Bloga

Iñaki Irizar gogoan

Badira pertsona batzuk lehen kolpean harrapatzen zaituztenak. Gero eta gehiago ezagutu ahala ondoan nahi dituzunak, eta euren ondoan zure burua egotea ere nahi duzuna.

Hala gertatu zitzaidan Iñakirekin. Ondo baino hobeto dut gogoan elkar ezagutu genuen eguna, Bergarako udaletxeko ganbaran. Orduan ezin nuen imajinatu aurrerago berarekin lan egiteko aukera izango nuela ia 5 urtez, Laboratorium proiektu zoragarrian.

Jakina, are gutxiago imajinatzen nuen nire burua lerro ziztrin hauek idazten, zer dela eta Iñakiren heriotzaren harira. Madarikatzeko tartea baino uzten ez duen heriotza. (halakorik nola pentsa!)

Gizon handia izan da Iñaki (“izan da”, “zen” baino errazagoa egiten zait). Handia, eskuzabala, argia eta alaia. Gustuko zuen entzutea eta, ondorioz, ez zuen zalantzarik berea bota eta horren gaineko iritzia galdetzeko. Ondo pentsatu ondoren erabakiak gauzatzeko plana egin eta lanak banatuta, zuzendari ona. Une goxo asko pasa genuen elkarrekin, garaipen txiki asko gainontzeko lankideekin batera. Porrotak ere bai, baina horietan ere lemari heltzeko ardurari uko egiten ez ziona. Horrekin batera, tokikotasunaren garrantzia, tokiko sustapena eta ekoizpena ikasgai ederra izan zen. Bergara hezur muineraino.

Barre algara asko egin genuen “Eburniko kattana”ren zirriborroarekin. Eta ezin askatu arantza izango dut berak “Eburniko kattana” osorik irakurri ez izana. Tira, hori eta beste adina solasalditxo geratzen zaizkigu zintzilik: Bergara 1766, antropozenotik kapitalozenorako saltoa, Aritzetako San Miel, autokarabana berria, ardoa, Gipuzkoako basogintza, herri lurrak,…

Nagusia baino lagun mina.

Adiorik gabeko agur ezak uzten duen minaren tamainakoa.

Gugan beti Iñaki!

David Zapirain

(Irudia diariovasco.com helbidekoa da)