Bloga

Kantauriko Arrantzale Aterpetxea

Getaria
Kantauri kostaldeko itsasontzi askoren babesleku nagusia izan da
denborale eta enbatetan. XX. mendearen hasieran ordea, eskaintzen zituen
azpiegiturak oso eskas geratzen ziren horrelakoetan jasotzen zuten
itsasgizon kopuruarentzat. 1902an portua handitzeko egitasmoa idatzi
zuen Jose Maria Aranbarri getariarrak, Elkano Arrantzaleen Kofradiak
bultzatuta. Portu berriaren helburua kabotaje-ontzientzat eta
arrantza-ontzientzat babesleku egokia izatea zen.

Helburu
horrek ordea, Getarian lehorreratzen ziren arrantzale eta itsasgizonak
artatzeko gune baten beharra sortzen zuen. Ordurako, euskal itsasgizonak
Kantauriko itsasgizonentzat aterpetxe baten beharra aldarrikatzen
hasiak ziren. Honi erantzuna eman nahirik, Kantauriko Arrantzale
Aterpetxea Getarian eraikitzeko erabakia hartu zen. Itsasgizonen babes
beharraz jakitun, Elkano Arrantzaleen Kofradiak proiektua gauzatzeko
batzorde bat osatu zuen eta 1918ko uztailaren 16an aurkeztu zuen.
Aterpetxea portuan kokatzea eta Kofradiaren egoitza, arrain salmentarako
gela eta itsasgizonentzako aterpetxea barne hartzea proposatzen zen
bertan.

Eraikina
1919an, Elkanoren mundu biraren IV. mendeurrena ospatzeko ekintzen
baitan, inauguratu zuten. Beheko solairuan salmenta gela, arrain
biltegia, ikatz eta gatz biltegiak eta itsasgizonentzat atseden gela
ezarri ziren. Azken hau beheko solairuaren erdigunean kokatu zen eta
itsasgizonak atseden hartzeko bankuak eta arropak lehortu ahal izateko
esekigailuak zituen, erdian kokatzen zen tximinia handiaren inguruan
antolatuta. Lehenengo pisuan, berriz, aterpetxearen arduradunaren gela,
Kofradiakoa bilera aretoa eta 200 pertsona baino gehiago jasotzeko lekua
zuen logela handia egokitu ziren. Bertan egur eta olanezko oheak eta
higiene zerbitzuak ezarri ziren. Azkenik, bigarren pisuan, beharrezko
guztia zuen erizaindegia prestatu zen: esku-ohea, ebakuntzetarako
mahaia, itsasoan zauritu eta gaixotuak artatzeko oheak…

Gaur
egun Getariako portuan egoera tamalgarrian ikus daitekeen eraikinak,
berebiziko garrantzia izan zuen Kantauri itsasoan arrantzan eta
merkataritzan ibili ziren itsasgizonentzat. Getarian babesleku ezin
hobea zutela jakiteak, ingurune arrotz batean lan egiteak zituen
arriskuak gozatzen lagunduko zien ziurrenik.

Oihana Artetxe

* Argazkia: Indalecio Ojanguren bilduma