Isiltasunaren garrasia: 1936ko altxamendu militarraren ondorena Zumaian
Hilabeteroko
tarte honetan artxibora jotzen dugu, bertan gordea dagoen
informazioaren zatitxo bat zuei gerturatzeko asmoz. Gai baten inguruko
datuen bila ibiltzen gara eta informazioa behar izaten dugu argitaratzen
ditugun idatzi xumeak osatzeko. Udalak memoria historikoa lantzeko
egitasmoa abiatu duen honetan, Gerra Zibilari hasiera eman zion
altxamendu militarra gogora ekarri nahi izan dugu. Uztailean 80.
urteurrena izan zen eta horri eutsi diogu oraingoan.
Beti
bezala artxibora joan gara eta informazio bila hasi. 1936ko aktak
jasoak dituen liburua esku artean hartu eta uztaileko aktaren bila hasi
gara. Isiltasuna. Hori da topatu duguna 1936ko uztailetik irailerako
tartean. Isiltasuna bai, baina eztanda bortitz baten ondorengo
isiltasuna. Bere baitan garrasi ozen bat daraman isiltasuna.
Ikertzaileok
datuez baliatzen gara, baina datu eza ere informazioa da. Kasu honetan,
uztaileko altxamendu militarrak Udaletan izan zuen eraginaren
erakusgarri gertatzen da. Zumaian ez zen udalbatzarrik ospatu 1936ko
uztailaren 10etik irailera bitartean. Udal idazkari funtzioak zituen
idazkari ofizialaren diligentzia bat besterik ez da agertzen denbora
tarte horretan. Uztailaren 25ean egin behar zen udalbatzarra eta
ondorengoak bertan behera geratu zirela azaltzen du, denbora horretako
ezohiko gertaera bortitzek bultzatuta.
1931n
Bigarren Errepublika ezarri zenetik, nahiko egoera politiko nahasia
bizi izan zen. 1931ko apiriletik urrira bitartean behin-behineko
gobernua egon zen agintean. Ondoren, 1933ko azaroraino iraun zuen
biurteko erreformista etorri zen. Garai korapilatsua izan zen biurtekoa,
greba eta erreformez betea. 1933ko hauteskundeak eskuindarrek irabazi
zituzten eta, besteak beste, biurtekoan egindako erreformak atzera bota
zituen gobernu berriak. 1936ko otsailean egin ziren hauteskundeak
berriz, alderdi ezkertiar eta abertzaleek osatutako Herri Fronteak edo
Frente Popularrak irabazi zuen. Aldaketa hau ez zen eskuindarren
gustukoa izan eta Espainiako armadaren zati handi batek Uztaileko
Altxamendu Militarra bultzatu zuen, estatu kolpe bat bilatuz.
Altxamenduak Espainiako populazioa bitan zatitu zuen eta Gerra Zibilaren
pizgarria izan zen.
Altxamendu
militarra gertatu zen garaian, Zumaiako udalbatza Victoriano Arrate
alkateak eta Martin Elorriaga, Alejandro Lartigue, Gabriel Betondo,
Manuel Urruzuno, Eduardo Zubia eta Sotero Azpeitia zinegotziek osatzen
zuten. Altxamenduaren ondoren udalbatza horren egunerokotasuna bortizki
etenda geratu zen. Aipatutako diligentzian agertzen diren hitzak ekarri
nahi izan ditugu hona, irabazleek gertaera nola ikusi zuten adierazteko.
“…
dejaron de celebrarse las sesiones ordinarias por este Ayuntamiento de
la Noble y Leal Villagrana de Zumaya, con motivo de los sucesos graves y
extraordinarios ocurridos durante ese periodo de tiempo; durante el
cual y hasta su huída de elementos marxistas y separatistas, estuvo
constituído en los locales del Ayuntamiento, un comité revolucionario
denominado Frente Popular, y consecuentemente, quedó paralizada y
entorpecida la vida municipal, de sus reuniones y sesiones, fecha en que
quedó liberada esta villa por el Glorioso Ejército, Requetés y
Falange.”
Garrasiz
beteriko isiltasun horren ondorengo lehen udal-aktak, udalbatza berria
osatzeko premia adierazten du. Botere aldaketa garbia gertatu zen
Zumaian 1936ko irailean. Gipuzkoako Gerra Batzorde Karlistaren aginduz,
udalbatzar berria osatzeko, Gabriel Vallejo, Luis Olaizola, Mariano
Gurrutxaga, Vicente Larrañaga eta Romualdo Etxabe elkartu ziren dira
Udaletxean. Udal-akta honetan jasotzen denez, Espainiako Nazioa
salbatzeko helburuarekin, behin behineko udalbatzarra horrela osatu zen:
Alkatea: Gabriel Vallejo Bretón
Lehen alkateordea: Luis Olaizola Azkue
Bigarren alkateordea eta sindikoa: Mariano Gurrutxaga Buenetxea
Zinegotzi eta Oikiako Alkatea: Vicente Larrañaga Etxeberria
Zinegotzi eta Artadiko Alkatea: Romualdo Etxabe Etxabe
Bitarteko idazkaria: Jose Maria Odriozola Zaldua.
Udalbatza
hau urriaren 13ko udalbatzarrean berretsi eta osatu zen, baita udal
batzordeak osatu ere. Baina udalbatza honek ez zuen gehiegi iraun eta
urriaren 28an, Zarautzeko Komandanteburu militarraren aginduz eta
proposamenez, Carmelo Unanue, Acisclo Alberdi, Carlos Irigoien, Pedro
Uranga, Ignacio Izpizua, Mariano Gurrutxaga, Estanislao Etxabe, Juan
Jose Zinkunegi eta Vicente Larrañaga udalbatza berria osatzera deituak
izan ziren. Bertaratutakoek zenbait kexa plazaratu zituzten agindutako
karguak betetzeko. Baina azkenean, egoera berri horretan espainiar
abertzaletasun betebeharrek bultzatuta, Zumaiako udalbatza honela osatu
zen:
Alkatea: Carmelo Unanue Trueba
Lehen Alkateordea: Juan Jose Zinkunegi Zubia
Bigarren Alkateordea: Acisclo Alberdi Etxezarreta
Sindikoa: Pedro Uranga Linazisoro
Lehen errejidorea: Mariano Gurrutxaga Buenetxea
Bigarren errejidorea: Vicente Larrañaga Etxeberria
Hirugarren errejidorea: Ignacio Izpizua Artetxe
Laugarren errejidorea: Estanislao Etxabe Etxabe
Bosgarren errejidorea: Carlos Irigoien Sorasu
Udal-akta
liburuetan isiltasunak amaiera izan zuen, baina garrasiek jarraipen
luzea izan zutela ezin uka. Ondorengo urteetako egoera ez zen erraza
izan herrian eta Zumaiar askok kanporako bidea hartu behar izan zuten.
Oihana Artetxe