Bloga

Atzerrian onartu zuten Bixente

Gaurkoan
ariketa txiki bat egingo dugu. Pentsatu dezagun argazki batean. Izan
dadila atzerritik datorren dozenaka pertsona azaltzen den argazkia.
Oraingoan, guzti horien artean mutiko bat irudikatuko dugu. 20 urte
ditu, ile beltzarana, begi argiak, biboterik ez eta bizar gutxikoa,
altuera eta gorputz arrunta, ez altua ezta baxua ere,…

Dagoeneko
ziur naiz zuen buruetan Siriatik datozen hainbat gazteren aurpegiak
topatu dituzuela. Bestela bilatu interneten, zientoka daude. Denak
bizitza hobe baten bila beren etxetik joanda. Edo, bizitza baten bila,
besterik gabe.

Horrelakoxea
zen Asteasuko Bixente Lizaso Irazusta gaztea 1924 urtean Montevideora
joatea erabaki zuenean. Artxiboan topatu dugun dokumentazioaren artean
badaude hainbat datu kurioso. Batetik, ikusi dugun bezala, bere
deskrinapen zehatza (estatura regular, corpulencia regular, pelo
castaño, cejas castañas, bigote no tiene, barba poca, frente regular,
ojos claros,…). Agirietan argazkia erantsi ohi zen, aurpegiarena
soilik; beraz, deskribapen osoa eranstea hobe.

Ezkongabea
eta nekazaria zen. Udaleko idazkariak ziurtatzen zuenez inon auzirik
irekita ez zuen. Bidaiatu ahal izateko eskatzen zitzaizkion dokumentuen
artean: medikuaren ziurtagiria gaisotasun kutsakorrik ez zuela eta
txertoak jarriak zituela adieraziaz, ama alargunaren baimena eta aitaren
heriotza ziurtagiria, zedula pertsonala eta emigrazio kartila behar
bezala beteta.

Behin
guzti hauek lortuta, Bixentek Montevideorako bapore bat hartzeko
baimena zuen. Hona hemen Asteasuko artxiboan gordeta dugun beste
dokumentu bitxi bat. Bixentek hartu zuen baporearen inguruko informazio
liburuxka. “Compañía Hamburguesa, Hamburg-Südamerikanische
Dampfschfffahrts-Gesellschaft” delakoarekin hitzartu zuen bidaia. Honek
agentzia bat zuen Bilbon “Edmundo Couto” hain zuzen. Baporearen izena
Monte Sarmiento zen. 1924 urteko azaroaren 18an joan zen 482 pezeta eta
erdi pagatuta. Bizitza hobe baten bila.

Amaituko
dugu Monte Sarmiento ontziari buruz ohar txiki bat erantsiaz. 1942
urteko otsailaren 26an hegazkin ingeles batek suntsitu zuen aire-eraso
batean. Ontziaren jabe zen konpainia berriz, gaur egun merkantziak
garraiatzeaz arduratzen da.

Amagoia Piá