Artxiboak

Yeribar de Susso en Asteasu

Artxiboetan gordetzen den dokumentazioa mota askotakoa da eta informazio desberdin asko eskaintzen du. Dokumentazio zaharra izaten da gehien nabarmentzen dena, ezagutzen ez dugun jendea eta gizartea hobeto ezagutzera ahalbideratzen bait gaitu. Gainera, nahiz eta idazteko momentuan testu bakoitzak helburu bat eduki, bere baitan datu interesgarri ugari gordetzen dute. Pentsa dezagun adibide bezala, bi pertsonen arteko kontratu batean. Bertan, kontratuan parte hartzen duten pertsonen (eskribaua eta lekukoak barne) izen abizenak eta bizitokia aipatzeaz gain, askotan lanbideak ere adierazten dira, beraz, informazio pertsonal asko eskaintzen dute, kontratua egiteko prozesu juridikoa islatzeaz gain. Datu guzti hauei esker, ikuspegi desberdineko ikerketa lan asko egin daitezke, horien artean zuhaitz genealogikoak aurkitzen direlarik.

Asteasuko Artxiboan fondo historiko aberatsa gordetzen da XVI, XVII eta XVIII mendeetako dokumentu asko bait dauzkagu. Horien artean, ezkontza kontratuak, pertsonaia batzuen testamentuak (beste berri batean aztertu genuen Juan de Bulanorena bezala), aiton-semetzak eta eskritura gutxi batzuk ditugu. Erregistro zibiletatik eta elizbarrutietako artxiboetatik lortu dezakegun informazio guztia batu ondoren, aiton-semetzak oso erabilgarriak dira ikerketa genealogikoak aurrera eramateko. Familia edo leinu baten odol garbitasunaren frogagiri ziren eta eskatzaileak hiru belaunaldiz frogatu behar zuenez bere arbasoen jatorria kaparetasuna lortu ahal izateko, mota honetako ikerketetarako oso erabilgarriak dira.

Dokumentu horiek familien noblezia maila islatzen dute eta askotan, kaparetasunaren eskatzaileek euren abizenaren oinetxera atzera egin nahi izaten zuten odol garbitasuna frogatzeko. Izan ere, oinetxeak leinuen abizenen jatorri dira, hau da, familiek jatorrizko oinetxetik hartzen dute abizena, horregatik da hain garrantzitsua kaparetasun auzietan atzeraino iristea.

Asteasuko Artxiboan 1649 urtean idatzi zen zerrenda bat dugu, non Gipuzkoako oinetxe desberdinak aipatzen diren (sig.: 267-17). Ez dira familia guztien izenak agertzen noski, baina bai mordoxka bat.

Dokumentu honek, orrialde bat besterik ez bada ere, oso informazio interesgarria jasotzen du bere baitan. Esan bezala 1649 urtean idatzia izan zen, abuztuaren 17an konkretuki, Joan de Alzola eskribauaren eskutik. Bukaeran irakurleari jakinarazten dio beste dokumentu zaharrago baten kopia dela “Yo Joan de Alçola escriuano del Rey nuestro señor y del numero de la alcaldia mayor de Aiztondo asiente en este papel de un papel biejo y antiguo que se hallo en la cassa solar y palacio de Lizaur”. Zoritxarrez, ezin dugu jakin zein urtekoa izango zen aipatzen duen paper zahar hori.

Testu honetan beraz, XVII. mende erdialdean Gipuzkoan zeuden Ahaide Nagusiak eta oinetxeak aipatzen dira, izenburu bezala “Las cassas solariegas y Parientes mayores de la muy noble y mui leal Poruincia de Guipuzcoa” duelarik. Honen ondoren 52 izen adierazten dira bi zatitan bereiziz. Alde batetik, eta beste batzuen artean, Lazcano (Lazkaon), Olasso (Elgoibarren), Balda (Azkoitian), Zarauz (Zarautzen), Iraetta (Aizarnan), Amezqueta (Amezketan), San Milian (Zizurkilen), Achega (Usurbilen), Ugarte la de Oyarçun (Oiartzunen), Çumaya (Zumaian) edo “En el Valle […] de Leniz son” Galarça, Otalora, Arcarasso eta Uribe (Leniz bailaran) familiak aipatzen ditu. Bigarren zati batean, desberdinduta, aipatzen ditu Açelayn (Sorabilan), Emparan (Azpeitian), Olazaual (Altzon), Azcue (Ibarran), Lili (Zestoan) edo Legazpia (Zumarragan?). Azken hauen artean aipatzen da guri gehien interesatzen zaigun oinetxea: “Yeribar de Susso en Asteasu”.

Leinu desberdinen arteko liskarrak oso ohikoak izaten ziren, hauetatik famatuenak Oinaztarren eta Ganboatarren artekoak izanik, XV. mendeko Bandoen Gerren protagonista nagusiak. Nahiz eta hauek zehazki testuan ez agertu, gerra edo istilu horietan parte hartu zuten Ahaide Nagusi eta oinetxeak bai irakur ditzakegu: Lazkaotarrak, Amezketatarrak, Alzegatarrak, Unzuetatarrak, Murgiatarrak edo Baldatarrak baten edo bestearen alde egon ziren garai horretan. Dena den, liskar horiek XIV eta XV. mendeetan gertatu ziren, hau da, testu hau idatzi baino bi mende lehenago. 1649 urterako ordea, giroa askoz lasaiagoa zen.

Dokumentuaren beheko aldeko ezker aldeari so eginez gero, ohar moduan idatziriko beste testu txiki bat irakurri daiteke eta bertan, arreta erakarri digun bigarren ekarpena dugu: Asteasuko Yeribar de Susso familiaren armarria deskribatzen digu eskribauak. Armarriak familia nobleen irudi izango ziren, euren ikur bezala. Yeribar familiak Asteasun botere handia aintzinetik eduki zuela badakigu, izan ere, gure Artxiboan gordetzen dugun XVI. mendeko auzi batetan (sig.: 59-01), Juan Lopez de Yeribarrek auzi bat aurkezten du Asteasuko biztanleek euren haziak beste errota batetara eramaten dituztelako berera eraman beharrean. Auzi horrek 1399 urteko kontratu bati egiten dio erreferentzia, orduan hitzarmen bat idatzi baitzen herritarren haziak Yeribar familiako errotara eramateko. Familia honen armarriari buruz, Joan de Alzolak ondorengoa dio: “Las armas de la cassa solar de Yeriuar de susso en Asteasu son dos jabalis, un lebrel y dos coraçones en campo de plata. Un castillo con su torreon eminente y dos leones que abraçan el escudo por ambos lados”.

Gaur egun Yeribar de Susso baserria Ibargain edo Ibargaraikoa bezala ezagutzen dugu, baina tamalez, testu honetan deskribatzen den armarria dagoeneko ez dago ikusgai eraikuntzaren fatxadetan.

Amaia Mendizabal