Arrate eta txirrindularitza
Arrate aspaldidanik izan da eibartarrontzat leku berezia. Denok ezagutzen ditugu bertan ospatzen diren jaiak, bertako eliza eta zelaiak, eta asko gara mendi buelta bat eman ostean, orain denbora gutxi itxi zen Kantabria tabernan zerbait hartzera geratutakoak. Baina Eibartik kanpo, nazioartean ere, Arrate izena esanda, hainbat jenderi ezaguna egiten zaio. Honen arrazoi nagusietako bat txirrindularitza da hain zuzen. Nola heldu da Arrateko helmuga azken urteetan, World Tour (nazioarteko maila altuena) kategoriako lasterketetako helmuga izatera? Bide luzea izan da, baina hurrengo lerroetan lehenengo harriak ipini ziren garai haietara begiratuko dugu.
Honetarako 80 urte inguru egin behar dugu atzera, hain zuzen ere 1941 urtera. Seguraski gaur egun Arrateko maldak ez lukete daukaten izena izango, urte hartan Eibarko Klub Deportibuak ez balu I. Arrate Igoera ospatzea erabaki. 1941eko apirilaren 20an Klub Deportibuak “Finalista eguna” ospatzeko asmoa zuen. Finalista egunean mendi gehien igotako mendizaleak omentzen ziren, eta urte hartan, eguna girotzeko, txirrindularitza lasterketa bat antolatzea bururatu zitzaien. Horrela, lasterketa antolatzeko batzordea sortu zen, Antonio Dorado buru zela.
Lehen edizio honetan txirrindularitzan hasi berriak ziren eta laugarren mailako 22 txirrindularik hartu zuten parte, 18 helmugaratuz. Azkarrena “Umore Ona” taldeko Pedro Zugasti izan zen, 25 minutu eta segundo bateko denborarekin. Mendiaren inguruan ospatzen zen egun bat girotzeko asmoarekin egindako lasterketa honek, gaur egun arte gelditu ez den errobera bat ipini zuen martxan.
Bigarren ediziorako, lasterketa handitzen ari zen seinale batzuk ikus ditzakegu. Euskal Herriko hainbat lekutatik etorri ziren taldeak, eta Klubak prentsara bidalitako idatzian lehen mailako txirrindulari nazionalak gerturatuko direla adierazten du, zeren aurreko urteko emaitza onak ikusita, 1942 urteko edizioan edozein mailatako txirrindulariak parte hartu ahal izan zuten, “hasi berriak” izan ezik. Horrela urte bakarrean txirrindularien maila asko igo zen. Klubak ere errepide bazterrak eibartarrez betetzea espero duela dio, eta ilusio handia erakusten da, Oñatiko C.D. Chanchicu choco taldeak irteera bat antolatu duelako, proba ikusteko asmoarekin. Beraz, bigarren edizioko idatzi originaletan nabaritu dezakegu probak urte bakarrean izandako gorakada eta antolatzaileen ilusioa urtez urte lasterketa antolatu eta handitzen joatekoa.
Urte batzuk aurrera eginda, 1948 urteko Arrate Igoeraren VIII ediziora egingo dugu bidaia. Aurreko edizioetan bezala, Eibarko Klub Deportibuak “Finalista egunean” ospatzen jarraitzen du. Baina edizio honetako prentsara bidalitako idatzietan, dagoeneko azpimarratzen da, nahiz eta historia motza izan, hartutako famaren ondorioz zonaldeko lasterketa garrantzitsuena bilakatu dela.
VIII edizio honetan azpimarratzekoa da gainera, antolatzaileek lehen nazioarteko edizio bezala aurkezten dutela, Tarbesko “Velo Club” txirrindularitza taldeak bere txirrindulari batzuk aurkeztu dituelako. Azkenik, aurreko bi erakusle hauekin batera, sarietan egondako gorakada ere azpimarratu dezakegu. 1942 urteko lasterketan, garaileak 350 Pesetako saria jaso zuen, eta sei urte beranduago ia hirukoiztu egiten da, 1000 Pesetara igo arte. Honekin lotuta garaileen denborak ere gero eta azkarragoak dira, lasterketaren famak erakarrita. Lehenengo urte hauetan errekorra Martin Mancisidorrek ezartzen du 21 minutu eta 23 segundoko denborarekin.
Hasieran esan dugun bezala, urte hauetatik aurrera Arrateren eta txirrindularitzaren arteko lotura banaezina izan da. Horren erakusgarri da 80 urte beranduago apiril inguruan eibartarrok Ixuako maldetan lehen mailako txirrindularitzaz disfrutatzen jarraitzen dugula da, mundu guztiko zaletuen aurrean horrenbeste maite dugun txoko hau mapan kokatuz. Neurri handi batean lehenengo Klub Deportiboko antolatzaile hauei zor diegu Federico Martin Bahamontes, Jacques Anquetil, Raymond Poulidor, edo gaur egungo Tadej Pogačar, Primoz Roglic edo Remco Evenepoel bezalako kirolariez disfrutatzea. Beraz jarrai dezagun lehen mailako txirrindularitzaz disfrutatzen, baina nondik gatozen ahaztu gabe.
Txomin Osoro Gutierrez