Bloga

Getaria eta Baleak

Gabon
egunetan balea agertu zen Getariako portuan. Gaur egun gutxitan izaten
da aukera itsasertzetik bale bat ikusteko eta asko izan ziren gabonetako
oporrak bertara gerturatzeko baliatu zituztenak. Baleak euskal
kostaldetik urrundu dira, animalia hauen populazioaren beherakadak
bultzatuta. Baina baleek ere memoria historikoa balute, borondatez
urrunduko lirateke euskal arrantzaleen bale ehiztari ospea gogoan.

Euskal
kostaldeko herrietan ohikoa izan da bale ehiza eta Getarian ezin
bestela izan. Herriko armarria begiratzea nahikoa da Getaria eta bale
ehizaren arteko harreman estuaz ohartzeko. Besteak beste, Zarautz
Jauregian 2006an egin zen indusketa arkeologikoak ere harreman honen
aztarnak atera zituen argitara. Bertan XI. mendeari dagokion bale hezur
multzoa topatu zuten arkeologoek. Aztarna hauek Europako bale ehizaren
aztarnarik zaharrenak izan daitezkela uste da.

Getarian
bale ehizak izan duen garrantziaz jakitun, udal artxiboan gai honen
inguruko bilaketa egin dugu oraingoan. Agiri bakarra topatu dugu, baina
nahiko esanguratsua. 1879ko irailaren 24an sinatutako udal-aktak
Getaria, Zarautz eta Orioko arrantzaleen arteko auzia aipatzen du.
Dokumentu honetan, auzian izandako gastuak ordaintzen laguntzeko,
Getariako arrantzaleei 2.800 erreal kuartoko diru-laguntza ematea
adosten da. Baina ze auzi izan zen hau?

Ziur
gaude 1878ko otsailaren 11ak Getariako ahozko memoria historikoan txoko
bat duela. Egun horretan Zarautz, Orio eta Getariako arrantzaleek balea
begiztatu zuten Zarautz parean eta beren txalupetan hura ehizatzera
atera ziren. Roke Etxabe zarauztarrak sartu zion lehen arpoia animaliari
eta hark Moilarri pareraino eraman zituen arrantzaleak. Inguru hartan
lortu zuten arrantzaleek balea menderatu eta hiltzea. Garaiko kronikek
kontatzen dutenez, Getariarrek balea herriko portura eraman zuten,
Zarautz eta Orioko arrantzaleen gaitzespenarekin. Egoera honen aurrean,
Zarautz eta Orioko arrantzaleek auzitara eraman zuten gaia. Hiru
herrietako arrantzaleak 1879ko uztailaren 29 arte egon ziren auzitan.
Azkenean, Azpeitiko Epaitegiak Getariarrei eman zien arrazoia.
Aipatutako Getariako udal-aktak auzi honi egiten dio aipu.

Ehizatutako
balea 6.250 pezetetan balioztatu zuten perituek, baina portuan bertan
usteldu zen epaiaren zain. Balea Donostiara eraman eta bertan erakutsia
izan balitz, 30.000 pezeta baino gehiago lortzeko aukera izan zutela
estimatzen da 1928ko otsailaren 15ean La Constancia: diario integro
fueristan “Konta Katilluk” sinatzen duen artikuluan. Baina Ernest
Hemingway idazlearen “Agurea eta Itsasoa” eleberri famatuan gertatzen
denaren antzera, balearen hezurdura bakarrik aprobetxatu ahal izan zuten
arrantzaleek. Donostiako Udalak erosi zuen bale honen hezurdura eta
gaur egun Donostiako Aquariumean ikusgarri dago. Bale hau izan zen
teknika tradizionalekin euskal kostaldean ehizatu zen azkena.

Oihana Artetxe

Irudia: 1878ko otsailaren 11ean ehizatutako balearen hezurdura. Iturria: www.aquariumss.com