Ondare idatziaren bitartez oroitzapenak berreraikitzen
Aurreko hilabetean Aljibera antolatu zen bisitetan parte hartu zenutenek ezagutuko duzue gaurko berri honetan jarri dugun argazkia. Estanpatuen fabrika osoaren planoa da eta bertan, argi eta garbi ikusi daiteke enpresak barnean zuen sistema hidrologikoa, ura behar zen tokietara bideratzeko kanalekin eta biltzeko uharka edo andelarekin.
Plano hau beste dokumentu handiago baten zati bat da. Dokumentu hau fabrikaren inbentario bat da eta zehatz-mehatz irudikatzen digu fabrika nolakoa zen Subijanaren eskuetara pasa zenean: eraikuntzak, eraikuntzarako materialak, lantzen ziren produktuak, e.a. Dena deskribatzen da “A los señores Subijana y Cía. Tintorería y estampados. Villabona. Guipúzcoa” izenburuko lan honetan (sig. 1389-05). Tamalez, ezin dugu zehazki jakin noiz idatzi zen dokumentu hau datarik ez baita inon adierazten. Badakigu ordea, fabrika Subijanaren eskuetara 1907 urtean pasa zela, beraz, XX. mendearen lehenengo erdialdekoa izango dela pentsa daiteke.
Esan bezala beraz, testu hau inbentario bat da, fabrikaren balio ekonomikoa ezagutzeko egin zen, bertan zegoen guztia azaltzen baita deskribapen eta balio ekonomiko batekin. Gaur egun ordea, dokumentuak beste balio bat edukiko du. Egun desagertua dagoen Villabonako ikur baten itxura eskaintzen du eta horri esker oso erraza egiten da bertan gertatzen zena gure buruan irudikatzea.
Dokumentuak lau zati ditu. Lehenengoan eraikuntzak deskribatzen dira. Guztira 21 ziren (tximiniaz gain) eta bakoitza oso modu sakonean deskribatzen da. Horietako bakoitzean betetzen ziren funtzioak, azalera, erabilitako eraikuntza materialak, zenbat solairu zituen eta bakoitzaren deskribapen sakona (batzuk solairu bakarrekoak izango ziren, baino beste batzuk bi eta hiru ere edukiko zituzten), barnealdeko banaketak, leihoak edo argiteria sistema,… Eta noski, eraikin bakoitzaren balioa. Atal honen amaieran laburpen bat erantsi da eta hor ikus daiteke eraikin garestiena lehenengoa zela. Hauek dira bakoitzaren izenak (zenbakiei esker planoan erraz kokatu daitezke):
1.Koloreak prestatu eta zapiak estanpatu
2.Garbitokia, tindaketak, zuriketak, artilezko piezak
3.Galdara gela, lehortegia
4.Estanpatzeko makinen eta zilindroen makina gela, lehortegia eta estanpatzeko gela
5.Zuriketak
6.Estanpatzeko plantxen biltegia, aireko lehortegia
7.Zurgindegia, pieza zurien biltegia, lehortegia
8.Zalditegia
9.Langileentzat etxea
10.Estanpatzeko plantxen biltegia
11.Drogen eta estanpatzeko plantxen biltegia
12.Etxebizitza. Etxabea eta hiru solairu; egongela eta jangela tximiniarekin batera bigarren solairuan zeudelarik
13.Bulegoa eta biltegia
14.Idaztegia eta biltegia
15.Erabilera anitzeko gela
16.Konponketa mekanikoen lantegia
17.Turbinak
18.Sutegia edo errementeria
19.Biribilkiak grabatzeko gela, txatar biltegia
20.Tindategia
21.Komunak
Dokumentuaren bigarren zatiak eraikin bakoitzaren gela bakoitza deskribatzen du. Hauek ere modu sakonean. Eraikinez-eraikin doa eta solairu bakoitzeko gela bakoitza nolakoa den, zertarako den eta bertan dauden gauza guztiak (makinak, altzariak,…) zerrendatzen ditu, ondoren bakoitzaren balorazio ekonomikoa kalkulatzeko. Adibide batzuk jartzearren: “Edificio 1. Planta Baja. Sala A. Sala de iluminación a mano: 2 mesas de pino de 9400x1200x100 m/m con tapiz de fieltro y tela de yute” edo “Edificio 13. Planta Baja. Sala B. Despacho del director. 1 mesa ministro de 1.65×1.00 de nogal doble, cara superior de molesquin. 2 sillones nogal, asientos y respaldos tapizados”. Ez da oso zaila horrelako bulego batean ospatuko ziren bilerak irudikatzea.
Hirugarren atala ekoizpenari buruzkoa izango da. Erabiltzen ziren materialak, moldeak edo ereduak aipatzen dira bertan. Ehun mota eta kolore bakoitzerako erabiltzen ziren moldeak zehazten dira. Hauetako gehienak egurrezkoak edo berunezkoak ziren, nahiz eta kobrezko batzuk ere erabili. Eredu desberdinak erabiltzen ziren kotoiarentzako, kaxmirrarentzako, zapi gorriak egiteko, kafe kolorekoak,… Ehun frantsesak (bordatuak normalean) edo alemanak egiteko ere, molde bereziak erabiliko ziren. izan ere, fabrika honetan ekoiztutako ehunen artean aukera zabala zegoen.
Azkenik, dokumentu honen laugarren atala fabrikaren planoek osatuko dute. Berri honen irudi fabrika osoaren planoa dugu, baina eraikuntza bakoitzak ere bere planoa edukiko du, non gela bakoitza ondo islatua egongo den.
Oso dokumentu berezia dugu esku tartean beraz. Villabonako fabrika nagusienetako bat XX. mende hasieran nolakoa zen jakiteko datu eta informazio baliotsua eskaintzen digu. Eta zergatik ez, nostalgia puntu bat ere ekar diezaguke.
Amaia Mendizabal