Erreferentziazko liburuen antolamendu berria Getariako liburutegian
Liburutegi guztietan egoten dira erreferentziazko liburuak deitzen ditugunak. Gaiak landu eta mundua ulertzen laguntzen digutenak dira baina, ez-fikziotik. Ikasketetarako, ikerketarako edota kontsultarako erabili izaten ditugun horiek.
Material mota hau badugu Getariako liburutegian ere bai, noski. Bai heldu eta haurren gunean. Eta ikusiko zenuten bezala, helduen gunekoarekin gora eta behera gabiltza azkenaldian. Izan ere, Getariako liburutegiak atal honetan dituen liburuentzat sailkapen edo antolamendu berri bat sortzen aritu gara iazko otsailetik. Bertan ditugun gai guztiak modu sinple eta errazago batean islatzen lagunduko digun antolamendu bat diseinatu nahi izan dugu. Baita, gero, eduki zehatzen bat topatzerako garaian, bidea erraztuko digun bat. Funtsa eta liburutegi berari Getariako nortasuna indartu nahi izan diogu ere bai. Horregatik, Getaria herri bezala ezaugarritu dezaketen gai batzuk lehenetsi egin ditugu.
Hortaz, bi ideia nagusi hauetatik abiatuta, bi bloke edo multzo nagusitan antolatu dugu funts osoa. Lehenengoa eta lehentasuna eman nahi izanagatik, Getaria munduan deitu dugu (oraindik honekin dihardugu) eta bertan Getaria eta Urola Kostari buruz jakintza ezberdinetatik idatzi diren lanak, Getariako sortzaileen lanak eta Getaria bera herri bezala ezaugarritzen duten hainbat gai eta hauen azpigaien materiala bilduko dugu. Hala nola Itsasoa, Bidaiak eta abenturak eta Migrazioa. Juan Sebastian Elkano eta berekin egon ziren guztien arrasto bidaiari eta abenturazalean eta honek guztiak eragin ditzakeen hausnarketetan oinarrituta, gehienbat. Migrazioa eta Mundu egoera atalak lehen multzo honekin lotu nahi izan ditugu ere bai. Izan ere, bidaia eta abenturek lehengo eta egungo migrazioez pentsatu eta hausnartzera bideratu gaitzakete eta migrazioaren gaiak aldi berean, mugimendu migratorioen arrazoietan hausnartzen gelditzen bagara, unean uneko mundu egoeraz pentsatu eta hausnartzera bideratu. Mundu-biraren ideiak berak ere, egungo munduaren nolakotasunaz galdetzera eraman gaitzake.
Bigarren multzoa, (eta mundu egoeraren haria jarraituta) jadanik bukatuta duguna, Euskal Herria eta inguratzen gaituen mundua deitu dugu eta bertan liburutegian ditugun beste gai guztiak eta hauen azpigaiak barne-bildu ditugu. Gure inguru eta mundua ulertzeko ere ezinbestekoak. Hementxe topatuko ditugu besteak beste: Euskal Herriko eta hemendik kanpoko lan munduaz, genero desorekaz, hizkuntzaren mundu eta aniztasunaz, usadio eta folkloreez, historiaz, hazkuntzaz eta hezkuntzaz, elikaduraz, osasunaz, aisialdiaz, sormenaz edota bere osotasunean bizitzaz hausnartzen lagundu diezaguketen materialak.
Ezagutzaren antolamendu honen bidez, munduan zehar murgiltzeko, bidaiatzeko, erantzunak topatzeko (edo nahiago baduzue, galtzeko) modu berri bat proposatu nahi izan dizuegu, funtsean. Helduleku bat eman. Liburutegietan azkenean, hori guztia egiten baitugu, ezta? Animatu zaitezte, hemen izango gara eta.
Alazne Madinabeitia