Kutsu magikoz beteriko pertsonaiak: Amorratzaileak Oiartzunen
1. Lanbide berezi baten nondik-norakoak
Historian
zehar, eta gizartearen beharren arabera, lanbide mota ezberdinak
sortzen joan dira, esparru ezberdinak hartuz. Prozesu orokor horren
baitan, ogibide batzuk beren horretan diraute, hainbatek moldatu behar
izan dute eta beste asko, desagertu egin dira edo desagertzeko zorian
daude. Gaur egungo begietatik, antzinako gizarteetan murgiltzen garenean
atentzioa ematen diguten hainbat topa daitezke, erakargarritasun, xarma
edo berezitasun handiagoa baitute; hala nola borreroa, ehortzailea,
zirujau-bizargina, albaitaria… Horien guztien artean bazen beste bat,
kondaira edo aurreko mendeetako gizartearen sinismenekin estuki lotuta
egon dena, eta XX. mende hasieran ordaindik bere jarduna mantentzen
zuena: amorratzaile edo salutadorea, hain zuzen ere.
Amorrua
oso hedatua zegoen gaixotasuna zen, bereziki landa eremuan. Bere eragin
handiak eta aurre egiteko tresna mugatuek, gaitzaren inguruan hamaika
sinismenen sorrera ekarri zuten. Amorratzaileak gaixotasun horren
sendaketaren baitan sortu ziren, nahiz eta bestelako gaitzak ere jomugan
izan zituzten. Lan egiteko prozedura misteriotsua zen, benetan: beraien
arnasa, hatsa edota listua erabiliz sendatzen zuten, baita pixa ere,
eta hori egiten zuten bitartean otoitzak eta konjuruak burutzen
zituzten. Izaera bitxia hortik haratago zihoan: gizartean barneratua
zegoen sinismen arabera, halako jardunean aritzen zirenak bikote bereko
zazpigarren semea edo alaba ziren, beti ere tartean kontrako sexuko
umerik jaio gabe; ohikoena gizonezkoen baitan garatutako lanbidea bazen
ere, ezagun da emakumeak zeregin horretan aritu zirela. Horrez gain,
Gabon Gauean edo Ostiral Santuan jaiotakoek ere amorratzaile-dohaiak
garatzeko joera omen zuten. Hori guztia gutxi balitz, gorputzean, eta
beraien patuaren adierazgarri, markak garatzen zituzten; ezagunenak
mingainpean, ahosabaian, hanketan, bularrean edo esku-azpian
gurutze-seinaleak ziren, ezbairik gabe. Modu honetan, halako ezaugarri
guztiak edo horietako hainbat izatea, pertsona horri dohai misteriotsuak
ematen zizkion, amorratzaile lanak egiteko funtsezkoak zirenak.
Horiek
alde batera utzita, salutadoreak gizarteak zuen eskari bati emandako
erantzuna izan zirela aitortu behar dugu; bereziki, esan dugunez,
amorruari aurre egiteko garaian. Zeregin horietan oso ohikoa zen
gaixotasuna pairatzen zuten udalerrietatik kanpoko pertsonak ekartzea.
XVII. mendeko Hernanin, adibidez, Alegi eta Gabiriako auzoak aritu ziren
amorratzaile lanetan, batzuetan 10 urterako kontratuak eginez;
Antzuolan salutadore lanetan Ezkio, Ormaiztegiko eta Oñatiko auzoak
arituko dira; Errezilen, berriz, Albizturko auzo zen Martin
Aranburukoarekin 6 urterako kontratua adostu zen 1742 urtean. Ikus
daitekeenez, hamaika lekutatik zetozen, baina badirudi
Ezkio-Gabiria-Ormaiztegi alde horrek (eta Albizturrek) amorratzaileen
gune kuttuna osatzen zuela, baita Oiartzunen ere.
2. Frantzisko Altube, Oiartzungo amorratzailea (1696-1707)
Bailarako
udal aktei erreparatuta, XVII. mende amaiera arte ez dugu sendagile
misteriotsu horien arrastorik, 1696. urtera arte hain zuzen ere. Ordutik
eta hamarkada luze batez, Gabiria-Ormaiztegi aldeko auzo bat ibili zen
lan horretan: Frantzisko Altube edo Anduaga izenekoa (bi abizenak
agertzen dira, lehenengoa ugariena delarik). Berari buruz datu gutxi
eskuratu ditugu, eta ez dira oso argiak. Ezkioko bataio-agirietan,
Frantzisko Altube Mendia agertzen zaigu 1654ko maiatzaren 25ean. Bere bi
abizenak aintzat hartuta, hiru anai-arrebetan nagusiena izan zela
ematen du. Ondorioz, amorratzaileen inguruko kondariak ezarritako
hainbat baldintza betetzen ez zituen pertsona baten aurrean gaudela
ematen du, ez datari dagokionez, ez zazpi anai-arreben inguruko
konturari dagokionez. Badirudi 1674ko uztailean Ormaiztegira ezkondu
zela, bertan izen bereko baten eta Angela Agirrezabalen arteko lotura
dokumentatua baitugu. Herri horretan bertan zendu zen, 1711n, otsailak
25 zituela (2).
Oiartzunen
izan zuen jarduerari dagokionez, 1696ko otsaila inguruan aritu zen.
Lehen datua hil horren 19koa da eta horren arabera, Maria Angela
Urbietarenean zortzi egunez apopilo hartuta egon zen, egonaldiaren
gastuak udalbatzaren gain gelditu zirelarik (A-1-9-1, 41 au.).
Altube
ez zen hamar urte luze horietan era finko batean jardun; aitzitik,
iduri du bere zerbitzuak aldizkakoak izan zirela. Kontsultatutako aktek
behintzat, ez dute berarekin sinatutako hitzarmen, kontratu edo
akordioei buruzko daturik ematen, eta badirudi garaian garaiko beharren
arabera dei egin zitzaiola. Honela, lehenengo aztarnak izan eta
hamarkada luze bat arte ez dugu gurean ikusiko. Urtea 1707 zen eta
gaixotasuna uste baino hedatuagoa zegoen. Hasiera batean, amorratzailea
martxoa erdialdera iritsi eta egun gutxi batzuk egin zituen. Handik 3
astera, ordea, berriz deitzeko erabakia hartu zen. Arrazoia apirilaren
9an Jeronimo Unseinek udalbatzaren aurrean agertu zuen: salutadoreak
bere lana amaitu eta Oiartzun utzi ondoren, zakur amorratu batek
Jeronimoren eta beste hainbaten abelburuei kosk egin zien (A-1-13-2, 58
au.-at.).
Amorratzailea Oiartzunen egon zelaren lehenengo datua: Maria Angela Urbietarenean apopilo egon zenekoa (1696ko otsaila)
3. Salutadorean jarduna gurean
Bailararen
hedadura aintzat hartuta, amorratzailearen lanak errazte aldera eta
funtsezkoak ez ziren gastuak saihesteko asmoz, barruti bakoitzean
elkartze-puntu jakin bat adostu zen, bertan auzo ezberdinen azienda
bildu eta hauen ikuskatze lana egiteko: “se les encarga alos vecinos
que tengan promptos y recojidos a un paraje los ganados (…) de forma que
(…) tengan los vecinos este alivio y se eviten los gastos supérfluos” (A-1-13-2, 61 au.-62 au.).
Esan
bezala, XVIII. mendera arte ez dirudi Oiartzunen salutadorearekin
inolako hitzarmen formalik egin zenik eta agian, horregatik, baldintzen
artean ez zegoen soldata edo eskupeko zehatzik finkatu. Gurean,
udalbatzak lismona bat antolatzen zuen baserri eta etxeen artean, eta
auzo bakoitzean jardungo ziren biltzaileak izendatzen zituen. Ohikoena
dirutan ordaintzea zen, baina gutxi batzuek artotan ere egin zuten. Modu
berean, normalean familia bakoitzari erreal bateko lismona ezarri
zitzaion, baina batzuetan guztiek ez zuten diru-kopuru bera ordaindu:
1696ko otsaileko etxeen zerrendak ikusita, gehienek erreal bat eman
zuten, baina bazeuden 0’5, 2, 2’5 edo 3 eman zituztenak ere, Berueta eta
Markola etxeak kasu (A-1-9-1, 20bis au.-20bis at.). Hamaika urte
beranduago, aldiz, egoera bestelakoa zen. Espainiako Ondorengotza Gerra
medio, Bailararen baldintza ekonomikoek okerrerantz egin zuen eta etxe
bakoitzari erreal bateko limosna emateko agindua eman bazen ere,
udalbatzak gastuak bere gain hartzen amaitu zuen, auzoengandik
kobratzeko zailtasunak agerikoak baitziren (A-1-13-2, 166 au.-at.).
Salutadorearentzako limosna ordaindu zutenen etxeen zerrenda (1696)
Idatziek
ez digute jardunaren inguruko aztarnarik ematen; ez da gaixotasunerako
zernolako botikak, sendagaiak edo prozedurak erabilerari buruzko
aipamenik egiten. Dena den, akta liburuek oso datu adierazgarri bat
ematen digute; 1707ko apirilaren 16ko batzarrean, Frantzisko Altube
amorratzaile moduan aipatzen zen, baina ez edozein, Inkisizio Santuak
onartutakoa baitzen:
“…de
Francisco de Altuue, vecino de la villa de Ormaiztegui, saludador
aprouado por la Santa Ynquisición, que vino a este Valle para remedio…” (A-1-13-2, 60 au.).
Ogibideak
biltzen zituen hamaika zurrumurru eta kondairaren aurrean eta
amorratzaileek gizartean guztiz txertatuta zeudela ikusita, erakunde,
ofizialtasun edo garaiko ortodoxiak nolabait beraien jardunari oniritzia
eman zion. XVI. mendetik aurrera beraien jardunak ezagutu zuen
gorakadarekin batera, amorratzailearen inguruan eztabaida sakon bat
ematen hasi zen, beraien jarduna egokia zen ala ez erabakitze aldera:
salutadoreak zer ezaugarri zituen eta bere lanaren natura (jankotiarra
edo deabruzkoa) zalantzan zegoen, baita teologoen artean ere. Hau dela
eta, Elizak nolabaiteko eskuhartzea egin zuen, amorratzaileen ezaugarri
eta jarduna aztertuz (3).
Horrez
gain, Probintziak berak XVIII. mende erdialdetik salutadoreak
jo-puntuan izan zituen eta haien aurkako hainbat xedapen eman zituen.
Orain arte hustutako aktekin Oiartzunen honek guztiak zer eragin izan
zuen ezin dugu jakin, baina ziur gaude artxiboko funtsetan informazio
gehiago topatzeko aukera dagoela.
Iago Irixoa
Oharrak
(1) Ikus AGUIRRE SORONDO, A.: “Los saludadores”. In: Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, 56 (1990), 307-319 orr.; Antzuolarako http://irinmodo.blogspot.com.es/2015/12/salutadorea-antzuolan.html.
Errezilgo kasurako: Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa
(AHPG-GPAH) 2/2413, 182 au.-183 au. Salutadoreen ikuspegi negatibo
baterako, GOROSABEL, P.: Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa, vol. 1., Tolosa: E. López, 1899, 360-362 orr. (II. Liburua, II. Kapitulua, III. Atala; http://www.ingeba.org/klasikoa/noticia/marnotie.htm helbidean kontsultagarri).
(2) Datu hauetarako, ikus http://mendezmende.org/eu.
(3) ALAMILLOS ÁLVAREZ, R.: Hechicería y brujería en Andalucía en la Edad Moderna. Discursos y prácticas en torno a la superstición en el siglo XVII. Córdoba 2015 (http://helvia.uco.es/xmlui/handle/10396/12669)