
diren familietako kideak. Ez du inolako gupidarik agertzen haserretzen
denean. Onenean pertsona bakarra eramaten du eta okerrenean tripulazio
osoak. Azken hau izan zen 1866ko urtarrilaren 9an Getariako herriak
jasan zuen ezbeharra.
150 urte bete dira aurten, Donostiako badiatik gertu bisigu arrantzan ari ziren Getariako San Jose eta Dolores
ontziak (1) hondoratu zirenetik. Gertakari honek herrian izango zuen
eraginaz konturaturik, hilabete honetako idatziak gai hori izan behar
zuela hizpide erabaki genuen. Gertakari tamalgarri honen aipamenak udal
artxiboan topatuko genituelakoan ginen, baina ez da horrela izan. Garai
horretako agiririk ez da jasotzen bertan eta honek gure bilaketa beste
artxibo eta informazio iturrietara zabaltzera behartu gaitu.
Egun
hartan itsasoa lasai esnatu zen egunsentian eta Bizkaia eta Gipuzkoako
portuetako arrantzaleak bisigu arrantzara atera ziren. Beren lanetan ari
zirela, eguraldiak okerrera egingo zuela ikusi eta gertuen zuten
portura iristeko saiakeran hasi ziren; Pasaiako, Donostiako eta
Mutrikuko portuetara. Mutriku helburu zutenak enbatak harrapatu baino
lehen iristea lortu zuten, besteak ez ordea. Pasaiako eta Donostiako
portua helburu zuten Getariarrek olatu bortitzen eta haizearen kontra
borroka sutsua izan zuten, baina tripulazioaren trebezia ez zen nahikoa
izan. Ontzietako bat Pasaiako badian sartzeko saiakeran hondoratu zela
aipatzen da. Bigarren ontziak berriz Donostiako portua zuen jomuga,
baina bertara iritsi baino lehen arrantzaleek uretan ikusi zuten beren
burua. Portuan badiara begira zegoen Jose Maria Zubia “Aita Mari”
zumaiarrak ezbeharra bere begiekin ikusi zuen. Laguntzeko prest bere
itsasontzia eta tripulazioa hartu eta bizia salbatu nahirik zebiltzan
arrantzaleak erreskatatzera atera zen. Sorospen lanetara ateratako
ontziak ere ezbeharra izan zuen ordea… Gipuzkoako kostaldea bortizki
eraso zuen enbata honek, San Jose eta Dolores ontzietako tripulazio osoa eta “Aita Mari” patroi zumaiarra eraman zituen itsasoaren hondora.
Getariako
38 arrantzale hil ziren eta ezbeharrak 133 pertsonengan izan zuen
eragina; denak hildako arrantzaleen familiako kideak. Gainera,
horietariko 59 umezurtz geratu omen ziren (2). Gipuzkoako zenbait
artxiboetan gordetako agiriek gertakari tamalgarri honen ondorengo
elkartasuna erakusten dute. Horrelako ezbeharrak suertatzen zirenean
diru-bilketarako deialdia egiten zen Probintzian. Ohitura hau itsas
ezbeharren ondorioz egoera penagarrian geratzen ziren familiei
laguntzeko sorospen neurria zela esan daiteke. Ekarpen bolondresak
izanik, batez ere itsasora begira bizi ziren herrien arteko elkartasuna
pizten zela adierazten dute artxiboetan gordetako agiriek. Izan ere,
familia horien egoera lazgarriaren benetako jakitunak ziren hauek.
Oihana Artetxe
(1)
Aita Mariren zenbait biografiek 1866ko urtarrilaren 9an hondoratu ziren
Getariako bi ontziak Manuel Aranberrik zuzentzen zuen Elkano 1 eta Jose
Maria Sorreluzek zuzentzen zuen Elkano 2 izan zirela jasotzen dute.
Pasaiako udal-aktetan topaturiko datuek San Jose eta Dolores izeneko
itsasontziak izan zirela zehazten dute argi eta garbi.
(2) Pasaiako Udal Artxiboa. 1866ko Urtarrilak 28ko udal-aktan jasotako datuak.
Irudia: Euskomedia