Irlandarrak Getarian
Gabonak
gerturatzen ari diren garai honetan, Olentzeroren antzera, Getariako
historia aberastuko duen opari txiki batekin gatozkizue. Dakizuenez,
bertako artxiboa Lehen Karlistaldian erre zen eta, ondorioz, ia ez da
1838. urtea baino lehenagoko dokumenturik gorde. Hau horrela,
zenbaitetan beste lekuetan zaindu den dokumentazioaren bitartez
jakinarazten ditugu bertako gertakizunak. Gaurkoan dakarkigun gaia Iago
Irixoa lankideari esker ezagutu dugu. Ikerketa batean murgildurik
zegoela, Adunan eta Sorabillan (Andoain) zeuden 70 irlandar Getaria eta
Zarautzera lekualdatzeko Diputazioaren 1653ko abenduko agindua topatu
baitu. Baina nondik nora irlandarrak gurean?
Irlandaren
eta euskal kostadearen arteko merkatal harremana Erdi Arotik dator.
Euskaldunak Irlandara sardina eta legatza arrantzatzera joaten ziren
eta, horrek, Irlandako merkatal sareetan sartzea ahalbidetu zien. Hala
ere, XVII. mende erdialdekoa ez zen merkatal harremana izan. Irlandarrek
arrazoi politiko-militarrak izan zituzten orduan Euskal Herrira
etortzeko. Garai horretan, Irlandarrak Erresuma Batuko gobernuaren
errepresio eta jazarpena jasaten ari ziren, Ingalaterrak burututako
konkistaren ondorioz. Horretaz gain, Espainiako Koroa barne eta kanpo
testuinguru belikoan murgildua zegoen. Horren barnean 1655-1660
bitarteko guda anglo-hispaniarra deritzona dugu. Azken gatazka hau bi
koroen arteko merkataritza politiken ildotik sortu zen eta Oliver
Cromwell-ek (Ingalaterrako buru politiko eta militarra izan eta Irlanda
eta Eskoziaren konkista burutu zuen kristau protestantea) bultzatu zuen.
Testuinguru liskartsu honetan, katolikotasunaren bermatzaile ziren
Irlanda eta Monarkia Hispanikoaren arteko harremanak estutu ziren.
Horrek Gaztelako Koroa buru zuen armadan irlandarren papera areagotzea
bultzatu zuen XVII. mendearen erdialdean. 1641-1654 artean 22.500
irlandarrek penintsularako bidea egin zutela uste da.
Gipuzkoara
iritsi ziren gehienak Pasaiako portura egin zuten. 1653ko urtarrilaren
6an 3000 infante irlandar iritsi ziren bertara. Etorkin hauen gehiengoa
soldaduak ziren eta beraien etorrerak, oinarrizko beharrei erantzuteko
prestaketez gain, behin baino gehiagotan gehiegikeriak eta liskarrak
sortu izan zituen; ez horiek bakarrik. Muga lurraldea izaki, Gipuzkoan
egoteak soldadu bati baino gehiagori desertatu, ihes egin eta
Frantziara alde egiteko aukera eman zion. Hau saihesteko asmoz,
Probintziak kontingentea sakabanatzeko erabakia hartu zuen 1653ko
maiatzean. Irlandarrak Gipuzkoa barnealdean sakabanatu zituzten, baina
Pasaiatik ez oso urrun, edozein momentutan armada antolatu eta
itsasoratzeko prestakuntzak ahalik eta azkarren egiteko aukera
mantentzeko asmoz. Lehen sakabanaketa honek ez zituen liskarrak eten eta
1653ko abenduan bigarren dispertsioa agindu zen: 70 irlandar Amezketa
eta Abaltzisketara; Asteasu eta Larraulen zeuden 100 irlandarrak Goiatz,
Errezil eta Bidanira; Aduna eta Sorabillako 70ak Zarautz eta Getariara;
eta Zizurkilgo 50ak Oriora lekualdatzeko asmoa agertu zen.
Baina
asmo hori gauzatu zen? Iritsi ote zen irlandarrik Getariara? XVII.
mendeko erdialdeko eliz agiriek zenbait bikote irlandarrek haurrak
Pasaiako badiako elizetan bataiatu zituztela adierazten dute. Agiri
hauek baliatuz, 1650-1660 bitarteko Getariako bataio liburuak miatu
ditugu datu bila. Horrela topatu ditugu irlandar bikote baten bi alabak
izan daitezkeenen bataio-agiriak. 1658ko urtarrilaren 17an Antonia Buler
Moran batailatu zuten, Diego Buler eta Maria Enoranen alaba eta 1660ko
uztailaren 17an bikote beraren bigarren alaba bat, Teressa Buler Moran.
Buler abizena Irlandar jatorriko Butler abizena izan daitekeela
pentsatzen dugu. Moran abizena berriz, fonetikotasun irlandarra duen
amaren Enoran abizenaren moldaera.
Gainera,
ikusi dugu, 1650-1660 bitartean Getarian bataiatutako haurretatik
bederatzik ez dutela amaren edo aitaren daturik jasotzen, bigarren kasua
gailentzen delarik. Hau argigarria suertatzen da 1630-1650 bitartean
horrelako kasu bakarra dagoela aintzat hartzen badugu. Hau Getariara
gizonezko irlandarrak iritsi eta bertako emakumeekin harremanak izan
zituztenaren adierazgarria izan daiteke.
Beraz,
100% ziurtatu ezin badugu ere, bataio liburuetan lortutako datuek Aduna
eta Sorabillan zeuden 70 irlandarrak Getaria eta Zarautz bitartean
sakabanatu zituztenaren hipotesia baieztatzeko pauso bat dela pentsatzen
dugu.
Oihana Artetxe
Irudia: http://www.libraryireland.com