Desamortizazioa
Zorra.
Jakina da egungo gizartean zor publikoak edozein politika gidatzeko
duen pisua erabakigarria dela. Atzera begiratuz gero, bat azkar
konturatu daiteke historiako pasarte asko ere baldintzatu dituela.
Herri-zorra
denboran zehar oso presente egon den moduan, hau gutxitzeko era
ezberdin eta ugariak erabili izan ditu estatuak. Horren adibide argia
izan zen desamortizazioa. Prozesu horren pasarte bat jasota dago udaleko
artxiboan, azken zatiarena, Madozen desamortizazioarena alegia.
1855an
atera zen argitara Desamortizazioaren Lege Nagusia, Pascual Madoz
Ogasun Ministroaren eskutik. Honen arabera, eliz ondasunak eta udal
lurrak salgai jarri behar ziren. Hala eta guztiz ere, salbuespenez
betetako lege bat izan zen Gipuzkoaren kasuan (baita gainerako euskal
probintzien kasuan ere), foru aldundien eta udalen lege honekiko
aurkakotasuna zela eta. Getariako kasuan, udalbatzarretako aktek argi
erakusten dute aipaturiko aurkakotasun hau.
1856ko
maiatzaren 7ko batzarreko aktan, udalari atentzioa deitzen zaiola
aipatzen da, desamortizazio legeari lotutako ondasun zerrenda aurkeztu
ezaren ondorioz. Ez da ahaztu behar, 1836an Getariako udal artxiboa
erretzearen ondorioz mota honetako erroldak desagertu egin zirela. Hau
dela eta, Probintziako Gobernadore Zibilak, ofizio baten bidez, hiru
eguneko epean ondasunen zerrenda egin eta aurkeztea agindu zion udalari.
Hiru
egunak ondo luzatu ziren. Aipaturiko zerrenda hiru urte beranduago egin
zela islatzen digu 1859ko abuztuaren 1eko udalbatzarreko aktak.
Ondorengo ondasunek osatzen zuten zerrenda:
– Udaletxea. Hasieratik argi uzten zen besterenezina zela, herriak eraikin honen beharra baitzeukan.
–
Portuko etxola. Hau ere besterenezina zen, 1875. urterarte baitzegoen
alokatuta. 8.000 errealeko balioa zeukan, urteko 160 errealeko errenta
emanaz. Saltzekotan arrantzaleen gremioari akzioak eta etekinak bermatu
behar zitzaizkion.
– San Anton mendia. Urteko 400 errealeko etekinak ematen zituen.
–
San Anton mendiko bost etxola, arrantzarako materialen deposito modura
erabiltzen zirenak. Udal lurretan eraikita egon arren, jabetza
pribatukoak zirenez, hauek ere besterenezinak ziren.
–
San Anton gaztelua. Guda garaietan soldadu-taldeez okupatuta egon ohi
zena. Funtzioa ikusita, hau ere besterenezina izango litzateke.
Zerrendaren arabera, San Anton mendia zen salgai jarri zitekeen udal ondasun bakarra.
Xabier Etxeberria
*Irudia: Getariako Udala. http://www.getaria.eus/eu/content/arrantza-eta-arrantzaleak