Lekuona Fabrikako Kultura mediazio lanak
Lekuonan garatzen ditugun kultura mediazio lanak gehienbat Lekuona Fabrikak eskaintzen duen Legamia programarekin lotuta daude, nahiz eta Legamiatik kanpo ere beste lanen bat ere burutu izan dugun. Hauen artean, besteak beste, herriko ikastetxe ezberdinekin lantzen dugun Kultura Podcasta edo udaletxeko sail ezberdinak edo liburutegiarekin egindako kolaborazioak daude tartean.
Legamia egitasmoa Errenterian errotu eta eragina izango duen egonaldi eta mediazio programa da. Arte biziei (antzerkia, dantza, zirkua) loturiko proiektu artistikoen sorkuntza eta ikerketa prozesuak, edozein fasetan daudela ere, babestu, erraztu eta laguntzea du helburu.
Horrekin batera, Errenteriako Kultura saila eta honekin lankidetzan aritzen diren eragileen artean garatuko duen mediazio plangintza baten bidez, sorkuntza bera Errenteriako eragile eta herritarrekin partekatzeko asmoa da programa honen ezaugarri nagusienetakoa.
Aurten Legamiaren barruan dantza, musika, antzerkia, opera edo zirku proposamenak landu dira, hauen bitartez, besteak beste, maskulinitate toxikoa, gurasotasuna eta lana, espazio publikoaren erabilera, sare sozialak edo transesualitatearen ingurukoak landu ditugu. Doos Colectivo + Marie de Jongh, Txalapart Produkzioak, Berdinki zirkua, Goitibera, Trapu Zaharra edo Marta Eguilior bezalako konpainia eta artistekin lan egiteko aukera izan dugu.
Adibide labur moduan Doos kolektiboa + Marie de Jongh konpainien artean Legamiako egonaldian landu duten “Esna” dantza ikuskizuna eta Txalapart taldeak egonaldian aurkeztu duen “Orbela” ikuskizunaren inguruan egin dugun mediazio lanak aurkezten dizkizuegu ondorengo lerroetan:
“ESNA” haur eta familiei zuzendutako antzerki-dantza proiektua da, non esperimentua esperientzia bihurtzen den. Ikuskizun honek balioan jartzen du pertsonek beren gorputzekin edo irudimenarekin esperimentatzeko duten gaitasuna, rol desberdinak jokatzeko, munduarekin erlazionatzeko, harremanetan arakatzeko, probatzeko, bilatzeko gaitasuna. Finean, hainbat aukera ikertzeko gaitasuna. Balio hori erreibindikatu beharra ikusten dugu gizarte mesfidati batean, dena presaka etiketatzeko joera duen gizarte honetan. Huts egiteko eskubidea aldarrikatzen dugu, baita porrot egitekoa ere, bizitza bere sakonera osoan ulertuko badugu.
Doos eta Marie de Jongh konpainiekin Errenteriako Egiluze eta Koldo Mitxelena ikastetxeekin lan egin dugu, 8-10 urte bitarteko haurrekin gorputza eta norberak nahi duen hori izateko ahalmenaren inguruko gogoeta egiteko dinamika praktiko ezberdinak aurkeztuz.
Saio hauetan parte-hartzeaz gain eskola ezberdin hauetako ikasleak entsegu ireki batetara gonbidatu ditugu, bertan, konpainien lana gertutik ikusi eta zuzenean beraiekin hitz egiteko aukera izatea ahalbidetuz.
Haurrekin hezkuntza bidetik lan egiteaz gain herriko dantza eskolako ikasleekin ere “masterclass” antzeko bat ere antolatu dugu, bertara euskal dantza edo balleta lantzen duten ikasleak gerturatu ziren.
Txalapart
Txalaparten kasuan berriz Hiru artista eszenatokian biltzen dira musika, antzerkia eta kantuan oinarritzen den emanaldi batean. Bertan txalapartaren inguruan mugitzen dira eta hiru oinarrizko material jotzen dituzte : burdina, harria eta zura.
Proiektu hau bereziki interesgarria iruditu zitzaigun hasera batetik, normalean 2-6 urte bitarteko haurrentzat ez baitira horrelako proposamenak lantzen. Soinua, kantua, musika eta antzerkian oinarritzen den proposamena da. Arteak haur txikien atentzioa erakartzen du eta haien alde arrazionala deskonektatzen du formen, koloreen, erritmoen, melodien eta disonantzien erabileraren ondorioz. Horrek haurren irudimena, haien sentitzeko eta hautemateko gaitasuna, eta baita haien gogoa ere pizten du.
Txalapartekin batera Errenteriako Haur hezkuntza eskola gehienetatik pasa gara, egin diren emanaldi ezberdinetan ikasle txiki hauen jarrera eta atentzioaren inguruko jarraipen bat eginez. Orokorrean proposamenaren lanketa oso arrakastatsua izan dela esan dezakegu, haur, irakasle eta artistak egin den lanarekin oso gustura agertu baitira.
Kultura Podcast
Kultura Podcasta herriko ikastetxeekin sortutako programa da; bertako kultur ekitaldi eta proposamenei buruz hitz egingo duena. Bertan 10-18 urte bitarteko eskola ezberdinetako gazte taldeek hilero herrian kulturaren alorrean egiten diren egitasmo ezberdinak aztertuko dituzte.
Metodologia ezartzeko saioak antolatu ditugu eskoletako koordinazio taldeekin. Eskola guztiek metodologia bateratu bat jarrai dezaten. Gure partetik proposamen malgu baina bideratu bat eramango dugu horretarako. Bestalde Ikasle nagusienak teknikoki prestatzeko ikastaroak ere antolatu ditugu.
Podcastari dagokionez aurten Egiluze ikastetxea eta Orereta Ikastolak parte hartu dute proposamenean. Bi talde erabat ezberdinak dira, batzuk LH5 kurtsokoak eta besteak berriz DBH1-2ko komunikazio klasekoak. Gazteenekin herriko kultura guneak eta bertan lantzen diren proposamen ezberdinen inguruko atalak landu ditugu, hauen artean Legamia programaren parte den “Aquerra goyti, aquerra beyti” opera proiektuaren Marta Eguilior eta Mara Monreali elkarrizketa bat egiteko aukera izan dute.
Orereta Ikastolako ikasle helduagoekin egin dugun lanketan berriz alderdi teknikoa azpimarratu nahi izan dugu. Herri Arte Eskolako Irrati estudioa erabili dugu eta bertan podcasta grabatzeko beharrezkoak diren oinarrizko aspektu teknikoak erakutsi dizkiegu.