Bloga

Udal Langileen Garbiketa

Garbitu
hitzak toki edo gauza batetik zikinkeria kentzea esan nahi du.
Zikinkeriak berriz, toki edo gauza horretan berezkoa ez den eta kutsu
negatiboa duen zerbait ematen du aditzera. Beraz, zerbait garbitzea toki
edo gauza horrek berezkoa ez duen eta negatiboa den hori
desagerraraztea litzateke. Baina zer gertatzen da pertsonak garbitu edo
baztertzen direnean? Pertsonak zikinkeria izan daitezke? Eta nork
erabakitzen du nor den zikinkeria eta nor ez?

Gerra
Zibilaren eta Frankismoaren garaian pertsona ugari izan ziren
zikinkeria bezala tratatuak. Boterean zeudenen ideiak ziren balio zuten
bakarrak eta desberdin pentsatzen zuen oro jendartearentzat arrikutsu
bihurtu zen. Pertsona horiek defendatzen zituzten ideia politikoak gaitz
kutsakor kontsideratu ziren. Hori izan zen marxista de euskal
abertzaleen kasua. Memoria historiko hori berreskuratu nahian
udal-langileen garbiketa-espedienteen bila ibili gara artxiboan.

1937ko
urtarrilaren 14ko udal-aktak jasotzen du lehenengo aldiz
garbiketa-espedienteen berri Getarian. Izan ere, hilabete horretan,
Gobernadore Zibil Orokorrak udal langileen garbiketa aurrerantzean
udalari egokitzen zitzaizkiola jakinarazi zuen. Momentu horretatik
aurrera Getariako udalbatzaren ardura izan zen bertako langileen gaineko
azterketa politikoa burutzea eta, hala iritziz gero, langile hori bere
lanpostutik kentzekoa.

Lehen
garbiketa-espedienteak udal gordailuzain zen Juan Iriondo Mugerzaren
eta udal danbolin-jole zen Emeterio Isasti Urangaren kontrakoak izan
ziren, euskal abertzale izatea egotzita. Hauek ia modu zuzenean kaleratu
zituzten, baina ondorengo agindu batek udal langile guztiei espediente
bat ireki eta beraien inguruko informazioa biltzera behartu zuen
udalbatza. Espediente hori langilearen inguruan bildutako informazioek
eta langile beraren testigantzek osatu behar zuten, diotenez, arazo
pertsonalak medio gezurra izan zitezkeen testigantzak eta kaleratzeak
ekiditeko. Udal langile oro zegoen susmopean garai haietan.

Urte
berdineko urrian, Emeterio Isasti danbolin-joleari bere lanpostua
itzultzeko agindua jaso zuen udalbatzak, Komandante Militarraren
eskutik. Euskal abertzaletasunaren aldekoa izan arren, danbolin-jole
kargurako aproposa zela iritzi izan zuen eta Emeterio bere lanpostura
bueltatu zen. Emeteriok zortea izan zuen eta azkenean pertsona garbitzat
hartu zutela esan daiteke. Askok, ordea, ezin izan zuten zikintasun
orbana gainetik kendu. Idatzi honek, ideia desberdinak defendatzeagatik
garbiketa-espedienteen ondorioak jasan zituzten guztiak omendu nahi
ditu.

Oihana Artetxe

Irudia: Propaganda Frankistaren parte den kartel bat da. Servicio Nacional de Propaganda delakoak egin zuen.