Bloga

Txistularien lana 1956ko Salbatore jaietan

Uztaila
aurrera doa eta gero eta gertuago ditugu Salbatore jaiak. Ez da lehen
aldia lerro hauetara gai hau ekartzen duguna. Artxiboan topatutako
dokumentu batek jarri digu amua oraingoan ere eta, jaien gertutasunari
erreparatuta, irenstea erabaki dugu.

Jaietan
eta festa giroan musika beti dago presente gurean. Egun berezi hauek
alaitzeko erantzukizuna izateaz gain, burutzen diren ekitaldiak
handitasunez janztekoak ere badituzte musikariek. Horien artean,
jaietan, danbolin-jole edo txistulariak protagonismo berezia izaten
dute. Izan ere, danbolina eta txistua ezin aproposagoak suertatzen dira
soinean hartu eta, kalez kale alde batetik bestera, herria girotzen
ibiltzeko.

1956ko
Salbatoretan eta Elkanoren jaian txistulariek egin beharreko lanak
jasotzen dituen dokumentua topatu dugu gure bilaketan. Hona hemen
txistularien egitarau hura.

Abuztuak 4, larunbata:

20:00tan Buruhandi eta Erraldoiak lagundu.

Abuztuak 5, igandea:

7:00tan Alborada

9:00tan herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

Gauean, musika bandarekin batera, dantzaldia

Abuztuak 6, astelehena (Salbatore eguna):

7:30tan Diana eta Alborada

9:30tan herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

9:45etan udaletxe aurrean Alkate soinua (jantzi tradizionalekin)

Meza Nagusiaren ondoren, herriko agintariei elizatik udaletxerako bidean lagunduz Alkate soinua.

Ondoren, udaletxearen aurrean, Agur Jaunak agintariak desfilatzen duten bitartean.

Arratsaldean, 21:00ak arte, musika bandarekin batera, dantzaldia

Abuztuak 7, asteartea:

8:00tan Diana eta herriko kaleetan zehar ohiko Biribilketa

Arratsaldean, 21:00ak arte, musika bandarekin batera, dantzaldia

Oihana Artetxe