Bloga

Giza hezurrek Erdi Aroko biztanleez esaten digutena

SARRERA

Artikulu hau Gipuzkoaren idatzizko lehen aipamenaren mila-urtea eta Elena Barrena historialari gipuzkoarraren doktore tesiaren urteurrena ospatzeko martxan jarri den ekimenaren parte da. “Iputza eta Gipuzkoa: Elena Barrenari gorazarre” izena duen proiektu honetan hirugarren artikulua dugu hau. Historia ikasi dugunok eta arlo horretan ikertzen ibili garenak, badakigu lurralde baten historia ezagutzeko iturri desberdinetara jo behar dela. Elena Barrenak aurten 35 urte betetzen dituen bere doktore tesian idatzizko iturriak erabili zituen Gipuzkoako lurraldeak Erdi Aroan edukiko zituen ezaugarriak eta mugak ezagutzeko. Hemen aurkezten den artikulu honetan berriz, arkeologiaren bitartez induskatu diren nekropoli desberdinetatik ateratako material antropologikoa da erabiltzen dena garai hartan lurralde honetan eta ondokoetan bizi ziren giza taldeen bizimoduari buruzko galderen erantzun bila.

Lerro hauetan azaltzen diren ideiak eta ondorioak beste lan handiago baten zati dira, 2019 urtean defendatutako doktore-tesi baten zati esate baterako. Asmo handiko proiektua izan zen hura: Erdi Aroko nekropolietatik induskatutako giza-hezurrak erabiliz bederatzi mendetan zehar euskal lurretan bizi zen gizartea nolakoa zen eta nola zegoen osatuta jakitea zuen helburu. Bertan egindako ikerketa erabiliz artikulu honetan garai hartan gure lurretan bizi ziren biztanleen bizimodua aztertuko da. Euskal Herriko puntu desberdinetako nekropolietan hilobiratutako pertsonen giza hezurren azterketa sakon bat egin eta gero ondorioztatutako ideiak dira hemen azalduko direnak.

Hasieran esan den bezala, ekimen honen muina Gipuzkoa da baina ezin da testu honetan planteaturiko lan bat aurrera eraman bertako materialarekin bakarrik, horregatik Euskal Herriko beste probintzietan egin diren lanak ere erabili dira. Are gehiago, bai Araban eta baita Bizkaian ere, Gipuzkoan baino material gehiago dago, horietan arkeologiako ikerketa lanak ugariagoak izan baitira. Lurraldeen artean dagoen alde handi hori ulertzeko, hasteko orografiari begiratu behar diogu, antzinako gizataldeek ez baitituzte aztarna berdinak utziko Arabako Lautadan edo Gipuzkoa menditsuan. Klimak ere eragin handia du lan honetarako erabili dugun materialaren kontserbazioan, hezetasunak kalte handia egiten baitie hezurrei, guztiz desegitea lortu arte kasu batzuetan. Hirugarren arrazoi bat ere azkar dator burura, Gipuzkoan ezagutzen diren Erdi Aroko nekropoli gehienak gaur egun oraindik okupatutako tokietan daude eta horrela, oso zaila da aire zabaleko indusketak egitea, horregatik, bertan egin diren arkeologia lanak zundaketak izan dira. Arabako Lautadan ordea, aire zabaleko hainbat ikerketa ezagutzen dira, bertan “herri hustu” bezala ezagutzen diren leku asko daudelarik. Horietako batzuk lan honetan erabili dira, adibidez, Aistra (QUIRÓS CASTILLO, REYNOLDS 2023) eta Zornoztegi (QUIRÓS CASTILLO 2019). Azkenik, laugarren arrazoi bat ere aipatu nahi da, unibertsitatearen gertutasunak eragin handia duelakoan gaudelako. Honek sustatutako edo honen baitan aurrera eramaten diren indusketek azterketa sakonagoa egin dezakete eta baliabide gehiago eta hobeagoak edukiko dituzte diziplina anitzekoa eta integrala den ikuspuntu batetik egindako ikerketak bideratu eta errazteko.

Hemen aurkezten den artikulu honetan beraz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan induskatu diren nekropoli desberdinetatik jaso den material antropologikoa aztertzen da bi ikuspuntu desberdinetatik. Hasteko Erdi Aroko gizataldeak sozialki hobeto ezagutu nahi dira, hau da, nola zeuden osatuta talde horiek, euren hildakoak ehorzteko dinamikak zeintzuk ziren, identifikatu diren hilobiratze mota desberdinek zein esanahi eduki dezaketen jakin nahi da. Heriotza denok gure buruan dugun gai bat da, denoi kezkatzen gaituen zerbait da eta horregatik baliabide eta esfortzu handiak erabiltzen ditugu berarekin topo egiten dugunean. Arraza, kultura eta garai desberdinetako pertsonek heriotzaren inguruan erritu eta ohitura ugari sortu dituzte eta hauetako batzuk arkeologiaren bitartez identifikatu daitezke nekropoli bat eskuartean dugunean. Bigarrenik, ikuspuntu paleopatologiko batetik, Erdi Aroko biztanleen giza hezurrak aztertu ondoren, zein gaixotasunek eragiten zieten eta nolabaiteko desberdintasunak ikusi daitezken talde mota desberdinen artean aztertuko da.

ERABILITAKO MATERIALA ETA METODOLOGIA  

Horrelako lan bat aurrera eramateko VIII-XVI mendeen arteko 7 giza hezur bilduma berri aztertu dira artikulu honen oinarri den doktorego tesian. Horietako 3 Bizkaian kokatuta daude eta beste lauak Araban:

–        Aistrako herri hustua (Zalduondo, Araba)

–        Zornoztegiko herri hustua (Agurain, Araba)

–        Tourseko San Martín (Gazeo, Araba)

–        Trebiñuko gaztelua (Trebiñu, Burgos)

–        Inmaculada Concepción (Gorliz, Bizkaia)

–        Santa Ana (Durango, Bizkaia)

–        San Juan Degollado (Aulesti, Bizkaia)

Azterketa hau egin zen momentuan Gipuzkoan analisi honi ondorio esanguratsurik eskainiko zion bildumarik ez zegoen eskuragarri, horregatik ezin izan zen bertako materialik erabili. Hala ere, analisi berri hauetaz gain, ikerketarako beste aditu batzuek lehendik landutako 12 bilduma edo argitaratutako lan ere erabili dira azterketa sakonago bat egiteko. Hauen artean Gipuzkoako bilduma bakarra izan da erabili ahal izan dena, Zarauzko Santa Maria aztarnategian aurkituriko nekropolikoa esate baterako. Hau izan da lana aurrera eramateko beharrezkoak diren irizpideak betetzen zituen ikerketa gipuzkoar bakarra.

Giza hezurren azterketatik lortuko ditugun ondorioen kalitatean eragin handia edukiko du materialaren kontserbazio egoerak (GONZÁLEZ MARTÍN et alii, 2009: 184). Klimarekin batera, hezurrak lurperatuak izan ziren lurzoru mota izango da kontserbazioan eragina izango duen elementu nagusia (MAYS 2002: 17), hau dela eta, desberdintasun nabariak daude lurraldeen artean. Arabako Lautadan orokorrean, oso baldintza onetan kontserbatu diren bitartean, Bizkaian materialak oso egoera txarra du, izan ere, batzuetan hilobiak hutsik agertu dira, Durangoko Santa Anan adibidez. Baina ez hori bakarrik, faktore antropikoek ere zerikusi handia izango dute. Faktore antropikoak esaterakoan, alde batetik, nekropolia erabiltzen zen garaiari egiten diogu erreferentzia, hau da, toki batek erabilera intentsiboa izan duenean material intrusibo eta nahastu asko aurkituko dugu bertan, Trebiñuko Gazteluko bilduma kasu. XII-XV. mendeetako nekropoli honen azalera oso murritza zen eta erabilera maila ugari izan zituen, modu horretan 19 banakoren eskeleto osoak edo ia osoak errekuperatu ahal izan ziren. Nahastutako materiala aztertzerakoan ordea, beste 54 banakoren hezur solteak identifikatu ziren, guztira 73 egiten dutelarik. Erdi Aroko biztanleek hartu zituzten erabakiek beraz, eragin handia eduki dute gaur egun aztertu ahal izan den materialean. Modu berean, eragin handia edukiko dute gaur egun nekropoli bat induskatu behar duten arkeologoek hartzen dituzten erabakiek ere, ez baita berdina izango nekropoli bat bere osotasunean industea edo zati bat industea. Lan honetan aztertu diren nekropolien artean bat bera ere ez da osoa induskatu, batzuetan baliabide faltagatik, Gazeoko San Martin de Tours adibidez, eta beste batzuetan eraikuntza modernoak eraiki direlako gainean, Gorlizko Inmaculada Concepción kasu.

Material guztia metodo makroskopiko baten bitartez aztertua izan da eta analisi horretatik sexuari, adinari, altuerari, parametro antropometrikoei, aldaera anatomikoei eta adierazle paleopatologikoei buruzko datuak jaso dira.

Dimorfismo sexualari dagozkion elementu morfologikoak ikusteko eskeletoak heldutasuna osatuta edukitzea garrantzitsua da, helduen kasuan bakarrik lortu ahal delako datu hau modu fidagarri batean (WHITE, FOLKENS, 2005, 385; LEWIS, 2007; UBELAKER 2007: 74). Honek esan nahi du, haurren edo nerabeen eskeletoak eskuartean ditugunean ezingo dela sexua jakin. Horrela, helduak ez direnak eta kontserbazio egokia ez duten helduek sexu zehaztugabeko banakoen taldea osatuko dute.

Eskeletoen adin biologikoa ezagutzeko irizpide desberdinak erabiltzen dira. Datu hau lortzeko hezurretan ematen diren aldaketa morfologikoak dira oinarri eta adin tartearen arabera era batekoak edo bestekoak erabiliko dira. Helduak ez diren eskeletoetan garapenarekin lotuta dauden aldaketak dira erabiliko direnak, bai hezurren (FAZEKAS, KÓSA 1978; FEREMBACH et alii 1980: 532; RIVERO DE LA CALLE 1985; REVERTE COMA 1991; SCHEUER, BLACK 2000) eta baita hortzen (BROTHWELL 1987; LIVERSIDGE et alii 1993; SCHEUER, BLACK 2004: 3; REDFERN, CHAMBERLAIN 2011: 71) garapena da aztertzen dena eta adin tarte zehatzago bat lortuko da. Helduen kasuan ordea, sinfisi pubikoan (TODD 1920; MCKERN, STEWART 1957; BROOKS, SUCHEY 1990) eta ilion hezurrean (LOVEJOY et alii 1985; WHITE, FOLKENS 2005) ematen diren aldaketez gain, endekatze aldaketei ere erreparatuko diegu baina kasu hauetan, adin tarteak askoz ere zabalagoak izango dira. Lan honetan erabili den adin-sailkapena Valloisek garatutakoa da (VALLOIS 1960; DU SOUICH et alii, 1993-1994: 358; CAMPILLO 2001: 51) penintsulan egin diren ikerketa antropologikoetan erabiliena izategatik (GALERA 1989: 36; LÓPEZ MARTÍNEZ 2002: 39; LÓPEZ COSTAS 2012: 103. ):

Fetu (jaiotza aurretik)
Jaiotza ingurukoa
Haurra I (0-7 urte)
Haurra II (8-12 urte)
Gazte (13-20 urte)
Heldu gazte (21-40 urte)
Heldu zahar (41-60 urte)
Heldu senil (60 urte baino gehiago)

EMAITZAK

Arestian aipatu bezala beraz, lan honek bi ardatz ditu: batetik ikerketa paleodemografikoa Erdi Aroan Euskal Herriko lurraldeak betetzen zituzten gizataldeen bilakaera ezagutzeko eta bestetik, ikerketa paleopatologikoa, gizatalde horiek jasaten zituzten gaixotasunak eta lesio motak ezagutzeko.

Lan hau aurrera eramateko, tesian aurkeztutako 7 bildumez gain beste ikertzaile batzuek argitaratutako 12 hezur-bilduma erabili dira, 1123 gutxieneko banako kopurua (GBK) izanik. Kronologia aldetik, hiru zatitan banatu da: VIII-X mendeak, XI-XIII eta XIV-XIV mendeak, horrela hausturak eta denboran zehar mantentzen diren elementuak identifikatu ahal izan dira (1 taula).

AztarnategiaGBKAnalisi demografikoaAnalisi paleopatologikoaErreferentzia
Aistrako herri hustua (Zalduondo, Araba)82BaiBaiGÓMEZ JUNGUITU, argitaratu gabe; MENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI 2023)
Zornoztegiko herri hustua (Agurain, Araba)20BaiBaiMENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI 2019
Tourseko San Martin (Gazeo, Araba)12BaiBaiMENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI, argitaratu gabe
Trebiñuko Gaztelua (Burgos)73BaiBaiMENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI 2011
Quintana (Leza, Araba)115BaiEzFERNÁNDEZ CRESPO 2010
Zaballako herri hustua (Araba)29BaiBaiHERRASTI, ETXEBERRIA 2012
Santa Maria katedrala (Gasteiz, Araba)25BaiEzDE LA RÚA 2013
San Migele (Molinilla, Araba)32BaiBaiETXEBERRIA, HERRASTI 2001
Santa Eulalia (Labastida, Araba)57BaiBaiETXEBERRIA GABILONDO 1984
San Martin (Dulantzi, Araba)151BaiBaiFERNÁNDEZ CRESPO, argitaratu gabe
Los Castros de Lastra (Karanka, Araba)44BaiBaiETXEBERRIA GABILONDO 1984
San Roque (Azebedo, Araba)25BaiBaiHERRASTI, ETXEBERRIA 2006
Inmaculada Concepción (Gorliz, Bizkaia)80BaiBaiMENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI, argitaratu gabe
Santa Ana (Durango, Bizkaia)15BaiBaiMENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI, argitaratu gabe
San Juan Degollado (Aulesti; Bizkaia)12BaiBaiMENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI, argitaratu gabe
San Juan (Momoitio, Bizkaia)109BaiEzARENAL, DE LA RÚA 1990
Santo Tomas (Mendraka, Bizkaia)23BaiEzVÁZQUEZ, DE LA RÚA 1990/1991
Santa María la Real (Zarautz, Gipuzkoa)219BaiBaiHERRASTI et alii, 2009

 Taula 1: erabilitako hezur bildumak.

Analisi paleodemografikoa

Ikerketa paleodemografikoen helburuetako bat antzinako populazioaren egitura demografikoak ezagutzea da eta hori izan da lan honetan lortzen saiatu garena. 19 bilduma horiekin Erdi Aro osoa hartzen duen analisi diakroniko bat egin da eta euren artean konparatu ondoren, mende guzti horietan zehar irauten duten dinamikak ikusi ahal izan dira. Izan ere, Euskal Herriko zona desberdinetan Erdi Aro osoan zehar profil demografiko oso antzekoak ikusi dira, baita penintsulako iparraldean ezagutzen diren beste lan batzuk kontutan hartuta ere profil horiek errepikatzen direla antzeman da. Kantauri itsasoko ertzean (GALERA 1989; LÓPEZ MARTINEZ 2002; CARO DOBÓN, SÁNCHEZ GARCÍA 2016; PASSALACQUA 2012; PASSALACQUA, MACKINNON 2016; JURADO GÓMEZ et alii, 2009; GONZÁLEZ MARTÍN et alii, 2016), Galizian (LÓPEZ COSTAS 2012; LÓPEZ COSTAS, SÁNCHEZ PARDO 2016), Katalunian (VIVES 1990; JORDANA COMIN 2007) eta Iruñan (DE MIGUEL IBAÑEZ 2016) egin diren beste ikerketa batzuekin hemengo emaitzak alderatuz gero, egitura antzekoa zuten taldeak zirela ikus daiteke.

Lan hauetan bistakoa den beste ezaugarri bat izango da haurren presentzia eskasa, kohorte hauetan ematen den alborapena agerian utziz.

Euskal Herria
 EmakumeakGizonezkoakAlofisoakZehaztu gabekoakTOTALA
Helduak ez direnakFetuak   1010
Heriotza ingurukoak   6565
Haurrak I   205205
Haurrak II   6969
Gazteak   6969
Helduak ez direnak   2020
AZPITOTALA   438438
HelduakGazteak152149439344
Helduak4459023126
Senilak4601121
Helduak5165076192
AZPITOTALA2512794149683
Zehaztu gabekoak   22
TOTALA25127945891123

Taula 2: erabili den materialaren sailkapen demografikoa.

Erabili den materialak dituen mugak begi bistatik kendu gabe (kontserbazioa, tamaina, alborapena), kohorte helduek antzeko presentzia dutela esan daiteke (2 taula). 20-40 urte bitarteko banakoak dira zenbaki handiena dutenak eta heldu-senilak, hau da, 60 urte baino gehiagokoak gutxien errepresentatuta daudenak. Azken datu hau hobeto ulertuko da kontutan hartzen bada haurren heriotza tasa altua alde batetik, eta helduek edukiko zituzten bizi baldintza gogorrak bestetik. Bestalde, esan beharra dago helduen kohorteari (40-60 adin tarteak) normalean ez zaiola ikerketa paleodemografikoetan garrantzi handia ematen atentzioa heldu-gazteetan jartzen delako, baina presentzia garrantzitsua dutela ezin da ukatu.

Helduak ez direnen taldeetan bai ikusi daitezkeela desberdintasun batzuk nahiz eta hauek oso esanguratsuak ez izan. Hauen inguruan esan beharreko lehenengo gauza da hezur bildumetan identifikatzen diren banako gehienak 0-7 urte bitartekoak direla, heldu-gazteekin batera talde handiena osatzen dutenak izanik. Hortaz gain, atentzioa deitzen du Goi Erdi Aroan 7-12 urte bitarteko banakoen biziraupena handiagoa zela XI mendetik aurrera ikusi dena baino.

Grafika 1: egitura demografikoa Erdi Aroan zehar.

Beraz, Erdi Aroko biztanleen bizitzan momentu zailenak berdinak izango dira beti: 0-7 urte bitartean eta 20-40 urte bitartean (1 grafikoa). Horiek izango dira momentu delikatuenak eta horrela, hezur bildumetan adin tarte horietako banakoak talde handienak osatzen dituztenak.

Helduen arteko sexu banaketari dagokionez, orokorrean gizonezkoak dira zenbaki altuena dutenak. XI. mendetik aurrera patroi berdinak ikusten dira mende guztietan zehar, hau da, 20-40 urte bitarteko emakumeen artean heriotza arrisku handiagoa egongo da eta 40 urtetik aurrera gizonezkoak izango dira bildumetan gehien agertzen direnak emakumezkoek zailtasun gehiago edukiko baitituzte kohorte horietara iristeko.

Adin tarte honetan bi sexuen arteko aldea justifikatzeko normalean arrazoi ginekologiko eta obstetrikoak erabiltzen dira (KOWALESKI 2014; CAVE, OXENHAM 2016: 168), are gehiago jaiotzaren inguruan hildako banakoen presentzia baldin badago nekropoli berean. Esku artean ditugun bildumen artean badago haurdun zegoelarik hil zen emakume baten kasu bat Aistrako herri hustuan (1 irudia) agertu zena (MENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI 2023: 294-295). Hala ere, ezin da arkeologi bildumetan agertzen diren emakume guztien heriotza haurdunaldi edo erditzean izandako arazoekin bakarrik argudiatu, izan ere, bestelako gaixotasunak eta istripuak ere jasango zituzten gizonezkoek pairatzen zituzten bezala.

Irudia 1: Aistrako 993-1 eskeletoa eta 993-2 fetuaren hezurrak pelbisean.

Azken horien artean, aztertu diren guztien artean bi kasuetan bakarrik jakin daiteke zerk eragin zien heriotza. Lehenengo kasua Aistrako herri hutsetik dator baita ere. Banako honek 20-40 urte zituela garezurrean trepanazio bat jasan zuen (2 irudia), agerian dauden aztarnek denbora batez biziraun zuela jakinarazten dute baino azkenean zauria infektatu egin zen (MENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI 2023: 295-296). Bigarren kasua Molinillako San Miguelen agertu zen eta arma zuri baten eragindako arrastoak zituen, ezpata edo aihotz batek eraginda esate baterako (ETXEBERRIA, HERRASTI 2001: 118).

Irudia 2: Aistrako 957 UE banakoa trepanazioarekin garezurrean.

Analisi paleodemografikoarekin amaitzeko, nekropoli bakoitzeko ehorzketen artean desberdintasun sozialak bilatu dira. Horrela, nekropoli batzuetan gizataldeko sektore bati hileta erritu bereziak ematen zizkietela ikusi ahal izan da. Ikusi diren desberdintasunak ez dira ekonomikoak izango, baizik eta sozialak izango dira. Aistran, Zornoztegin, Zarautzen, Gorlizen eta Los Castros de Lastran taldeko kide txikienak, hau da, jaiotzaren inguruan hildakoak babesa emateko asmoarekin modu desberdinetan hilobiratu zituzten. Batzuetan familiaren babesa eta beste batzuetan erlijioaren edo elizaren babesa bilatuko zuten. Zentzu honetan, kronologiaren arabera joera desberdinak dokumentatu dira. Erdi Aroaren lehenengo mendeetan nekropoliaren erdigunetik urrun dauden zutoin-zuloak berrerabiliko dituzte (Aistra) eta etxeen hormen ondoan ere ehortziko dituzte (Aistra eta Gorlizeko Inmaculada de la Concepción); bai Goi Erdi Aroan eta baita hurrengo mendeetan ere ermiten inguruan topatu dira banako hauen hilobiak (Zarauzko Santa Maria la Real, Castros de Lastra eta Aistrako San Juan eta Santa Basilisa ermitaren inguruan); azkenik, Zornoztegin elizatik gertuen zegoen hilobia txikien hezurtegi bezala berrerabili zen eta Gorlizen ehorzketa bikoitzak (heldua eta txikia) dokumentatu dira. Denak dira jaiotzaren inguruan hildako banakoak eta zutoin-zulo berrerabilien kasua izan ezik beste guztietan pentsa daiteke elizaren edo familiaren babesaren bila zebiltzala hilobiratu zituzten pertsonak.

Analisi paleopatologikoa  

Kasu honetan erabilgarriak izan diren ikerketak analisi paleodemografikorako erabili direnak baino gutxiago izan dira, oso bilduma gutxiei egiten baitzaie horrelako analisi bat. 14 bilduma dira analisi paleopatologikoa dutenak (1 taula).

Gaixotasun eta lesioen azterketak egiten direnean ohikoena izaten da horien analisi deskriptibo bat egitea tokian tokiko ondorioak ateraz batzuetan, ez dira analisi orokorragoak egiten. Baina mota honetako ikerketek antzinako gizartea hobeto ezagutzea ahalbideratzen dute baldin eta azterketa deskriptibo horietatik lortutako datuei bestelako zentzu bat ematen bazaie. Lan honetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ezagutzen diren analisi paleopatologikoak erabili dira tokiko azterketa sakonago bat egiteko. Horrela, gai desberdinen inguruan ondorioak lortu dira.

Lehenik eta behin osasunarekin lotutako datuak izan dira erabili direnak. 1686 lesio izan dira erregistratu direnak, 735 hortzeriari eragiten eta 419 endekapenezko gaixotasunekin erlazionatuta; gutxien erregistratu direnak neoplasiak izan dira.

Bildumetan hoberen errepresentatuta dagoen taldea heldu gazteena izan ohi da, beraz, espero bezala, hauek dira lesio gehien duten banakoak. Sexuen arteko intzidentzian alde handia ez dagoen arren, bai ikus daitekeela gizonezkoak patologi gehiago dituztela, lesioak edukitzeko erraztasun edo aukera gehiago dutenaren seinale.

Grafika 2: identifikatutako gaixotasunak nosologiaren arabera.

Mota desberdinetako gaixotasunak ikusi dira (2 grafikoa): endekatze-gaixotasunak (artrosia, hezueria, osteokondritis disekatzailea,…), neoplasiak (osteomak, kartzinomak, kisteak,…), infekziosoak (tuberkulosia, bruzelosia, sinusitisa,…), sortzetiko gaixotasunak (malformazioak, lokadurak, arantza bifidoak,…), metabolikoak (osteoporosia, cribra orbitalia, hiperostosi porotikoa,…), paleoestomatologia (txantxarra, abszesuak, hortz supernumerarioak,…), entesopatiak eta aldaera anatomikoak. Hauetaz gain, lehenago aipatutako trepanazio kasu bat eta haurdun hildako emakume baten kasu bat ere aztertu ahal izan dira. Erdi Aroko banako helduek gehien jasaten duten gaixotasuna artrosia izango da, erabilitako bilduma guztietan ikusi da hori dela presentzia handiena duen gaixotasuna, bizkarrezurrean batez ere, lepoaldean eta gerri-ornoetan. Horren ondoren, gehien dokumentatu den hurrengo lesioa hezur hausturak izango dira. Honen inguruan atentzioa deitzen du zonalde anatomiko desberdinak puskatzen direla bizitokiaren arabera. Kostaldean bizi diren banakoek eskuineko besaurreko erradioa hausten duten bitartean, barnealdekoek saihetsak puskatuko dituzte gehiago. Desberdintasun nabarmen honek bi zonaldeetako banakoen jarduerari buruz hitz egiten digu. Ezin da esan zehazki zein izango zen jarduera hori, baina desberdina izango zela begi bistan gelditzen da.

Helduak ez direnen hezurduretan ere identifikatu dira mota askotako lesioak, gehienak hortzetan. Banako txikienek gaixotasun metabolikoak sufrituko zituzten batez ere, nutrizio eskasiaren ondoriozko malnutrizioarekin lotuta. Ondoren, cribra orbitaliaren aztarnak mantentzen diren bitartean txantxarra ere agertuko da eta 7-12 urte bitartekoen artean areagotu egingo da. 14 urtetik aurrera bai cribra orbitalia eta baita txantxarra mantentzen diren arren, esfortzu fisikoarekin erlazionatzen diren lesio gehiago agertuko dira. Datu honi esker jakin dezakegu Erdi Aroko gazteak adin horretara iristen direnerako lan munduan murgilduta zeudela.    

Mota honetako analisiekin jorratu daitekeen beste gai bat eta oso gutxitan lantzen dena zaintza izango da, izan ere, gaixotasun batzuk desgaitasuna dakartzate eta ondo osatzeko baldintza bereziak behar dituzte. Infekzioek adibidez, hezurretan zantzuak uzteko pertsona baten organismoan denbora luzez egon behar dira eta tarte horretan gaixoak zaintza batzuk behar izango ditu ez baita gai izango bizitzarako beharrezkoak diren gauza batzuk bere kabuz egiteko. Antzeko zerbait pasako da traumatismo batengatik hautsitako hezurrekin. Zauri hauek ondo sendatzeko hezurrak mugitu gabe egon behar dira bestela zati bat beste baten gainean kokatu eta hezurra motzago geldituko da. Hori gertatu zitzaion Gorlizeko Inmaculada Concepción nekropolian agertutako gizon bati (608UE-121E). Ezkerraldeko tibia puskatu zuen eta ondo osatu ez zenez eskuinaldekoa baino motzago gelditu eta herrentasuna eragin zion. Ezkerraldeko gorputz adarraren funtzionamendu okerraren ondorioz, endekapenezko prozesu larri bat garatu zuen belaun (3 irudia) eta orkatilan bere egunerokotasuneko lanak modu eraginkor batean egiteko gai ezin izango zelarik. Ez da ahaztu behar Erdi Aroko gizartea nekazal eta abeltzaina zela, hau da, bizimodu gogorra izango zuten eta geldi egoteko aukera gutxi, horregatik, ohikoa da ondo sendatu ez diren hezur hausturak topatzea bilduma historikoetan.

Irudia 3: Gorlizeko 608UE-121E belauneko hezurretan endekatze prozesu larriarekin.

Zaintzak jaso izanaren beste eredu bat gorago aipatu den gizon trepanatua izango da. Kasu honetan, nahiz eta ebakuntzak heriotza eragin, hori gertatu arte denbora batez biziraun zuenaren zantzuak daude eta tarte horretan, bere bizitzako beharrak asetzeko laguntza beharko zuen.

Paleopatologiak dietarekin lotutako aztarnak identifikatzeko aukera ere ematen du. Elikadurarekin erlazionatutako hainbat adierazlek kontsumitzen zituzten elikagai batzuei buruzko informazioa eskaintzen dute, are gehiago, honen inguruan talde baten barruko profil demografikoen artean egon daitezken desberdintasunak agerian uzten dituzte.

Elikadura egokia ez denean gure immunitate-sistema ahuldu egiten da eta errazagoa izango da gaixotasunak harrapatzea. Horietako batzuen ondorioz hezurretan ikusten diren lesioak elikagai mota batzuen kontsumoarekin lotu daitezke, adibidez bruzelosia. Animali batzuetatik eratorritako produktuak (haragia eta esnea) kontsumitzean edo kontaktuan egotean gaixotu daiteke. Honen presentzia Trebiñuko Gazteluan eta Dulantziko San Martin nekropolietan sumatu da besteak beste eta bietan isotopo egonkorrekin egin diren analisiekin egiaztatu dute (QUIRÓS CASTILLO 2013: 26; QUIRÓS CASTILLO et alii, 2013: 224-226; LUBRITTO et alii, 2017: 991).

Hezueria eta gaixotasun metabolikoak diren cribra orbitalia (4 irudia) eta hiperostosi porotikoa elikadurarekin lotzen diren patologiak dira. Azken bi horiek hortzetan ikusitako hipoplasia lerroekin agertzen direnean banakoak bizitzako momentu batean malnutrizio garai bat pasa zuela esaten digute, ez da gosete garai batekin erlazionatu behar, baizik eta bitaminaren baten faltarekin.

Irudia 4: Trebiñuko T2-E1 eskeletoaren betzuloetan cribra orbitaliaren ezaugarri den porositatea.

Elikaduraren ildotik jarraituz, gizartean ematen ziren desberdintasunak ikus daitezke. Kasu honetan, taldeen artean baino, talde bereko kideen artean ikusi da elikagai batzuk ez zituztela denek kontsumitzen, izan ere, bruzelosi eta hezueria kasuak gizonezkoetan erregistratu dira, bi sexuetako kideek ez zituztela produktu berdinak maila berean kontsumitzen adieraziz.

Azkenik, kostaldeko eta barnealdeko hezur bildumen artean konparazio bat aurrera eraman da eta emaitza interesgarriak lortu dira. Dokumentatu diren desberdintasunak ariketa fisikoak eragindakoak izango dira, hau da, lanak eragindakoak. Alde batetik, lehenago aipatutako hezur hausturak ditugu, kostaldean eskuineko besaurreko erradioak gehien hausten diren bitartean (erortzerakoan eskuak aurretik jartzeagatik), barnealdean saihetsak dira presentzia handiena dutenak. Honek adierazten du mota desberdinetako istripuak zituztela batzuek eta besteak. Eta bigarren alde batetik, aldagai anatomikoetan ere desberdintasunak ikusi dira, kasu honetan ere, esfortzu fisikoak eragindako aldaerak izango dira. Barnealdean denbora asko kokoriko egoteagatik irteten den fazeta da gehien dokumentatu dena kostaldean kasu bakar bat ere ez dagoelarik. Horrekin batera, Akilesen tendoiaren kasuan (orkatilaren mugimenduan parte hartzen du eta ibiltzeaz, salto egiteaz edo korrika egiteaz arduratzen da) gauza bera ikusi da, kostako banakoen artean oso gutxitan agertu den bitartean, barnealdean gehien erregistratu den entesopatia da. Honen presentzia ere ariketa fisikoarekin erlazionatzen da.

Bi zonaldeen arteko desberdintasun hauek ulertzeko, toki bakoitzeko jarduera ekonomikoa aintzat hartu behar da. Hezurrek antzinako gizarteen bizipenez hitz egiten digute, kasu honetan, bi zonaldeetako giza taldeek esfortzu fisiko desberdinak behar dituzten jarduera ekonomikoak jorratzen zituztela esaten digute.

ONDORIOAK

Lan honekin Erdi Aroko nekropolietatik industen den giza-hezurren materialari egiten zaien analisi paleodemografiko eta paleopatologikoetatik lortzen diren emaitzek duten potentziala agerian utzi nahi da. Gizarte baten esparru ugariei buruz hitz egiten digute hezurrek beraiengatik lortzen den informazioa ondo erabiltzen badugu. Garrantzitsua da baina, materialaren egoera ona eta hori Euskal Herriko aztarnategietan lortzea zaila da. Arabako Lautadan kokatuta daudenak oso baldintza onak dituzte orokorrean baina ez da berdin gertatzen Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehenengoan kontserbazio egoera kaxkarra dute lan honetan erabili direnak eta bigarrengoan arazoa kopurua da. Gipuzkoan garai honetako nekropoli ugari ezagutzen dira (SARASOLA, MORAZA 2011) baina apenas industen dira eta horrek lurralde hau iluntasunean mantentzea dakar ikerketetatik kanpo geratzen baita.

Ez dugu ahazten artikulu hau Gipuzkoaren lehen aipamenaren 1000. urtebetetzeari eta Elena Barrenari gorazarre egiteko ekimen handiago baten zati dela. Berak bere doktorego tesiarekin Gipuzkoa testuetatik atera eta guztiongana hurbildu zigun bezala, guk hemen lurraldea okupatu zuten pertsonen bizimoduaren izpi batzuk kaleratu nahi izan ditugu Elenak aditzera emandako eremu geografikoa betetzen zuten biztanleak hobeto ezagutzeko helburuarekin.

BIBLIOGRAFIA

ARENAL, I. eta DE LA RUA, C., 1990, Antropología de una población medieval vizcaina. San Juan de Momoitio, Garai, Eusko Ikaskuntza – Sociedad de Estudios Vascos, Antropología – Etnografía, 7.

BROOKS, S. eta SUCHEY, J.M., 1990, “Skeletal age determination based on the os pubis: a comparison of the Acsádi-Nemeskéri and Suchey-Brooks methods”, Human Evolution, Vol. 5, pp. 227-238.

BROTHWELL, D.R., 1987, Desenterrando huesos. La excavación, tratamiento y estudio de restos del esqueleto humano, Fondo de Cultura Económica, Mexiko.

CAMPILLO, D., 2001, Introducción a la paleopatología, Bellaterra, Barcelona.

CARO DOBÓN, L. eta SÁNCHEZ GARCÍA, E., 2016, “Antropología Física de poblaciones históricas de Castilla y León” en Demografía, paleopatologías y desigualdad social en el noroeste peninsular en época medieval, J.A. QUIRÓS CASTILLO (ed.), Documentos de Arqueología Medieval, 10 zk., 97-121 orr.

CAVE, C. eta OXENHAM, M., 2014, “Identification of the archaeological ‘invisible elderly’: an approach illustrated with an Anglo-Saxon example”, International Journal of Osteoarchaeology, 26, 163-175 orr. DE MIGUEL IBAÑEZ, Mª P., 2016, La maqbara de Pamplona (s. VIII). Aportes de la osteoarqueología al conocimiento de la islamización de la Marca Superior, Alacanteko Unibertsitatea, Doktore tesia, argitaratu gabe.

DE LA RÚA, C., 2013, “Primeros enterramientos de la Catedral de Santa María (ss. XII-XIII d.C.)” Arqueología e historia de una ciudad. Los orígenes de Vitoria-Gasteiz, AZKÁRATE GARAI-OLAUN, A. eta SOLAUN BUSTINZA, J.L., Euskal Herriko Unibertsitatea, I lib., 327-330 orr.

DU SOUICH, P., BOTELLA, M.C. eta RUIZ, L., 1993-1994, “Antropología física de las poblaciones medievales del Alto Ebro”, Acta historica et archaeologica mediaevalia, 14-15 zk, 357-381 orr.

ETXEBERRIA GABILONDO, F., 1984, Estudio de la patología ósea en poblaciones de época altomedieval en el País Vasco (Santa Eulalia y Los Castros de Lastra), Eusko-Ikaskuntza, Sociedad de Estudios Vascos, Cuadernos de Sección, Medicina.

ETXEBERRIA GABILONDO, F. eta HERRASTI ERLOGORRI, L., 2001, “Restos humanos de la necrópolis medieval de San Miguele (Molinilla, Álava)”, San Miguele. La necrópolis tardorromana, tardoantigua y altomedieval de San Miguele (Molinilla, Álava). Memoria de las excavaciones arqueológicas de 1998 (L. Gil Zubillaga) y de la intervención de urgencia de 1981 (P. Sáenz de Urturi), Memorias de Yacimientos Alaveses, 7 zk, 111-120 zk.

FAZEKAS, I. Gy. eta KOSÁ, F., 1978, Forensic fetal osteology, Akadémiai Kaidó, Budapest.

FEREMBACH, D., SCHWIDETZKY, I. eta STLOUKAL, M., 1980, “Recommendations for age and sex diagnoses of skeletons”, Journal of Human Evolution, 9, 517-549 orr.

FERNÁNDEZ CRESPO, T., 2010, “Análisis antropológico de los restos humanos de la necrópolis medieval de Quintana (Leza, Álava)”, Munibe, 61, 329-337 orr.

GALERA, V., 1989, La población medieval cántabra de Santa María de Hito. Aspectos paleobiodemográficos, morfológicos, paleopatológicos, paleoepidemiológicos y de etnogénesis, doktore tesia, Alcaláko unibertsitatea, argitaratu gabe.

GÓMEZ JUNGUITU, A., 2005, Estudio de los restos humanos hallados en la necrópolis de San Julián y Santa Basilisa, argitaratu gabe.

GONZÁLEZ MARTÍN, A., HERRASTI ERLOGORRI, L. eta CAMPO MARTÍN, M., 2009, “Grupo de trabajo para la creación de unas recomendaciones sobre la elaboración de “El informe en bioantropología y paleopatología”, Investigaciones histórico-médicas sobre salud y enfermedad en el pasado, POLO CERDÁ, M. eta GARCÍA-PRÓSPER, E. (Eds.), Congreso Nacional de Paleopatología, 179-194 orr.

GONZÁLEZ MARTÍN, A., RASCÓN PÉREZ, J., CAMBRA-MOO, O., PIMENTEL DE FRANCISCO, G. eta CAMPO MARTÍN, M., 2016, “Estudio poblacional del cementerio medieval de Veranes (Gijón, Asturias): estado de la cuestión”, Demografía, paleopatologías y desigualdad social en el noroeste peninsular en época medieval, J.A. QUIRÓS CASTILLO (ed.), Documentos de Arqueología Medieval, 10 zk, 83-95 orr.

HERRASTI ERLOGORRI, L. eta ETXEBERRIA GABILONDO, F., 2012, “Análisis de los restos humanos recuperados en la necrópolis de Zaballa (2008)” QUIRÓS CASTILLO, J.A. (dir.), Arqueología del campesinado medieval: la aldea de Zaballa, Documentos de Arqueología Medieval, 3 zk., 378-419 orr.

HERRASTI, L., BANDRÉS, A., ESNAL, H. eta ETXEBERRIA, F., 2009, “Restos humanos de Santa María la Real de Zarautz (País Vasco)” Santa María la Real de Zarautz (País Vasco) continuidad y discontinuidad en la ocupación de la costa vasca entre los siglos V a.C. y XIV d.C., Munibe, Sup. 27, 274-349 orr.

JORDANA COMIN, X., 2007, Caracterització i evolució d’una comunitat medieval catalana. Estudi bioantropològic de les inhumacions de les Esglésies de Sant Pere, Universitat Autònoma de Barcelona, doktore tesia, argitaratu gabe.

JURADO GÓMEZ, J., RASCÓN PÉREZ, J., LÓPEZ MERINO, L. eta GONZÁLEZ RUIPÉREZ, V., 2009, “Paleodemografía de los individuos exhumados en la estancia M1 de la necrópolis medieval de Veranes (Gijón, Asturias)”, M. POLO eta E., GARCÍA-PROSPER (eds.), Investigaciones histórico-médicas sobre salud y enfermedad en el pasado, Valencia, 257-261 orr.

KOWALESKI, M., 2014, “Medieval people in town and country: new perspectives from demography and bioarchaeology” en Speculum, 89/3, uztaila 573-560 orr.

LEWIS, M.E., 2007, The Bioarchaeology of Children. Perspectives from Biological and Forensic Anthropology, Cambridge University Press.

LIVERSIDGE, H. M., DEAN, M. C. eta MOLLESON, T.I., 1993, “Increasing human tooth length between birth and 5,4 years”, American Journal of Physical Anthropology, 90, 307-313 orr.

LÓPEZ COSTAS, O., 2012, Antropología de los restos óseos humanos de Galicia: estudio de la población romana y medieval gallega, Granadako Unibertsitatea, doktorego tesia, argitaratu gabe.

LÓPEZ COSTAS, O. eta SÁNCHEZ PARDO, J.C., 2016, “Antropología física, arqueología y desigualdad social en las necrópolis medievales de Galicia. Hacia una visión de conjunto”, QUIRÓS CASTILLO, J.A. (zuz.), Arqueología del campesinado medieval: la aldea de Zaballa, Documentos de Arqueología Medieval, 3 zk, 43-61 orr.

LÓPEZ MARTÍNEZ, B., 2002, Los pobladores del antiguo Reino de León: antropometría, paleodemografía y paleopatología, Leongo Unibertsitatea, León.

LOVEJOY, C.O., MEINDL, R.S., PRYZBECK, T.R. eta MENSFORTH, R.P., 1985, “Chronological metamorphosis of the auricular surface of the ilium: A new method for the determination of age at death”, American Journal of Physical Anthropology, 68 zk, 15-28 orr.

LUBRITTO C., GARCÍA-COLLADO M. I., RICCI P., ALTIERI S., SIRIGNANO C., QUIRÓS CASTILLO J. A., 2017, “New dietary evidence on the medieval rural communities of the Basque Country (Spain) from carbon and nitrogen stable isotope analysis: social insights, diachronic changes and geographic comparison”, International Journal of Osteoarchaeology, 27.6, 984-1002 orr. DOI: 10.1002/oa.2610

MAYS, S., 2002, The Archaeology of Human Bones, Routledge, Londres.

MCKERN, T.W. eta STEWART, T.D., 1957, Skeletal Age Changes in Young American Males, Technical Report EP-45, Headquarters, Quartermaster Research and Development Command, Quartermaster Research and Development Center Environmental Protection Research Division, Natick, Massachusets.

MENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI, A., 2011, “Estudio antropológico y patológico de cementerios altomedievales en el País Vasco. Los casos del despoblado de Aistra y el Castillo de Treviño”, Munibe, 62 zk, 403-421 orr.

MENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI, A., 2019, “Análisis del material antropológico de la necrópolis de Zornoztegi (Álava)” Arqueología de una comunidad campesina medieval: Zornoztegi (Álava), QUIRÓS CASTILLO, J.A. (ed.), Documentos de Arqueología Medieval, 13 zk., 465-479 orr.

MENDIZABAL GOROSTIZU-ORKAIZTEGI, A., 2023, “Estudio antropológico y paleopatológico de los restos óseos recuperados en la necrópolis altomedieval de Aistra (Zalduondo, Álava)”, QUIRÓS CASTILLO, J.A., REYNOLDS, A., Arqueología de las sociedades locales en la Alta Edad Media. San Julián de Aistra y las residencias de las élites rurales”, Access Archaeology, 274-303 orr.

PASSALACQUA, N.V., 2012, Bioarchaeological investigations of health and demography in medieval Asturias, Spain, Michigan State University, doktore tesia, argitaratu gabe.

PASSALACQUA, N.V. eta MACKINNON, A.T., 2016, “A historical bioarchaeology approach to health, status, and diet of Medieval Asturias, Spain”, Demografía, paleopatologías y desigualdad social en el noroeste peninsular en época medieval, Documentos de Arqueología Medieval, 10 zk, 63-82 orr.

QUIRÓS CASTILLO, J.A., 2013, “Los comportamientos alimentarios del campesinado medieval en el País Vasco y su entorno (siglos VIII-XIV)”, Historia Agraria, 59, 13-41 orr.

QUIRÓS CASTILLO, J.A., ed. 2019, Arqueología de una comunidad campesina medieval: Zornoztegi (Álava), Bilbo, Euskal Herriko Unibertsitatea.

QUIRÓS  CASTILLO, J.A., REYNOLDS, A., 2023, Arqueología de las sociedades locales en la Alta Edad Media. San Julián de Aistra y las residencias de las élites rurales, Historical Archaeologies Series.

QUIRÓS CASTILLO, J.A., LOZA URIARTE, M. eta NISO LORENZO, J., 2013, “Identidades y ajuares en las necrópolis altomedievales. Estudios isotópicos del cementerio de San Martín de Dulantzi, Álava (siglos VI-X)”, Archivo Español de Arqueología, 86, 215-232 orr.

REDFERN, N.C. eta CHAMBERLAIN, A.T., 2011, “A demographic analysis of Maiden Castle Hillfort: evidence for conflict in the late Iron Age and Early roman period”, International Journal of Paleopathology, 1, 68-73 orr.

REVERTE COMA, J.M., 1991, Antropología Forense, Taller Escuela de Artes Gráficas, Madril.

RIVERO DE LA CALLE, M., 1985, Nociones de anatomía humana aplicadas a la arqueología, La Habana.

SARASOLA ETXEGOIEN, N. eta MORAZA BAREA, A., 2011, “Erdi Aroko arkeologia Gipuzkoan”, Arkeologia 0.5, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia.

SCHEUER, L. eta BLACK, S., 2000, Developmental Juvenile Osteology, Elsevier, USA.

SCHEUER, L. eta BLACK, S., 2004, The Juvenile Skeleton, Elsevier.

TODD, T.W., 1920, “Age changes in the pubic bone: I, the male white pubis”, American Journal of Physical Anthropology, 3 lib., 3 zk., 285-334 orr.

TROTTER. M. eta GLESER, G.C., 1952, “Estimation of stature from long bones of american whites and negroes”, American Journal of Physical Anthropology, 10 lib., 4 zk., 463-514 orr.

UBELAKER, D.H., 2007, “Enterramientos humanos. Excavación, análisis, interpretación”, Munibe, Sup. 24.

VALLOIS, H.V., 1960, “Vital statistics in prehistoric populations as determined from archaeological data”, HEIZER, R.F. eta COOK, S.F., (eds.), The Application of Quantitative Methods in Archaeology, Chicago, Quadrangle Books, 186-204 orr.

VÁZQUEZ, G. eta DE LA RÚA, C., 1990-1991, “La necrópolis medieval de Santo Tomás de Mendraka (Elorrio, Bizkaia). Aspectos antropológicos” Kobie, XIX zk., 117-140 orr.

VIVES, E., La població catalana medieval. Origen i evolució, Eumo editorial, Osona, 1990.

WHITE, T.D. eta FOLKENS, P.A., 2005, The Human Bone Manual, Elsevier, USA.

Amaia Mendizabal Gorostizu-Orkaiztegi