Liburutegiak

Mary Shelley. 200 urte zatiak josten

Bizitza gorabeheratsua izan zuen Mary Shelleyk (Londres, Ingalaterra, 1797-1851). Haren ama (Mary Wollstonecraft), feminismoaren aitzindarietako bat, Mary jaiotzean hil zen. Aita (William Godwin), berriz, filosofo erradikal ospetsua izan zen, alabarekiko maitasun handirik erakutsi ez zuena. Mary gazte bakartia izan zen, oso irakurzalea. 1814an, Percy Bysshe Shelley poeta erromantikoa ezagutu, eta, hura ezkonduta egon arren, elkarrekin ihes egin zuten. Bikoteak, Lord Byronekin igaro zuen 1816ko uda. Genevatik gertu —Villa Diodati etxean — eman zuten udaldi hura dago, hain zuzen ere, zientzia-fikzioaren aitzindari den Frankenstein eleberriaren sorburuan. 1822an, P. B. Shelley hil egin zen, itsasoan itota. Horrez gain, lau seme-alabatatik bakarra geratu zitzaion bizirik Maryri. Ospe oneko idazlea izan zen bere garaian, eta beste hainbat eleberri ere idatzi zituen (Mathilda eta Valperga, besteak beste), baina ezer ez zen Frankenstein-en parekoa izango…

-x-x-x-x-x-(Zuhaitz genealogikoaren irudia handiago ikusteko)-x-x-x-x-x-
Mary Shelley: Bere bizitzako gertakari esanguratsu batzuk1797
Abuztuaren 30ean jaio zen Londreseko Somers Town barrutian. Pentsalari ezagunetatik eratorritako egilea dugu, bere gurasoak Mary Wollstonecraft pentsalari feminista eta William Godwin filosofoa izan baitziren. Ama, Mary Wollstonecraft, bera jaio eta handik gutxira zendu zen sukar handi baten ondorioz.

1813
Maryren etxean ohikoak izango dira William Godwinen lagun eta jarraitzaileen bisitak, garaiko pentsalari eta jakitunak haietako asko. Honela ezagutuko du Maryk, 16 urterekin, Percy Bysshe Shelley: olerkaria eta bere aitaren jarraitzailea. Berarekin maiteminduko da.

1814
Mary eta Percy Frantziara abiatuko dira elkarrekin. Bi hilabeteren buruan, Ingalaterrara itzuliko dira, dirurik gabe.

1815
Beraien lehen alaba jaioko da, baina egun gutxira hilko da.

1816
• Bikoteak atzerrira alde egingo du berriro, oraingoan Suitzara. Han, Lord Byron eta John William Polidori lagunekin elkartuko dira, eta Byronek Leman lakuaren (Geneva) ertzean alokatutako luxuzko etxe batean igaroko dituzte egunak. Byronek mamu-istorioak idatz ditzaketela proposatzen du jolas gisara. Maryk “Frankenstein” idatziko du.
• Mary eta Percyren semea, William, jaio zen.
• Percyren emazteak, Harrietek, bere buruaz beste egingo du.
• Percy eta Mary ezkondu egingo dira abenduan.

1817
Beraien bigarren alaba jaioko da: Clara Everina.

1818
• “Frankenstein” lehen aldiz argitaratuko dute.
• Shelleytarrek Italiara alde egingo dute eta han Clara Everina hil egingo da.

1819
• William semea hil egingo da. Galera hori kolpe handia izan zen Maryrentzat; eragin traumatikoa izango du beregan.
• Percy Florence semea jaioko da eta bera izango da seme-alaba guztietatik bizirik iraungo duen bakarra.

1822
Maryren senarra, Percy Bysshe Shelley, itota hilko da La Speziako golkoan (Italia) itsas bidaia batean dabilela.

1823
• Mary Ingalaterrara itzuliko da bere seme bakarrarekin. Bizitzan berriro ez ezkontzeko erabakia hartuko du.
• “Valperga” idatziko du, XIV. mendean girotutako maitasun istorioa.
1826“The last man” eleberria idatziko du; XXI. mendean kokatua, gizadiaren amaiera irudikatzen du bertan.

1851Otsailaren 1ean, 53 urte zituela, zendu zen Mary Shelley. Antza denez, burmuineko minbiziak eraman zuen.
-x-x-x-x-x-


-x-x-x-x-x-Frankenstein edo Prometeo modernoa1816ko udaberrian, Percy Bysshe Shelley eta Mary Wollstonecraft Godwin (artean ere elkarrekin ezkondu gabeak), Ingalaterra utzi, eta kontinentera abiatu ziren denboraldi baterako. Haiekin zihoazen haien seme William eta Claire Clairmont, Maryren ahizpaordeetariko bat. Claire haurdun zegoen, eta Lord Byron zenez umearen aita, harekin elkartu nahi zuen kosta ahala kosta. Genevatik gertu, Leman aintziraren ertzean, Byronek etxe handi eta dotore bat alokatua zuen: Villa Diodati, eta hantxe kokatua zen, bere idazkari eta mediku John William Polidorirekin. Percy, Mary eta Claire maiz izaten ziren bisitan Byronenean.

Oso gogoko zuten aintziran nabigatzea eta inguru eder haietan ibilaldiak egitea, baina espero zitekeena baino euritsuagoa izan zen uda hura, eta, eguraldi txarrak etxean geratzera behartzen zituen sarri. Shelley eta Byron poeta handiak ziren ordurako, eta solasaldi luzeak izaten zituzten askotariko gaien inguruan: literatura, filosofia, zientzia… Pentsa zitekeen bi jenio handi haiek izango zirela bilera haien ardatza, ia entzule huts bilakatzeraino beste hiru lagunak, baina “bigarren mailako” kideok arrakasta itzela lortuko zuten gerora.

Gau batez, Phantasmagoriana izeneko liburua irakurtzeari ekin zioten elkarrekin. Beldurrezko ipuinen bilduma bat zen, eta irakurketa hark akuilatuta-edo, “gutako bakoitzak beldurrezko istorio bat idatziko du”, bota omen zuen Byronek erronka modura. Denek onartu zuten haren proposamena. Bi poetak laster nekatu omen ziren prosaren arrunkeriaz, eta bertan behera utzi zituzten beren kontakizunak. Polidori, berriz, gerora Banpiroa izeneko nobela laburra izango zena idazten hasi zen.

Mary, ordea, idorraldian zegoen. Goizero galdetzen omen zioten ea istorioren bat bururatu ote zitzaion, eta berak ezetz erantzun behar izaten zien behin eta berriz. Irakurleak izu eta ikara jarriko zituen istorio bat sortu nahi zuen, jendearen bihotza taupa-taupa jarriko zuena. Ezin ezer asmatu, ordea.

Bien bitartean, Shelleyk eta Byronek solasaldi mamitsuetan murgilduta jarraitzen zuten, eta gau-bilera haietako batean, bizitzaren printzipioaz jardun zuten. Luigi Galvaniren saiakuntzak eta Erasmus Darwinen teoriak izan zituzten hizpide. Orduko zenbait zientzialariren arabera, izaki baten zatiak fabrikatu, horiek batu, eta zer horri bizia emateko aukerak zeuden; edo gorpu bat berpizteko.

Gau hartan, oheratzean, Maryk ezin zuen begirik bildu. Irudimena gogoaz jabetu zitzaion, eta oso argi ikusi omen zuen idatziko zuen istorioaren muina, hots, soin-atalak bildu eta horiei bizia emanez munduaren sortzailea imitatu nahi zuen gizakiaren eta bere sorkariaren arteko harreman lazgarria. Aspaldi idatzia izan arren, gaurkotasun handiko eleberria da Frankenstein edo Prometeo modernoa, zientziaren aurrerapenak eta haren ondorioek gure garaian pizten dituzten eztabaida sutsuei zuzen-zuzenean lotzen zaiena.

Inork gutxik pentsatzen zuen Mary gazteak idatzitako nobela hark berebiziko arrakasta izango zuenik, eta are gutxiago, mito bihurtuko zenik. Edonola ere, munstroak berehala kendu zien lekua bere bi sortzaileei: Victor Frankenstein zientzialariari, fikzioan, izena ere lapurtu baitzion (asko dira munstroaren izena “Frankenstein” dela uste dutenak, baina izakiak ez zuen izenik), eta bere egile Mary Shelleyri, errealitatean, izaki beldurgarriaren itzalak idazlea bera estali zuela esan bailiteke. Hondarribiko Udal Liburutegian antolatu dugun erakusketa —eta ziklo — hau, Mary Shelley idazlearekin dugun zorra kitatzeko helburuarekin taxutu dugu, eleberria argitaratu zenetik 200 urte igaro diren honetan.

-x-x-x-x-x-

Mary Shelley. Frankenstein o el moderno PrometeoElena Odriozola (Donostia, 1967) testuliburuak ilustratzen hasi zen, duela hogei urte inguru, publizitate agentzia batean lanean ari zen bitartean. Gero, gauza batek bestea ekarri zuen, eta ehun bat liburu argitaratu ditu dagoeneko, gehienak haur eta gazteentzako literaturaren alorrean. 2015ean Ilustrazio Sari Nazionala jaso zuen.

1816ko udan, Lord Byronek Percy Bysshe Shelley poeta eta bere bere bikote Mary, gonbidatu zituen Suitzako bere etxera. Egun euritsuak izan ziren, eta etxeko jabeak mamu-istorio bana idazteko proposamena luzatu zien gonbidatuei. Horra nola sortuko den Frankenstein edo Prometeo modernoa, 1818an argitaratua eta zientzia-fikzioaren generoko lehen eleberritzat jo izan dena.

Edizio honetan, Elena Odriozolaren lan grafikoa nabarmentzen da bereziki, zeinak testu klasikoaren irakurketa pertsonala egin duen. Bere paperezko antzokitxoa, irudien bidezko narrazio aukera berriak zabaltzen dituen agertokia da.

Mary Shelley. Frankenstein o el moderno Prometeo
Ilustrazioak: Elena Odriozola
Itzulpena: Francisco Torres Oliver
Nórdica Libros, 2013

-x-x-x-x-x-
Britainia Handia, XVIII-XIX. mendeak, gertakari esanguratsu batzukNapoleon I.aren garaia dugu, gerrate garaia. Bere inperioa ahalik eta gehien zabaldu nahi zuen munduan zehar, eta Britainia Handia ere menpean hartzen saiatu zen.

1780
Luigi Galvani italiar zientzialariaren esperimentuak. Saio ugari egin zituen igelekin; hildako igelen bizkar-muinean korronte elektriko txiki bat aplikatuz gero, animalia horien giharrak bihurritu egiten zirela erakutsi zuen. Deskarga horiei esker, igelaren hankek jauzi egiten zuten, animalia bizirik dagoenean bezalaxe.

1792
Mary Wollstonecraftek “A Vindication of the Rights of Women” lan aitzindari eta iraultzailea argitaratu zuen. Europako literatura eta filosofia modernoaren historian, lehenengo idazki feministetako bat dugu. Bertan, Wollstonecraftek, Jean-Jacques Rousseau pentsalariaren misoginiari erantzuten dio eta emakumeen eskubideen aldeko aldarria egiten du.

1797
Frantziaren porrota Gales menpean hartzeko saiakeran.

1798
Nelson almirante ingelesak eta bere gerlariek Frantzia garaituko dute Niloko Guduan, Egipton.

1799
Zerga bidezko sistema ezartzen da.

1800
Alessandro Volta fisikari italiarrak pila elektrikoa sortuko du.

1801
Lehen zentsua Galesen eta Ingalaterran.

1802

Frantziaren eta Britainia Handiaren arteko gerraren amaiera, bi herrialdeek ‘Amienseko Bakea’ sinatuko dute martxoan. Guda berriro piztuko da.

1803
Napoleon enperadore izendatuko dute.

1804
Nelson eta bere gerlariek Frantziako eta Espainiako itsas armadak garaituko dituzte Trafalgarko batailan.

1807
Esklabotzaren deuseztatzea.

1809
Gas bidezko argiaren erabilera, lehen aldiz, Londres erdialdean.

1812
Spencer Perceval, 1809tik Erresuma Batuko lehen ministro zena, erail zuten.

1814
Robert Stephenson ingeniari ingelesak lurrun bidezko lehen trena eraiki zuen.
Aliatuek nagusitasuna hartuko dute gerrateetan, eta Napoleon I.ak boterea galduko du. Elba uhartera eramango dute atxilotuta.

1815
Napoleonek kartzelatik ihes egingo du martxoan. Agintea berriro hartuko du, baina ekainaren 18an ingelesek eta prusiarrek Waterloon garaituko dute.

1818
“Frankenstein” eleberriaren lehen argitalpena.

1829
Robert Peel Erresuma Batuko lehen ministroak hiriko lehen segurtasun-indarrak sortuko ditu.

1840
Britainia Handiko posta zerbitzua (Penny Post) martxan jarriko dute.

1845
Patataren gosetearen hasiera Irlandan.