Bloga

Pentsatu baino beranduago, baina jadanik hasi dira Zumaiako barradera…

Pentsatu
baino beranduago, baina jadanik hasi dira Zumaiako barradera edo
kanpoko dikea konpontzeko lanak. Azken itsasaldi bortitzak kalte handiak
eragin zituen Urolako itsasadarreko sarreran eta denbora luzez egon da
barrako pasealekurako bidea itxita. Gune kaltetuenetariko bat antzinako
barraren zatia izan zen. Hori dela eta, oraingoan, Zumaiako barraren
lehen zati hura eraiki zeneko informazio bila joan gara udal artxibora.

Zumaiako
porturako sarrera beti izan da arriskutsua. Gogoratu behar dugu,
antzinako portua egungo Amaiako plazan kokatzen zela eta kanpoko dikerik
gabe itsasontziek gorriak ikusten zituztela bertara iristeko. Tarte
honetako aurreko idatzi batean aipatu genuen nola itsasontziek atoian
sartu eta irten behar izaten zuten itsasadarretik.

Gune
arriskutsuena Aitzabalgo uharria zen, gehienetan olatuen erasoen menpe
egoten zena. Hura izaten zen Zumaiako portura iritsi nahi zuten
itsasontziek saihestu beharreko lehen oztopoa. Behin hori atzean utzita
Puntako Haitza topatzen zuten aurrez aurre. Haitz hau itsasadarraren
erdian kokatzen zen eta korronte bortitzak eragiten zituen.

Hasiera
batean, nabigazioa hobetzeko, aipatutako arriskuak seinaleztatu ziren.
Lehenik itsasargia eraiki zen. Honek itsasadarreko sarrera non dagoen
adierazten du 1870. urtetik. Ondoren Aitzabalgo uharria seinaleztatzeko
baliza bat eraiki zen, 1881ean. Honek nabarmen hobetu zuen egoera,
sarrerako arriskuak agerian uzten baitzituen, baina ez zen nahikoa.

Hau
dela eta, XIX. mendeko laurogeigarren hamarkadan, merkataritza moila
eta kanpoko dikea eraikitzeko erabakia hartu zen. Urte haietan
Frantzisko Lafargak aurkeztutako egitasmoaren helburu nagusiak ibaiko
kanala bideratzea, Aitzabalgo uharria itsasadarreko sarreratik
banantzea, mendebaldeko olatuak saihestea eta itsasontziei sarrera
egokia eskaintzea ziren. Horretarako diseinatu zen Zumaiako kanpoko
dikea.

Frantzisko
Lafargak 1883 eta 1885 bitartean garatu zuen Zumaiako itsasadarrean
egin beharreko lanen egitasmoa. Honek Errepide, Kanal eta Portuetako
Aholkulari Batzordearen berrikuspena jasan zuen eta, zenbait aldaketa
eginda, 1887an onartu zen. Besteak beste, ondorengo lanak zehazten
ziren:

1.
Arbustaingo irlatxotik itsasargiaren azpian kokatzen zen Puntako
Haitzeraino ibaia bideratzeko 590 metro zituen dikea eraikitzea.

2. Puntako Haitzeko zabalgunea egitea (Kresala eta kanpoko dikeko sarreraren artean).

3. Itsasadarraren sarrera bideratzeko Puntako Haitzetik itsasorako 150 metroko kanpoko dikea egitea.

4. Kanpoko dikearekin bat egingo zuen 93,50 metroko kai-muturra altxatzea.

Kanpoko
dikeak eta kai-muturrak ibaiko korronteak gidatzea zuten helburu,
mendebaldeko erribera bideratuz. Gainera, bihurgune formako kai-muturrak
itsasontziak ipar-mendebaldeko denboraleetatik babestu eta olatuak
geldiarazi eta bokaletik desbideratuko lituzke. Hau horrela, Lafargaren
lehen egitasmoan proposatzen zen olatu desbideratzailea ez egitea
erabaki zen, diseinatutako kai-muturrak itsasadarreko nabigazioa nahikoa
hobetuko zuelakoan.

Lafargaren
proiektuan lanak burutzeko beharrezko materiala zorrozki zehazten zen.
Artxiboan gordeta dagoen proiektu horretan adibidez, erabili beharreko
harrien eta zementuaren ezaugarriak agertzen dira. Horrela, harriak
hareharri edo kareharri tinkoa zuten harrobietatik atera behar ziren,
eta harri-lubetak nolakoak izan behar ziren ere zehaztuta zegoen, beteko
zuten funtzioaren arabera: gainean estrukturaren bat izango zuten
harri-lubetak eraikitzeko, harriek gutxienez metro kubiko baten laurdena
izan behar zuten; aldiz, harri-lubeta betelan edo babes gisa
erabiltzeko bazen, 25 kilo izatearekin nahikoa zen; harri-horma egiteko
harriek 35-50 zentimetro bitartekoak behar zuten eta abar. Bestalde,
dikearen azpialdean eta zimenduetan, harriak elkarri lotzeko erabili
beharreko zementuak lehortze azkarra izan behar zuen. Hori Zumaian ez
zen arazoa, izan ere, mota horretako zementua ekoizten espezializatutako
herria baitzen; Zemento Zumaya izeneko zementu naturala hain zuzen.
Beraz, lanak burutzeko behar zuten materiala inguruan eskuragarri izan
zuten.

Lan hauek
Frantzisko Aierdi ingeniariak gauzatu zituen. 1893ko otsailerako
Arbustain eta Puntako Haitzaren arteko dikea eta zabalgunea bukatuak
zeuden. Ibaiaren erdian agertzen zen Puntako Haitza ere mozten hasiak
ziren. Kanpoko dikeko lanak, ordea, atzeratu egin ziren eta 1896 arte ez
zuten zati hori bukatzea lortu. Aurrerago, 1927an, Zumaiako
itsasadarreko sarrera nahikoa hobetu ez zela ikusirik, kai-muturrari
beste dike zati bat gehitu zitzaion eta itsasadarrean sartzen zen
Puntako Haitza gehiago moztu zen.

Azken
obra hauetarako, kanpoko dikeraino beharrezko materiala eramango zuen
tren txiki bat jarri zen martxan Arbustainetik Puntako Haitzera. Hau
meategietan erabiltzen zirenen antzekoa zen, lokomotora txiki bat eta
atzean materiala garraiatzeko bagonetak. Rafael del Pilarrek idatzi duen
“Arrangoleta 1945-1951 Memorias de un Barrio” liburuan agertzen denez,
itsasargiaren azpiko zabalgunean Aitzabaldik ateratako harriei forma
egokia ematen zitzaien, baita zementuzko blokeak egin ere. Hau horrela,
pentsatzekoa da Lafargaren proiektua gauzatu zeneko harriak ere
Inpernupe ingurutik atera zituztela, are gehiago egin beharreko lanetako
bat Puntako Haitza moztea izan zela aintzat hartuta. Litekeena da,
haitz mutur hori moztetik lortutako harria ere dikea altxatzeko lanetan
erabili izana.

Ez
zen azkenengo aldia izango Aitzabal, Inpernupe eta Malparaje inguruak
harria lortzeko erabiliko zirena. Aipaturiko lan hauen ondorioz,
bokalean ibaiak ekarritako hondar eta limoak pilatzen hasi ziren. Hori
ekidin nahian, 1935ean, itsasadarraren beste aldean harri-lubeta bat
eraikitzea erabaki zen. Lan hauetarako beharrezko harria Inpernupe eta
Malparaje inguruetatik atera zen. Orduan ere, aurreko lanetan bezala,
harrobi horietatik ateratako harria garraiatzeko tren txiki bat ezarri
zen. Honek, paraje horretatik ibairaino garraiatzen zuen materiala eta,
bertan, gabarretan zamatzen zen ibaiaren beste aldera eramateko. Gaur
egun ikusgarria izango litzateke horrelako muntaia bat. Imajinatzen
duzue egiten ari diren kanpoko dikearen konponketa horrela egin beharko
balitz?

Oihana Artetxe