Bloga

Eskola

Ez da arraroa izaten artxibo batean dokumentazioa kasualitatez topatzea. Nik beti pentsatu dut artxiboek altxorrak izkutatzen dituztela. Eta batzuetan zoriak historia berri baten bat eskaintzen digu ondarea eta oroimena aberastuaz.

Oraingo honetan agerturiko altxorra Amasako Eskola berria eta maisuaren etxearen proiektuak dira. Herriko eskolen historia ikertzeko aukera ematen digute. Eta era berean, helduei gogorarazi eta gazteei azaldu nola izan zen Hezkuntzaren funtzionamendua historiaren garai ezberdinetan.

Artxiboan jasota dugun lehenengo dokumentua Udaletxeko 1866.ko akta liburuan jasota dagoen ohartxo bat da. Amasako eskola pribatua Lehen Hezkuntzako ikuskatzaile batek bisitatu zueneko eguna jasotzen du. Garai hartan Jose Leandro Etxabide jaunak zuzentzen zuen eskola. Ikuskatzaileak ez zuen eragozpenik jarri. Honetatik atera dezakegun ondorioetako bat da landa eremuetan eta hirigunetik urrun dauden lekuetan analfabetismoari aurre egiteko asmoa eta planak garatzen zirela. Hau izan daiteke Amasako kasua. Bertan baserrien sakabanaketak haurren eskolaratzea oztopatzen bait zuen.

1906 urtean, Jose Mª Arrese apaizak Udalbatzarrari zuzendutako gutuna idazten du. Bertan adierazten duenez Amasako Las Flores etxea erosi du neskatoentzako eskola bat irekitzeko. Gutun horretan, gainera, beste gauza bitxi asko lanu zituen: zein araudi izango duen, zein baloreetan oinarrituko den, adina eta urtaroaren araberako ordutegia,… Bertan islatua geratzen zaigu Elizak erakunde mota horretan duen eragina, sexuaren araberako banaketa eta erlijioa bait dira ardatza.

Oso bestelakoa izango da kontua II Errepublika garaian. Orduan eskola bakarra aldarrikatzen dute, doakoa eta nahitaezkoa Lehen Hezkuntzan. Katedra askatasun eta hezkuntzaren laikotasuna sustatua. Lehenengo aldiz eskatzen da irakasle eta maisuak funtzionarioak izatea. Gure artxiboan, tamalez, ez dugu garai honetako dokumenturik topatu.

Frankismoa heltzearekin batera atzera pausua nabaria da. Hezkuntza faxista eta apaiztiarra inposatuko da. Hartutako neurrien artean nabarmentzen dira: laizismoa kentzea, hezkuntza mistoa baztertzea, hezkuntza mistoa baztertzea neska eta mutikoak bereiztuaz (moralitate arrazoiak argudiatuaz), eta erdera ez den beste hizkuntzetan hezitzeko debekua. Klasean gurutzea, amabirjinaren irudia eta Francoren argazkia ikusten ziren paretean. Eta klasera sartu aurretik “Cara al Sol” kantatzen zutela bandera igotzen zuten.

Honen adibide bat badugu Udal Artxiboan: Eskolaren behin betiko aitorpena jasotzen duen akta ain zuzen. Hau 1958 urtekoa da. Orduan, Amasan eskola mistoa eta maisuaren etxea eraikitzeko proiektuak onartu ziren. Carlos Casla Etxarri arkitektoak marraztua. Aipatutako aktan zehazten dira eskolako ohiko tresnen artean: espainiako bandera, gurutzea eta Francoren argazki eta margolana.
Baina, Amasan eskola nazional bat sortzeko lehenengo berria 1954 urtekoa da. Orduan eskolak, etxebizitza eta komun publikoak egiteko proiektua idatzi zuen Luis Alustizak. Hau Donostiako arkitektua zen, ezaguna gipuzkoa osoan zehar hainbat eskola eraiki bait zituen. Antza denez proiektu hau ez zen aurrera eraman eta 4 urte itxaron behar izan ziren Amasak bere eskola publiko propioa lortu zuen arte. Hau San Martin elizaren aurreko Amallo baserriaren lurretan eraiki zen.

Gaur egun harrigarria suertatzen zaigu eraikuntza berdinean eskola eta maisuaren etxea topatzeak. Baina garai hartan bultzada bat suertatzen zen etxea izatea maisu kargua hartzeko. Asko bait ziren balantza beste aldera orekatzen zuten arrazoiak: Erregimenak maisu errepublikarren artean egindako garbiketa, nahitazkoa zela orden berriari elkartasuna adieraztea apaiz, alkate eta komandantziako txostenen bidez, soldataren murrizketak (maisu batek 1958 urtean 1.321 pezeta jasotzen zituen urtean gutxi gorabehera), ikasgelak gainezka zeudela, errekurtso eza, eta erretirorako aukera eskaxak, besteak beste. Etzen maisu izateko garai ona. Ohikoa zen “eskolako maisuak baino gose gehiago jasatea” esaldia entzutea.

Azkenik, transizio garaian lehenengo eskoletako bat izan zen bere klaseak euskaraz ematen. Urte batzuk geroago desagertu zelarik.

Almudena Coronado