Fabrikaren barne araudia, atzoko kezkak ala gaurkoak?
Gune hau bai Villabonako herriko gai desberdinak jorratzeko edo efemerideetaz hitz egiteko aprobetxatzen dugu, baina baita ere, leku aproposa da Artxiboan aurkitu daitezkeen dokumentu bitxiak erakusteko eta herritarrengana iritsarazteko. Aurreko berrian Subijana y Cia. enpresaren hastapenei buruz hitz egin bagenuen (enpresa Silva anaien eta Frois jaunaren eskuetan zegoen garaiari buruz), oraingoan garai horretakoa den dokumentu berezi bat aurkeztu nahi dugu. 1867-05-01ean idatzi zen estanpatuen enpresaren barne araudia, bai garaiko alkatea zen Juan Miguel de Lizurunek eta baita enpresako jabeek sinatutako dokumentua dugu hau (sig. 68-05). Badirudi araudi hau indarrean sartzeko, Villabonako alkatearen oniritzia behar zuela, sinaduran alkateak onartu duela zehazten baita.
Arreta deitzen duen lehenengo gauza dokumentuaren data da. Hau bitxikeri moduan aipatu nahi dugu, izan ere, langileen mugimendua ez da urte batzuk beranduago arte hasiko. Baina maiatzaren lehenengoan langileei araudi hau ezagutarazteak gure atentzioa deitu du.
Guztira 7 arau dira dokumentu honetan zehazten direnak eta esan daiteke gaur egungo arau edo legeek garatzen dituzten hainbat gai 1867 urtean ere punta-puntako gaiak zirela. Izan ere, nabarmen da garai batean garrantzia zuten gaiek gaur egun ere oraindik arduratzen gaituztela, adibidez, lan orduak, lanetik irteteko baimenak, lan ordutik kanpo lan egindako orduak, e.a. Dokumentu honetan islatzen diren artikulu desberdinek lan orduei zuzenean eragingo die, hauen inguruko artikulu desberdinak argitaratuz. Banan-banan aztertuko ditugu datozen lerroetan dokumentu honek islatzen ditun arauak. Gogoan eduki behar dugu enpresaren hasierako urteetan idatzi zela, 1860 urtean eraiki baitzen fabrika hau.
Lehenengo artikuluari dagokionean, urtaro bakoitzean zehazten diren lan ordu kopurua lan egin behar dela dio. Ez da ordu kopurua zehazten ordea. Enpresan zehar hiru gune zeuden mota honetako oharrak jartzeko, informazio txokoak balira bezala. Gune horietan jarri zuten araudi hau langileriari ezagutarazteko eta bertan jarriko dute baita ere, urtaro bakoitzari dagokion lanaldia. Bigarren artikuluak ere lan orduei eragingo die, ordutegia errespetatzeari hain zuzen ere. Kanpai batek adierazten zuen lanean hasteko eta bukatzeko ordua. Gaur egun ere lantegi batzuk oraindik mantentzen dute adarra jotzeko ohitura, eta ez bakarrik lantegiek, hainbat eskoletan ere adarra edo txirrina erabiltzen da eskola amaiera jakinarazteko. Artikulu honek agintzen duenaren arabera, kanpaiak jo eta 10 minutu beranduago sartzen zenari, kanpaiak jo baino lehenago irteten zenari edo kontramaisuak agindu baino lehenago irteten zenari lan-egunaren laurden bat galdaraziko zitzaion. Gaur egun horrelako neurriak indarrean dituzten tokiak ere badaude, izan ere, kasu batzuetan lanaldiaren erdia kentzera ere iritsi izan dira beste fabrika batzuetan.
Hirugarren artikuluak aparteko lan orduak nola ordainduko diren zehazten du. Aparteko lan orduak egiteko langileak aukeratu egiten ziren eta 12 ordu gehigarri egiten zituztenean lan-egun oso bat ematen zitzaiela dirudi “Al obrero que se le designe para que trabaje en horas extraordinarias, se le anotarán a parte, abonándoselas al respecto de doce horas por un día de trabajo”.
Hurrengo arauaren arabera, langileek egun bat edo gehiago lanetik irten nahi bazuten kontramaisuari baimena eskatu behar zioten lehenengo, honek ondoren nagusiengana bidaliko zuen eskaera eta hauek erabakiko zuten baimena eman ala ez.
Bosgarren artikuluak esaten digu fabrika barruan garbitasun eta txukuntasun arauak errespetatzea derrigorrezkoa zela langile guztientzat. Mota honetako arauren bat beteko ez balitz, zegokion isuna ordaindu beharko zen.
Seigarren arauak enpresa uzteari buruz dihardu. Bertan esaten du langile batek nahi duenean lana utzi dezakeela, hori bai, nagusiek ere jendea enpresatik botatzeko eskubidea badutela argi geratzen da. Momentuko gauza izan daiteke gainera, hau da, nagusi batek langile bat enpresatik botatzeko erabakia hartzen badu, momentu horretan bertan kaleratzeko aukera edukiko du.
Azkenik, zazpigarren arauak langile zehatz batzuei eragiten die: inprimatzaileei. Hauek ezingo zuten enpresa utzi hasitako lana amaitu arte. Bestalde, artikulu honek aipatzen du langile hauek hamabostaldietan jasotzen zutela soldata eta fabrika utzitakoan, hamabost egun ondoren jasoko zutela euren azken hamabostaldiari zegokiona. Honekin langileek lana ondo egiten zutela ziurtatu nahi dute, lana ondo egina ez badago, soldatatik kenduko baitiete isunengatik kobratu beharrekoa.
Zazpi hauek izango dira 1867an Hermanos Silva y Frois estanpatu fabrikako lan mundua arautuko zuten arauak. Ikusten da beraz, orain dela 150 urte estanpatuen enpresako lan mundua kontrolatzeko ezarri ziren neurriak egungo lan munduko kezka nagusienetakoak direla oraindik, nahiz eta gaurko baldintzetara egokituak izan, ardurak ez dira gehiegi aldatu urte guzti hauetan zehar.
Amaia Mendizabal