Bloga

Herriko erlojuaren lehen tiki-taka

Urtea
bukatzen ari da… 2016a agurtu eta 2017ari ongi etorria emateko momentua
hurbiltzen doa… Aurten Urtezahar-gaueko kanpaiak San Telmo baselizatik
emango ditu Euskal Telebistak. Zumaiarrak, ordea, San Pedro parrokiko
erlojuari so egon izan ohi dira urteko azken gaueko hamabiak noiz
iritsiko zain. Kanpandorreko erlojuak adierazten du denbora aurrera
doala, segundoz segundo eta minutuz minutu.

Herriko
erlojua elizako dorrean kokatzea zen ohikoena, gehienbat kanpaiak
bertan zeudelako. Kontuan izan behar da, hasierako erlojuek ez zutela
ordua adierazteko esferarik, kanpai-hotsek ematen zuten horren berri.
Luzaroan, kanpandorreko erlojua izan zen herriko erloju bakarra.
Bizilagunentzat baliagarria zen elementua izaki, udalena izaten zen
erlojua egiteko erabakia; udalek erosten zituzten erlojuak eta bere gain
hartu egoki mantentzearen ardura.

Zumaiako
erlojuari buruzko lehen berriak 1585ekoak dira. Ez dute garai hartako
erlojuaren gaineko azalpen edo deskribapenik eskaintzen, baina bai
erlojuzainaren ingurukoak. Udal artxibategian gordetzen den dokumentu
batek aditzera ematen duenez, ordura arte Domingo Ibarra zen herriko
erlojua, eskola eta sakristia zaintzeaz arduratzen zena. Urte horretako
otsailaren 17an kargua eskuz aldatu zen eta hortik aurrera Julian Loidi
izan zen erlojuaren zaintza bere gain izan zuena.

Datu
honen ondoren, XVIII. mendearen hasiera arte, galdu egiten da
erlojuaren tiki-taka soinua artxiboko liburuetako orrietan. Lehen datuak
antzinako herriko erlojua kronologikoki kokatzen laguntzen du eta bere
zaintzaren gaineko arduradunaren izendapena udalbatzarena zela zehaztu.
Topatu dugun bigarren datuak erakusten du erlojuaren funtzionamendu
egokia zenbateraino zen udalbatzaren ardura.

Dokumentua
1704ko abuztuaren 17ko udal-akta bat da. Bertan azaltzen denez, momentu
hartan hiribilduko erlojuari funtsezko pieza ugari falta zitzaizkion.
Egoera hau nahiko larria zen, gogoan izan behar baitugu San Pedro
parrokiko kanpandorreko erlojuak zehazten zuela Zumaian denboraren
igaroa. Erlojua konpontzeko eskaera Frantzisko Azkarate maisu erlojugile
tolosarrari egin zitzaion, egun haietan Zumaian zegoela aprobetxatuz.
Urtebete lehenago hiribilduak maisu erlojugile berari aurrekontua
eskatua zion, eta orduko hartan 46 erreal zortziko eskatu zituen
erlojuaren konponketarako. Beraz, San Pedro parrokiko erlojuak gutxienez
urte bat zeraman matxuratuta.

San
Pedro parrokiko erloju zaharraren konponketarako 40 zortzi errealeko
aurrekontua aurkeztu zuen bigarren aldian Frantzisko Azkaratek. Prezio
jaitsiera ikusirik konponketa onartzea erabaki zen:

“(…)
atendiendo a esto y a que es cosa que inporta a todos y exencialmente
en una republica se lleve a devida execución dicha proposición y que
luego se desaga dicho reloj y lleve quanto antes pues estaba parado
(…)”.

Hasieran,
lanean hasteko, erreal batzuk eman zitzaizkion maisu erlojugileari eta
handik hamabost egunera 40 zortzi errealekoak ordaindu zitzaizkon.
Oraingoan baina, erlojua konpontzeko gastuak partekatuak izan ziren:

“(…)
ser cosa la mas esencial en una republica, era muy justo en razón, el
que se tomase alguna buena forma poner. El dicho Vicario venia también
en que la Iglesia contribuya en la mitad del gasto que se causase en
componer y afinar dicho reloj (…)”

XVIII.
mendearen hasieran beraz, erlojuaren gaineko ardura partekatzea erabaki
zuten elizak eta hiribilduak. Horrela, gastua bien artean ordaindu
zuten: 20 erreal zortziko udalbatzak eta 20 elizak. Konponketa honi
esker, San Pedro parrokiko antzinako erlojuaren tiki-taka berriro entzun
zen eta Zumaiarrek denboraren igaroaren erreferentzia berreskuratu
zuten.

Aurtengoan
gure begiak San Telmo baselizan jarriak egongo diren arren, Zumaiarren
belarriak San Pedro parrokiko erlojuak astintzen dituen kanpai hotsen
zain egongo dira. Gaurkoan San Pedro elizako erlojuaren lehen aipamenak
ekarri nahi izan dizkizuegu urte amaieraren aitzakian. Erlojuaren
inguruko informazioak ez dira, ordea, hemen bukatzen. Nork daki, agian
datorren urtean eutsiko diogu berriz gaiari… Bitartean, Zorionak eta
Urte Berri On Zumaia!

Oihana Artetxe

Irudia: 1. Fototeka / 2.
Zumaiako erlojuari buruzko 1585eko aipamena. Bertan Domingo Ibarra
erlojugileak postua utzi eta Julian Loidik hartzen duela irakur daiteke.
Z.U.A. 67/1 signatura