Bloga

Ricardo Ugarte

Abendu
bukaera arte zabalik egongo da Ricardo Ugarteri eskainitako erakusketa.
Trintxerpeko Ciriza Etxean eta San Pedroko udal aretoan, bere ibilbide
artistikoaren zati bat aurkituko dugu, non, materia eta hutsaren arteko
elkarrizketa, eta itsasoa diren gai nagusiak. Tamaina ezberdinetako
eskulturek, obra grafikoak eta zenbait artelanen maketek osatzen dute
artistari eginiko omenaldi xume baina hunkigarri hau.

Erakusketaren
irekiera egunean Ricardo bera ezagutzeko aukera izan nuen. Presentzia
handiko gizona iruditu zitzaidan; heldutasunak ematen duen
zuhurtasunaren atzean, bere begirada biziak arreta deitu zidan. Berekin
bi hitz trukatu orduko ohartu nintzen bere adeitasunaz. Plazer eta
apaltasun handiz erantzun zituen erakusketara hurbildu ziren ikusleen
galdera zein eskaerak.

Zabalik
daraman denbora honetan adin eta baldintza guztietako pertsonak pasa
dira erakusketaz gozatzera. Baina bada bereziki interesatzen zaidan
pertsona mota bat. Atea zeharkatu orduko artean ezjakinak direla
komentatzen didaten horiek, alegia. Kontu handiz hurbiltzen dira
eskulturetara eta arretaz aztertzen dituzte beste mundu bateko objetuak
izango balira bezala. Baina badago eskultura bat gainontzekoetatik
bereizten dena: “Txalaparta”. Izenak aditzera ematen duen moduan, mailu
txiki batzuekin kolpatuz musika sortu daiteke eskultura honekin.
Beharbada horregatik, edo nahi gabe jolasarekin erlazionatzen dugulako,
ikusleak mailuarekin kolpatzen duen unean arteari izaten zaion beldur
moduko hori desagertaraztea lortzen du. Ideia eta aurreritzi guztien
gainetik, altzairuari lapurtzen dizkioten nota horiek benetako
gozamenaren isla dira.

Sara Etxebeste