Erregistro Zibilaren sorrera
Egun
ez dago Erregistro Zibil publikorik gabeko udaletxerik, ez luke egon
beharko behintzat. Ezinbesteko estatistika tresna bilakatu den hau orain
dela mende eta erdi inguru hasi zen espainiar lurraldeko udaletxeetan
zehar zabaltzen, ordura arte soilik parrokietan jasotzen baitzen
aztergai daukagun Erregistro Zibilak biltzen duen antzeko informazioa.
Parrokia hauetan demografikoki azpimarragarriak ziren gertaerak jasotzen
zituzten (jaiotzak, ezkontzak, heriotzak, . . .), garai hartan estatu
moderno baten kontrolerako ezinbesteko zen informazioa alegia.
1841an
gaur ezagutzen dugun Erregistro Zibila sortzeko lehen pausoak ematen
hasi ziren liberalak. Madrildik bidalitako aginduen arabera, 500
biztanle baino gehiago zituzten herri guztiak behartuta zeuden
erregistroa aurrera eramatera, horretarako, jaiotzen, ezkontzen eta
heriotzen kontuak jasoko zituzten hiru liburu izatea behartzen zelarik.
Azken finean, parrokietan eramaten zen erregistro sistema berdina
erabiltzen zen, baina oraingoan parrokian bertan egin beharrean
udaletxeetan egiten zuten. Erregistroaren arduradunek egiten zuten gauza
bakarra parrokoek bidaltzen zieten informazioa goitik behera udaletxeko
liburuetan sartzea zen.
Akta liburuek diotenaren arabera, aipaturiko erregistroa sortzearen agindua 1843ko otsailaren 24an iritsi zen Getariara: “.
. .expone el establecimiento de los registros civiles usando las reglas
que se han de seguir al efecto y remitiendo los libros necesarios, y se
acordo que se satisfaciere el importe de tres libros y se diese
cumplimiento en el modo posible a lo que se ordenaba”
1841etik
1870era arte indarrean egon zen erregistro horri behin behineko izaera
eman zitzaion, egun ezagutzen dugun Erregistro Zibilaren aurrekari
modura kalifika daitekeelarik. Gaur erabiltzen dugun Erregistro Zibila
ez zen 1871era arte sortuko, benetan autonomoa eta Elizarekin inongo
erlaziorik gabea. 1841etaik 1870era indarrean egondakoa guztiz ordezkatu
zen, eta aldi horretako liburuak udaletxeetako dokumentu historiko
sinple eta balio askorik gabeak izatera igaro ziren.
Xabier Etxeberria Lasa
Irudia: 1841eko Verako (Almeria) jaiotzen Erregistro Zibilaren liburua.
Iturria: http://blog.vera.es/cultura/2016/10/26/pedro-el-morato-pedro-maria-alonso-morata-octubre-de-1841/