Testuinguruaren garrantzia artxiboetan
Artxibozainontzat –eta historialarientzat- oso garrantzitsua da testuingurua. Dokumentu bat momentu eta behar konkretu batengatik eratzen da; ezinbestean. Egunak, hilabeteak eta urteak igaro ahala, sorkuntza testuinguru hori eraldatzen joaten da. Horregatik, balio historikoa duen idatzi batek, mementu hartaz, lehen mailako informazioa -zuzena- helarazten digu. Dokumentuak garaiko testuingurua ezagutzen laguntzeaz gain, historiak idatzia hobeto ulertzen laguntzen digu: sorgin-gurpil bat eratuz.
Artxibozaintza modernoa XIX. mendean garatu zen. Ordura arte gaiaren, dokumentu-tipologiaren edo euskarriaren ezaugarrien arabera sailkatzen zen. Modu honetan dokumentuen jatorrizko ordena apurtzen da, informazioa betirako galtzen da. Zaila egiten zaigu geuri ere, askotan, sailkapen organiko-funtzionalak errespetatzea: maiz dokumentazioa oso nahasturik egoten da eta bertako informazioa berreskuratzeko modu bakarra gaikako sailkapen bat egitea izaten da. Dena den, artxibozain orok presente izen behar du testuinguruak – sailkapenak – duen garrantzia, gure arloaren giltzarria da.
Erabiltzaileak harri berarekin egiten dute topo. Informazio konkretu baten bila etortzen dira, baina funts, sail eta dokumentuek ez dute, hitzez-hitz, gurako luketen moduan erantzuten: zeharka irakurri behar da. Dokumentu bat funtzio konkretu bat egiteko jaio bazen ere, ikuspuntu desberdinetatik aztertuta informazio andana eman dezake.
Museo batera joan eta bertako objektuak ikustean berdina pasatzen da. Materialak bere horretan informazioa ematen digu, baina bere testuinguru-arkeologikoa eta -historikoa ezagutuz gero ikuspuntu zabalagoz aztertu ahalko dugu. Historialariek, beraz, iturri materialak zeharka irakurri behar dituzte: testuingurua leitu.
Klara Gorosabel Zaldibia