Bloga

XIX. mendean Getaria eta Donostiaren arteko komunikazioa hobetzeko saiakera

Bideak: lurrean edo uretan puntu bat beste batekin lotzeko irudikatutako lerroak. Pertsonak ez ezik, produktuak eta ideiak eremu batetik bestera bidaiatzea ahalbidetzen duten elementu estrategikoak dira. Historikoki interes desberdinak asetzeko sortuak. Zainduak eta zelatatuak; beharren arabera itxi edo zabalduak.

Bideak eta komunikabideak herrien eta herrialdeen bilakaera eta garapena baldintzatu duten faktore garrantzitsuak izan dira, baita izaten jarraitu ere. Beharrezkoak dira merkataritza eta giza harremanetarako. Pentsa daitekeen bezala, merkantzia desberdinak garraiatzeaz gain, bideak pertsonak alde batetik bestera mugitzeko balio izan dute eta, haiekin batera, ideiak eta kultur eraginak zabaltzeko. Interes politiko eta militarretan ere funtzeskoak dira komunikabideak.

Ondo komunikatuta egoteak, herri edo eskualde baten aurrerapena ekar dezake. Komunikazio ezak, berriz, isolamendu gordina. Getariarrek ondo dakizue zer den erdi isolatuta geratzea. Kostaldeko errepidea ixten duten bakoitzean nahiko egoera desatsegina pairatzea egokitzen zaizue. Batek baino gehiagok, halakoetan, Getariatik Donostiarako edo Zumaiarako bidea errepidez egin baino, itsasontziz egitea azkarragoa dela pentsatu izan du ziurrenik. Horixe bera pentsatu zuten Getariarrek 1839an.

Herriak dituen berezitasun orografikoek itsas komunikaziorako egoki bihurtzen dute; lurreko komunikazioak ordea, beste kontu bat dira. Kostako errepidea eraiki baino lehen, Garate mendiko bidea erabili behar izaten zuten inguruko herriekin eta hiriburuarekin lurrez komunikatzeko. Hau horrela, Getariarrek ez zuten lurreko komunikazio erraza… itsasoz alde batetik bestera ibiltzea azkarragoa eta egokiagoa gertatuko zen ziurrenik.

1839ko uztailaren 22ko aktak aditzera ematen duenez, Getaria Donostiarekin komunikatzeko itsasontzi zerbitzu bat ezartzeko proposamena egin zuen Udalbatzak. Gobernadoreari Getaria hiriburuarekin lotzeko txalupa bat eskatu zitzaion, komunikazioa erraztu eta maiztasuna erregulatzeko helburuarekin. Eskaera bideratu zen eta Donostiako portu agintaritzarekin harremak hasi ziren, baina artxiboko dokumentuek ez dute datu gehiago eskaintzen. Beraz, artxiboa bakarrik kontsultatuz, ezin jakin azkenean zerbitzu hori martxan jartzea lortu zen edo ez. Agian, zuetariko norbaitek arbasoengandik izango zuen honen berri…


Oihana Artetxe