Bloga

Herriko erlojua eta Yereguitarrak

2016.
urtea bukatzeko herriko erlojuaren lehen datuei buruzko idatzia osatu
genuen. Urte berria hasi dugun honetan, erloju horren historiarekin
jarraitzea erabaki dugu. Izan ere, Zumaiak erlojuaren tiki-taka
soinuaren altzoan jarraitu zuen.

XIX-XX
mendeetan ugaritu egiten da erlojuari buruzko informazioa. Jakin
badakigu 1845ean Juan Manuel Zugastik kanpandorrerako erloju berria egin
zuela, ondoren hau konponduko zuen Benito Yereguik erlojuak zeraman
xaflan jaso zuelako. Bestalde, 1869an adibidez, Udaletxeak erlojua
margotu eta elizaren barruan erlojuarekin batera joko zuen kanpai txiki
bat jartzeko erabakia hartu zuen. Horretarako, ordea, erlojuak nahikoa
indar behar zuela baieztatzea beharrezkoa zen eta, XVIII. mendean egin
zuten bezala, oraingoan ere Azpeitira joan ziren erlojugile aditu bila.
Erabaki honen inguruko berriak hemen bukatzen dira baina.

XIX.
mendearen bukaeran aldaketa nabarmen bat gertatzen da. Ordura arte,
Zumaiako Udalak, Azpeitira jo izan zuen maisu erlojugile bila. 1895ean,
ordea, Benito Yeregui Usurbilgo maisu erlojugilearengana jotzea
erabakitzen du. Honako hau Udalaren eta Yereguitar erlojugile familiaren
arteko harreman luzearen lehen kontaktua izango da.

Urte
horretan, tartean-tartean ohikoa zen bezala, herriko erlojua
matxuratuta zegoen eta Udalak Benito Yereguirengana jo zuen erlojuaren
ikuskatzea egiteko eskatuz. Ordurako, maisu erlojugile honek Zestoan bi
erloju eginak zituen. 1879an gaur egun martxan jarraitzen duen herriko
erlojua eta 1883an geldirik dagoen Aizarnakoa hain zuzen. Ez dakigu zerk
bultzatu zuen Zumaiako Udala Benitorekin kontaktuan jartzera, agian
Zestoako erlojuei buruzko berriek edo gertuko Udal horretako gomendioek.
Kontua da Benitok aztertu zuela kanpandorreko erlojua.

Benito
Yereguik ikuskatutako erlojua 1845ean Juan Manuel Zugastik eginikoa
izan zen, idatzi hau laguntzen duten bi argazkiek (Yeregui Elkarteak
utzitakoak) erakusten duten bezela. Garbiketa sakon batekin eta
minutu-orratza konponduta denboraldi baterako nahiko txukun geratuko
zela jakinarazi zuen. Bere gomendioa ordea, zenbait pieza konpondu eta
kojinete berriak jartzearena izan zen, horrela erloju berri baten
antzera geratuko zela ziurtatuz. Azken aukera honek lehen aukerak baino
50 pezeta gehiago kostatu arren egokiena zela iritzi zuen Udalak. Izan
ere, prezioaren barruan erlojua desmuntatzea, Yereguik Usurbilen zuen
lantegira eramatea eta konponketak irauten zuen bitartean kanpandorrean
beste erloju bat jartzea barne hartzen zuen.

Behin
lana bukatuta, konponketaren faktura 313 pezetetakoa izan zen. Orain
arte ez bezala ordea, Udalak ordaindu beharrekoak 5 urteko bermea
jasotzen zuen. Horrela, Benito Yereguik konpondutako erlojuarekin lotura
izaten jarraitzea lortzen zuen, arazo edo matxuraren bat izango balu
berari deituko ziotela ziurtatuz. Bezeroaren konfidantza irabazteko
estrategia bezala ikus daiteke eskaintza hau. Artxiboan gordetako
datuek, Benito Yereguik bezeroa fidelizatzea lortu zuela adierazten
dute. Izan ere 1922. urtera arte, Yereguitarrak (Benito Yeregui, Benito
Yeregui e Hijo, Yeregui Hermanos eta Yeregui y Compañía) izan ziren
herriko erlojua konpontzeko ardura izan zutenak. Gainera, ezin ahaztu,
Artadiko San Migeleko erlojua ere Benito Yereguik eraiki zuela 1901ean.

Urte
horretatik aurrera topatu ditugun datuak erlojuaren esferarekin
izandako gorabeheren ingurukoak dira. Baina hauek luzerako ematen
dutenez hurrengo idatzirako utziko ditugu. Yereguitarrek ere badute
bertan zerikusirik.

Erlojuari
buruzko datu zuzenak 2001ean agertzen dira berriro. Urte horretan,
parrokiko kanpandorreko erlojuari modernitatea iritsi zaiola deritzon
dokumentuak aditzera ematen duenez, erlojuaren automatizazioa burutu
zen. Atzean geratu ziren erlojua behin eta berriz konpondu beharra, are
eta urrunago erloju horiek muntatu eta desmuntatzeko gai ziren maisu
erlojugileen garaia. Denbora kontrolpean izateko gai ziren mago haien
garaia…

Oihana Artetxe

*Irudia: Yeregui Elkartea