Bloga

“Against the grain”

Against the grain esamoldea irakurri eta Bad Religion burura etortzea dena da bat. 1990eko abesti sorta itzela hura! (Epitaph, 1990). Urtean eman genituen ezin ulertu, baina, zer zeukan musika taldeak aleen, bihien, hazien kontra. Bereziki diskaren azalean agertzen zen, hala ematen zuen, artoaren kontra.

Hardcore melodikoaren zale ote diren James C. Scott (Against the grain: a deep history of the earliest states. Yale Universtiy Press, 2017) nahiz Richard Manning (Against the grain: how agriculture has hijacked civilization. North point, 2004) ez dakigu. Baina, bistan denez, haiek guk baino hobeto ulertzen zuten esaldia.

Scottena da guk irakurritakoa; haren gaineko hausnarketa txikiak bultzatzen dituzte lerro hauek. (Contra el Estado: una historia de las civilizaciones del Próximo Oriente antiguo. Trota, 2022).

Izan ere, zibilizazioaren lehen estatalizazioak aleen ekoizpen programatua, soberazko aleen pribatitazioa, lur sailen zerraditzea eta horren gaineko erabateko arautzea ditu sorburu. Bai eta bizimodu horri zibilizazioa deitzea ere.

Beraz, aleak dira Estatua.

Hasierako gainegitura sozial horiek, noski, ez dira gure estatu garaikidearen pareko. Baina zerga biltzaile eta indarraren erakusle ziren heinean, estatus estatala aitor diezaiekegu. Horren errepasoa egiten du Scottek. Ikerlariak berak aitortzen du horren zergatia: klaseak ematerakoan sortu ezintasuna medio, usteak ustel konturatu eta eguneratze prozesuari ekin zion.

Arkeologiak, paleohistoriak eta abarrek izugarrizko datu pilo berria eskeintzen digute egun, guk geuk Unibertsitatean ikasitakoa desikasteko modukoak (behin musika klasikoak aipatzen hasita…).

Scotten Antzinatasunaren ingurukoak ordenatzeko saio itzel honetan, datu nagusi bat aipatu nahi dugu: gizakion sedentarismoa Estatu haiek baino askoz zaharragoa izatearena, hain zuzen ere. Beraz, sendentarismoak ez zuen zertan arpilatzea, pribatitazioa eta ekoizpen soberazkoa nahiz garanobakoa ekarri behar. Ondorioz, ezta horri lotutako populazio metaketa, metaketa lortzeko gerra edo patriarkatua ere. Ordena ekarri zuen Hobbesen estatuak berak sortu zuen desordena.

Hortaz, bizimodu horri izaera historikoa, kronologikoa ematean, bizimodu honen betierokotasuna ukatu eta gainditzeko itxaropena landu dezakegu. Bide horretan, Scottek Antzinatasuneko “aro ilunak” beste ikusmoldetik aztertzeko ausardia eskatzen du.

Scotten kontakizunak baditu, jakina, beste indargune interesgarriak. Hala nola bizimodu horretan sortu izurriteen aipamenak edota ekosistemen eraldatzea.

Aziendarekin batera pilatuan espazioa partekatzeak eta horren ustiatzea bizi kalitatearen gainetik jartzeak ditu aipagai Scottek, covidaren eztandaren aurretik. Gaixotasun mota hauek ezin dira berezitu ekonomiaz. Analisia coviden aurretik egin izanagatik covid bera ulertzeko da balekoa, bizimodu irrazionala ulertzeko marko arrazionala emanez.

Aldi berean, ekoizteko modua ekosistema sortzailea dugu. Sortze horren zeinen alde den eta noiz uzten dion onargarri izateari gaurkotasun handiko eztabaida da.

Horretan bat egiten du egungo larrialdia ulertzeko ezinbestekoa zaigu Jason W. Moorerekin eta honen “kapitalozenoa” kontzeptuarekin. Azken hau esplizituagoa bada ere, biengan atzematen dugu gure bizimodua Izadiaren banaketan oinarritzen dela. Hau da: den guztiaren multzoa dugu izadia (iza-ten den guztia). Egun izadiatik gizadia besteratu dugu, gizadia eta natura errutuz. Bereizketa beharrezkoa da natura modu deskontrolatua eta, batez ere, gizadiaren gutxiengoaren alde jabetzeko eta merke ustiatzeko. Ekosistemak ez dira orain gertuko ingurunean aldatzen edo sortzen, mundu mailan baizik. Eta inolako taburik gabe. Are: zientziaren logikaren aurka egiten da hori.

Gai hauetan guztietan Marvin Harris izan genuen aitzindari. Bai hazkundearen mugaz ohartzerakoan bai eta ekosistemen eraldaketak bizitzaren gainean jartzeari gizakiook jarritako mugak erakustean. (Cannibals and kings: the origins of cultures. Random House, 1977. Caníbales y reyes. Los orígenes de las culturas. Alianza, 1987. Cows, pigs, wars and witches: the riddles of culture. Random House, 1974; Behiak, zerriak, gerrak eta sorginak. Gaiak, 1996.).

Alegia, Scottek maisuki jositako bidean zehar (lehen estatalizazioan zehar) XXI. mendean guztiz egokia den hausnarketara iristen gara. Izan ere, soberan ekoiztu eta soberakinaz jabetzea bizitzaren erdigunean jartzea ez da humanitatearen hautu bakarra izan Historian zehar. Hautu historikoa da hori, hasiera duena, amaiera izango duena. Historian zehar horrek oso denbora tarte errelatibo eta txikia bete du. Ekosistemen eraldatzea -hots: ekonomia-bizimoduaren antolatzea- onura pribatuaren eta etekin ekonomikoaren alde baino ez egitea porrotaren bermea da. Horren kontrako bideak garatu dituzten bestelako zibilizazioak izan dira gure Historian, Marvin Harrisek erakutsi bezala. Bizimodu horiek bestearen kanpoan zeuden lehen; egun, barruan sortu beharko dira, berotzeak lehenago harrapatu ez eta hura gaindituko badugu.

Scottek jorratzen dituenen artean, gai bat dugu faltan. Erlijio judeo-kristauak bizitzaren aldaketa nola kontatzen duen jasotzea, hain zuzen ere. Alabaina, horretarako interpretazioa baino ez dugu. Esaterako, Scottek aipatzen duen sedentarismoari lotutako neskato jaio berrien nahita nahiezko heriotzan datza, Harrisen esanetan, kristauek jatorrizko bekatua deitzen dutena. Gure zibilizazioaren jatorriaren ezaugarria liteke hura. Era berean, Adan eta Ebak galdu zuten paradisua nekazaritza arautuaren eta horren aurreko munduaren galera dela ondoriozta dezakegu. Dena den, Jaungoikoak begi onez ikusten zuen bai paradisua bai eta sedentarismoaren bestelako alternatibak (Abelen bizimodua). Zigortu egiten baitu handik ateratzea. Jakin bazekien (Jaungoikoa Izadia ez ote zen) Kainenak pasatzea ez zela atsegina, ezta umanoa ere. Horretan egin zuten kosk haren guraso, jakintza oker mota horretan. Noeren ontzia zer zen ba baserri bat baino?

Bad Religionen diskoaren azala hobeto ulertzen da orain; aleak, artaburuak lehergailu bihurtuta, Estatu kapitalistaren sorburu eta zilegiak. Paradoxikoki, 2023ko azaroan Estatuaren aurka daudenak Espainiako faxistak eta mediumen bidez bere zakur zenarekin mintzatzen den Argentinako presidentea ditugu. Beraz, against the grain ez ezik, gure bizitza nola antolatu azaldu eta defendatu beharrean gaude.