Jon Benitoren Lagun minak

Jon BENITO ARANBARRI

Lagun minak

 

Farmazia Beltza, 2022

296 orrialde

isbn 978-84-123140-4-5

20€

 

 

15 zatik osatzen dute puzzlea. Ez larritu lehenaren izena “Hamar” izatea. Autorearengan 10 urteko tartea bizitzaren epe naturala da eta. Beraz, lehen hitzetik idazleak bere asmoen berri ematen digu. Zintzotasunez, bere / gure buruari egindako bi galdera aurkeztu ala bota digu: “Zer gertatu zitzaigun?”, “Zer ginen zauriaz lehen?”.

 

Erantzunak ezagutzeko ez da amaiera arte itxoin behar, nahiz eta han ere argi mintzo zaigun. Erantzunak ezagutzeko aski da irekiera eta itxiera poemen artean idazleak oparitzen dizkigun kontakizunak irakurtzea. Azken batean, amodioaren eta gorrotoaren, laguntasunaren eta minaren arteko eremuan bizi da / izan da idazlea; ez horregatik bakarrik bizi, toki eta garai zehatzean baizik. Lagunez inguratuta. Edo lagunez barneratua.

 

Izan ere, ainguratik askatu eta haizeak bultzatutako poemak dira lan honen egitura. Idazlearen ezin egonaren berri ematen digute, idazlearen auto baieztatzearen berri ematen digute. Horien euskarri gorpuzten dira narrazioak.

 

Bi galdera xinple horiek sortu burutazioak ezagutuko ditugu. Paisaia ezagunek gure arreta piztuko dute; ahaztutako izenak nahiz pertsonak eta pertsonaiak berpiztuko dira gure memorian; gertatu ez bazaizkigu gerta zitzaizkigukeen / litzaizkigukeen egoeratan autorearen burua ez ezik gurea ere ikusiko dugu nahastuta. Jakina, nahasi eta minduko gara, maitasunaren bila, askatasunaren bila, gorrotoaren bila. Eremu ezagunean murgilduko gara.

Ez nolanahi, baina. Bidaia horretarako idazle alimalezko batek lagunduko digu. Hamarnaka dabilen Jon Benitok. Bere unibertso pertsonal nahiz kolektiboa eskaintzen diguna, hizkuntza modernoa, modernizatua, berritua, fina, polisemikoa erabilita.

 

Autoreak zalantzati galderak plazaratu ditu; edo akaso zalantzak guk genituela pentsatu du. Anabasa horretan ziurtasun bat dago: autorea idazlea da, idazle ona. Izkutuan segitzea barkatzeraino ona, nahiz eta honetan denon aurrean biluzik geratu.

 

Alegia, gozatu duzu eta harrituko zara liburua irakurtzean. Amaitu ostean, bi urrats gehiago eman, eta galdera korapilatsuek erantzun erraza dutela konturatuko bazara ere. Pirloren pase bat bezala; edo agian, Zarautzen lurrera erori zaizun izotz bolak ematen dizun minaren tamainakoa.