Bloga

Elena Barrena Osoro, ikertzaile

Gipuzkoaren 1000. urteurrena eta Elena Barrenaren doktore-tesiaren defentsaren 35. urteurrena ospatze aldera, haren bibliografia laburki biltzea, ordenatzea eta komentatzea egokitu zait niri. Ez da nire lana, beraz, bere irudira pertsonalki hurbiltzea, aurreko lagunek egin duten bezala. Hala ere, hitz batzuk esateko beharra sentitzen dut, sarrera gisa bada ere. Alde batetik, adibide edo pasadizo pertsonal zehatzetan izan ezik, orain arte idatzitako lerro guztiak neuk ere sinatzen ditudala esateko. Eta, bestetik, egiten ari garen argazkia –non irakasle (“irakasle” “maistra” “irakasteko moldean eskola sortu zuen”, “aitzindari formatzeko metodoan”), tutore eta mentore profilak nabarmendu diren– nolabait osatzeko.

“Eredugarri” adjektiboa eta “erreferente” hitza ere erabili dira orain arteko testuetan, eta hari horri heldu nahi diot hitzaurre honetan. Historiako lizentziatura hasi nuenean, etxetik gehiegi urrundu nahi ez nuelako eta historiako irakasgaiak nahiko errazak zitzaizkidalako egin nuen. Aitortzen dut beste edozein giza zientziatan matrikulatu nintekeela eta berdin gozatuko nukeela, seguru asko. Agerian uzten ari naiz, beraz, momentu hartan, orain gurtzen dudan diziplina honen alde egin nuen hautua ez zela bokaziozkoa izan, eta are gutxiago bere irakaskuntza-bertsioan. Orduan, hemezortzi urterekin, ez nuen argi ikusten zertan jardun nahi nuen. Eta ez nuen ikusi, karrerako bigarren urtean Elena Barrena ikasgelan agertu zen arte, “Historia Moderna” ikasgaia emateko.

Asko sufritu nuen, baina orduan hasi nintzen ulertzen, erlazionatzen, interpretatzen. Eta, lehen aldiz, konturatu nintzen noraino iritsi nahi nuen: ez historiaren adar zehatz batera, ezta irakaskuntzan aritzera ere, baizik eta aurrean nuen ikertzailea izatera. Izan ere, jarraitu beharreko eredua zen bera, izan nahi nuen profesionala: Elena Barrena izan nahi nuen. Geroago, 4. mailan, “Euskal Herriaren Historian” berriro izan nuen irakasle eta gozatu nuen –oraingoan bai–. Zortea izan nuen, gainera, Elena nire tutore izendatu zutelako, figura hori Deustuko Unibertsitatean ezartzen hasi zenean. Haizeak jotzen zuenean nabarmen mugitzen zen beheko dorreko bulego hartan, azterketak egin aurreko nire estualdiak ikusita, gomendatu zidan ez ziezadala erreparatu erdi hutsik zegoen edalontziaren % 20ari, gainerako % 80ari baizik. Gaur balitz bezala gogoratzen dut une hura. Ahazten ez diren lezioak dira.

Ikertzen ari zen profesionala miresten nuen bereziki, artxiboez hitz egiten ziguna, Gipuzkoaren konfigurazioari buruzko tesi bat defendatu zuena, nire herriaren Erdi Aroko antolamenduaz eta zentzuaz jabearazi ninduena, eta nire herria ez zela herri bat, hiribildu bat baizik azaldu zidana, eta zergatik zen hiribildua eta Erdi Aroan tratamendu hori izateak zer esan nahi zuen ulertarazi zidana, eta… Hitz batean, gertaerak beren testuinguruan kokatzen eta garaiko begiradarekin irakurtzen irakatsi zidan –orain gai naiz kontzeptu egokiekin identifikatzeko bere irakaspena–; azken batean, ikerketaren birusa sartu zidan lehen pertsona izan zen, birus zeharo arriskutsua, oraindik eragiten nauena eta, zorionez, gero eta gehiago asetzen nauena.

Elena Barrenaren ikertzaile alderdia da, beraz, kapitulu honetan aurkeztuko dudana. Horretarako, bere ekarpen zientifikoak bildu, egituratu, aztertu eta laburbildu ditut, bai monografikoak, bai bere artikuluak eta berak zuzendutako edo koordinatutako obra kolektiboak ere. Nahiz eta bere ikerketa-ibilbidean jorratu dituen gai guztiak lotuta egon, irakurleari lana errazteko asmoz, irizpide tematiko bati jarraituz, bere ikerlanak lau ataletan sailkatu ditut: 1. Gipuzkoako lurralde-konfigurazioa 2. Hiribilduen Fundazioa 3. Komunikazio-bideak, eta 4. Artxibo-iturriak. Azkenean, argitalpenen zerrenda bat erantsiko dut, kronologikoki ordenatuta.

1. Gipuzkoako lurralde-konfigurazioa

La formación histórica de Gipuzkoa: transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época altomedieval1 izenburupean argitaratutako bere doktore tesia da, zalantzarik gabe, atal honetako ekarpen nagusia. Aurretik, baina, Barrenak “Preliminares de la historia del poblamiento medieval: transformaciones en la organización social del espacio vasco (siglos I-VIII)”2 izeneko artikulua argitaratua zuen. Euskal Herriaren Historiaren Biltzarrean (Bilbo, 1987) emandako hitzaldia oinarri izan zuen testu honetan laburki iragartzen zituen bere ikerketaren emaitzak. Hipotesi honetatik abiatzen zen: Erdi Aroko Euskal Historian gertatu zen lurraldeetan antolatzeko joerak I. eta VIII. mendeen arteko aldian du hasiera. Espazioaren gizarte-antolamendua aldatu izanaren zantzuak eta euskal gizarteen lurraldetasunera bideratutako antolamendua atzematen saiatu zen Barrena. Horretarako garaiko geografo, historialari edo kronisten testigantza idatziak nahiz leku geografikoak aztertu zituen. Testu honek iragartzen du bere tesian garatu zuena.

1988ko irailaren 30ean, Elena Barrenak bere doktore-tesia defendatu zuen, Las transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época medieval: la formación histórica de Guipúzcoa izenburua zuena. Tesiaren zuzendariak, José Ángel García de Cortázar Erdi Aroan adituak, “ezohikotzat” jo zuen lana, euskal panorama historiografikoan, eta baita hispanoan ere, penintsulako iparraldeko espazio historikoen eraketari buruzko eztabaida zientifiko baten abiapuntu izan zitekeen ikerketa bat zelako. García de Cortazarrek adierazi zuen tesia ekarpen garrantzitsua zela eztabaida horretan eta espazio historikoen eraketari buruzko ezagutzan (13 or.).

Doktore-tesitik sortutako liburuaren sarreran Barrenak aitortzen duen bezala, bere lehenengo asmoa ikerketa-lana tokiko esparruan zentratzea izan zen, maila lokalean; zehazki, Itziarko bailararen kasuan. Honi buruz argitaratu zuen “La organización social del espacio en la Gipuzkoa medieval y el caso de Deba”3 izeneko lana. Baina espazio honetan gertatutakoa nekez uler zitekeen ez bazen eremu zabalago batean jorratzen: XI. eta XII. mendeetako Gipuzkoan, alegia. Horregatik, tesiaren helburua izan zen “Gipuzkoako lurralde-unitatearen eraikitzen, artikulatzen duen trama” aurkitzea (22-23 or.). Barrenaren hipotesia zen Iruñerriko eragin feudalak izan zirela izaera sozialeko lurralde-esparru bat sortzearen faktore nagusia. Lurralde-esparru horrek, Gipuzkoa izena hartuko zuen, eta XI. eta XII. mendeetan joan ziren eratzen gaur egun oraindik dituen inguru geografikoak. Tesian ondorioztatzen da Gipuzkoaren eratzea -gizarte-adierazgarritasuneko lurralde-esparru gisa, bederen- Erdi Aroko prozesu historikoaren kausa, sintoma eta, aldi berean, emaitza izan zela. Halaber, frogatzen da feudalismoaren eragina abeltzaintza-gizarteetan esanguratsua izan zela lurraldearen antolamenduan.

Barrenak García de Cortázar zuzendariak espazioaren gizarte-antolaketari buruzko prozeduretarako sistematizatutako eredu metodologikoa erabili zuen tesian. Okupazioa, ustiapena eta lurraldearen kontrola dira, funtsean, elkarren artean konbinatuta, gizarte-sistemaraino daramaten hiru atal nagusiak. Iturriei dagokienez, idatzizko testigantzak izan ziren, urriak izan arren, ikerketaren funtsezko lehengaia. Alabaina, eta hemen dago Barrenaren ekarpenetako bat, iturri horiek aztertu ziren historialariaren ikuspegia beste gizarte-zientzia batzuetara zabalduz, historiaren laguntzaile gisa erabiliz. Horrela, paisaiatik (aztarna arkeologikoak edo artistikoak, eta geografiatik, toponimiatik) eta kulturatik (hizkuntza, antropologia eta soziologiatik) zetozen beste datu batzuk hartu zituen kontuan.

Lan horrek markatu zuen, zalantzarik gabe, Barrenaren ondorengo ikerketa. Tesian aztertzen ziren alderdi zehatz batzuei heldu zien zenbait artikulutan. Adibidez, Beatriz Arizaga Bolunbururekin batera “El litoral vasco peninsular en la época pre-urbana y el nacimiento de San Sebastián”4 izeneko artikuluak, Lurralde aldizkarian (1990) argitaratuak, euskal kostaldearen, eta, zehazki, Gipuzkoako egungo hiriburuaren berezko dinamikak ditu ardatz. Artikulu honek Donostiaren sorrera interpretazio tradizionalaren alderantzizko zentzuan azaltzen du; hau da, ez du sorrera-prozesua abiapuntu gisa planteatzen, baizik eta XI. eta XII. mendeetan Hego Euskal Herriko kostaldean izandako aldez aurreko dinamika baten helmuga gisa. Hiribilduen sorreraren gainean euskal kostaldeari buruzko ikerketa historiko metodikorik ez zegoenez, egileek beren ezagutzak batzea erabaki zuten, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean sortutako Erdi Aroko lehen hiribilduei bere lekua emateko historian. Izan ere, hiribildu horiek izan ziren, euren arrantzarako eta merkataritzarako bokazio indartsuarekin, euskal ekonomia oinarri berrien gainean antolatzea ahalbidetu zutenak, horrela aro modernora irekiz.

1998an, Barrenak “La impronta feudal en una sociedad pastoril: el Pirineo occidental”5 argitaratu zuen. Testu horretan, bere tesiaren ildo nagusiak laburbiltzeaz gain, historialari eibartarrak eliz bidea eta monasterioak, eta hauek Gipuzkoako abeltzaintza-gizartean ordena feudalaren sarreran eta eraketan izandako eragina aztertu zituen. Bere ikerketa XI. mendetik XIII. mendera bitartean kokatuz, Barrenak “feudalismoaren bertsio bat” (71 or.) eskaini nahi du, eta feudalismo horren eragina abeltzaintza-gizarteetan. Ondorioztatzen da oinarri jentilizioko elementuak ez zirela guztiz desegin eta ahaidetasunean oinarritutako elkartasunek sortutako boterea sendotu egin zela, lurrean errotuz eta errentak bereziki monasterioen bidez bideratuz.

Joseba Agirreazkuenaga EHUko irakasleak koordinatutako Nosotros los vascos. Gran Atlas Historiko de Euskal Herria (1995) lan kolektiboan idatzitako kapituluan -“Formación territorial (s. VIII-XV”)6-, Barrenak bere azterlanaren lurralde eta kronologia esparruak zabaldu zituen: VIII. eta XV. mendeen artean Euskal Herria egun banatuta dagoen zazpi lurraldeen eratze prozesua azaldu eta laburbildu zuen. Testu horretan egileak adierazten du gaur egungo toponimoei buruzko lehen aipamen dokumentalek VIII. mendera garamatzatela, baina XIII. mendera arte ezin dela garbi aitortu euskal lurraldeek gaur egun erakusten duten fisonomia, eta Erdi Aroa amaitu arte ez direla ikusten lurralde bakoitzean gizabanakoak kolektibo gisa elkartzen dituzten erakunde politikoak. Era berean, lurralde bakoitzak modu eta erritmo desberdinetan eboluzionatzen duela azaltzen du, baina konstante batzuk ere ikusten direla dio, hala nola ahaidetasun loturen sendotasuna, zeinu feudaleko harremanak edo hiri ereduaren bultzada. Argitalpen hau bereziki azpimarragarria dela uste dut, ordura arte ia ezezaguna zen euskal lurraldearen ikuspegi orokorra erakusten duelako. Garapen politikoa azaltzen du, baina irakurleari pertsona talde bati buruz, espazio bati buruz, kultura bati buruz irakasten dio baita ere.

Laurogeita hamarreko hamarkadan lan garrantzitsua idatzi zuen Barrenak; Hemen. Kutxa – Gipuzkoa 1879-1995 izenburua duena (1995)7. Liburu honetan Gipuzkoaren azken ehun urteetako historia berregin eta osatu zuen, Kutxa banketxearen beraren historiarekin lotuz. Kutxa Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren eta Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren fusiotik sortua zen. Liburuan bi erakundeen sorrera-prozesuaren berri ematen da, baita mende osoan zehar egindako lanaren berri ere. Jarduera ekonomikoez gain, bi erakundeek gauzatutako kultura-ekimenak, gizarte-esperientziak edota argitalpen-jarduerak deskribatzen dira. Baina, egileak berak sarreran aitortzen duen bezala, “inori ez litzaioke burutik pasako, ingurunean kokatzen, errealitatera lotzen duen eta nortasunaren funtsezko oinarrietako bat damaion leku-dimentsiorik gabeko, gizarte- eta lurralde- ingurunerik gabeko nor bat -bakarkakoa zein taldekoa- pentsatzea” (25. or.). Eta are gutxiago, Elena Barrenari, esango nuke nik. Modu batera edo bestera, bere lanetan beti saiatzen da protagonistak, subjektuak, dimentsio espazial batean kokatzen. Eta liburu honetan zehazki, Kutxaren bilakaeraren bitartez, gipuzkoar belaunaldien bizipenak azaltzen dizkigu, baserriaren inguruan eta landa-lanean antolatutako gizarte batetik gizarte industrial batera egindako zeharbidean. Laburbilduz, Kutxaren obra eta, bereziki, haren gizarte-proiekzioa hari nagusi bilakatzen dira Gipuzkoako gizarteak modernizaziorako egin zuen ibilbidea erakusten duen maisu-lan honetan.

2. Hiribilduen Fundazioa

Barrenak landutako beste ikerketa ildo nagusietako bat hiribilduen sorrerari buruzkoa izan zen. Gai hau bere doktore-tesirako egindako ikerketari erabat lotua dago, noski, eta esan dezakegu ikerlari eibartarra dela gai honetan aditu nagusia Gipuzkoan. Hiribilduen fundazioen mendeurrenak bete ahala, Gipuzkoako hainbat udaletatik, bere jakintza baliatuz, hiribilduen eraketa-prozesua ikertzeko eta ezagutarazteko eskatu zioten; besteak beste, Deba (1982), Zumaia (1999), Eibar (1999), Lazkao (2001), Segura (2003) eta Tolosako (2006) kasuak ikertu eta azaldu zituen. Kasu guztietan azaltzen da leku horietan bizi ziren komunitateei foruak emateak auzotarren erregimen sozialaren eraldaketa ekarri zuela, espazio autonomo bat, lege-arau propio bat eta pribilegio batzuk emanez, eta, aldi berean, biztanle-gune homogeneo eta trinkoago bat sortuz. Testu horietako gehienek izaera dibulgatzailea duten arren, azalean geratu beharrean Barrenak kasu bakoitzean xehetasunez sakontzen du, beti ere Erdi Aroko mundu-ikuspegia egungo bizilagunei hurbiltzeko helburuarekin, fundazioen arrazoiak eta ondorioak uler ditzaten. Egia esan, nire ustez, testu hauek benetako oparia dira beren historiaren mugarri hori oroitarazten duten egungo bizilagunentzat.

Deba hiribilduaren fundazioari buruzko artikuluak “El fuero de Vitoria en la villa de Deva. Aparentes contradicciones geopolíticas”8 izenburua du eta Donostiako Forua eta bere garaia Kongresuan aurkeztutako testuan oinarritua dago. Kapitulua Eusko Ikaskuntzak argitaratu zuen, kongresuaren izenburu bera zuen liburu batean. Barrenak Debako hiribilduari Gasteizko Forua eman izana ezohiko kasu gisa aurkezten du hasiera batean, portu berri bat sustatzen duen goi mailako hiribildua zelako eta Donostiako Forua izan zelako -ez Gasteizkoa- Gipuzkoako kostaldeko hiribilduei ematen zitzaiena. Baina azkenean ondorioztatzen du izaera geografikoko eta politikoko kontraesan horiek itxurazkoak zirela benetakoak baino gehiago.

Zumaiako kasuari buruzko argitalpena –”La Carta Puebla de Zumaia: la sociedad que trasluce el texto”9– hiribilduaren sorreraren 650. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan emandako hitzaldi batetik sortu zen. Barrenaren hitzak erabiliz, ekitaldi horiek “oraina ospatzen dute komunitate honen memoria berreskuratuz, eta modu eraginkor bat dira, zalantzarik gabe, bere nortasuna sendotzeko eta, horrela, bere etorkizuna babes sendoen gainean gorpuzteko” (12 or.). Artikulu honetan Zumaiako Hiri Kartaren kanpoko ezaugarrien esanahia aztertzen du Barrenak lehendabizi; gero, edukiaren bitartez, haren promulgazioari eman dakiokeen zentzua aztertzen du; eta, azkenik, testuaren hartzailearenganaino iristen da; hau da, komunitate forma berri bat, hiribildua deritzona, eratu zuen gizarteraino.

Aurretik emandako hitzaldi baten emaitza da, baita ere, historialariaren jaioterria den Eibarko hiribilduaren fundazioari buruzko artikulua. Behin betiko testuaren izenburua “La fundación de la villa de Eibar: llegando a Villanueva, desde el Monasterio de San Andrés de Eibar y las Ferrerías del Ego, en el Valle Markina”10. izan zen. Bertan azaltzen da nola, hiri-bizitza berpiztearekin batera, eredu juridiko berri bat sortu zen, gune horretako biztanleei beren jarduerak askatasunez gauzatzeko eta auzo-komunitatearen bizitza autonomiaz eta inolako jauntxoen mendekotasunik gabe antolatzeko gaitasuna bermatzen zien eredu juridiko berria, hain zuzen ere. Beraz, Zumaiaren kasuan bezala, honetan ere komunitate-sentimendu berria azpimarratzen da, Eibarko bizilagunena, lurralde-entitatearen sorreratik, errealitate berri batetik, eratorria. Ahaide-talde zabal bateko, herriko komunitateko edo parrokia bateko kide izatearen sentimenduak, aurreko garaian existitzen diren sentimenduak, ez dira erabat desegiten, baina auzotasunak sorturikoak gailentzen dira errealitate berrian. Bizilagunak estatutu zehatza aitortzen zaion kolektibo bateko kideak dira orain.

“Elkartearen lehen urratsak. Lazkao lehenengo historian (X-XII. mendeak)”11 izan zen Lazkaoko historiari buruzko bilduma bat osatu zuten liburuxkako bigarrena. Bilduma Lazkaoko Udalaren eta Deustuko Unibertsitateko Humanitate Fakultatearen arteko hitzarmen baten emaitza izan zen. Iturri gutxi izan arren, testu honetan Lazkaoko X. eta XI. mendeen arteko historiaren gako nagusiak azaltzen saiatzen da Barrena, bere tesian egin zuen bezala, paisaiak emandako arrastoak edo lazkaotarren sentimenduetan sustraitutako aztarnak baliatuz.

Segura Goierriko lehen hiribildua izan zen eta haren fundazioari buruzko testuaren kasuan (“Segura: hiribilduaren sorreratik eskualdeko hegemoniara”12), berriro ere komunitatean jartzen du arreta Barrenak. Komunitate horren borondatea ezinbestekoa zen, Errege baten nahiarekin batera, foruaren edukia gauzatu ahal izateko. Hiribilduaren sorrera eta horren ondorioak azaltzeaz gain, prozesuaren zailtasunek Seguraren izaera nola berretsi zuten adierazten da. Azkenik, Seguraren hedapena eta Areria Harana Segurako Eskualde bihurtzeko prozesua argitzen dira.

2006an Tolosak hiribildu bezala eratu zenaren 750. urteurrena ospatu zuen. “Tolosa 750: A propósito de una conmemoración”13 izeneko artikulu batean, Barrenak forua eman izanak ekarri zuen pribilegioa ikuspegi berri batetik interpretatu zuen, XXI. mendearen hasieran Erdi Aroan adituek zituzten metodo eta ezagutzen arabera. Ariketa horren emaitza gisa, Barrenak ondorioztatu zuen ziurrenik Tolosak ehun bat urte izango zituela jadanik hiribildu bihurtu zenean, eta bere jatorrizko osagaien artean okzitaniar ezaugarriak nabarmentzen zirela. Tolosari emandako foruaren berezitasunak eta garai hartako testuinguru politikoa ere azaltzen ditu, noski.

  1. Komunikazio-bideak

Lurraldearen konfigurazio espazialarekin lotuta, Barrenak XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan egin zuen ikerlanaren beste gai nagusietako bat Gipuzkoako komunikazio-bideei buruzkoa da. Gai horren gaineko lehen ekarpena “Los caminos medievales y sus precedentes romanos” (1993)14 izeneko artikulua izan zen. Urte berean, José Antonio Marín irakaslearekin, bere ikaslea izandakoarekin batera, “Hugo de Oporto y Andrés de Navagero. Testimonios de la evolución caminera guipuzcoana medieval”15 artikulua ere argitaratu zuen.

Lehenengo testuaren jatorria Naiarako Erdi Aroko Ikasketen Astean Barrenak eman zuen hitzaldian dago. Erdi Aroko bideak eta erromatarrekiko harremanak aztertzen ditu bertan. Ordura arte komunikazio-bideek ez zuten arreta handirik piztu Antzinako eta Erdi Aroko ikertzaileen artean. Artikuluan bi garai historikoetako bide-eraikuntzarako sistemak azaltzen ditu, eta Erdi Aroko bide-trazadurei eta horien aurrekariei buruzko problematika aztertzen du. Ondorioztatzen duenez, haran-hondoetan eta itsasertzean hiriguneak sortzeak berekin ekarri zuen bide-sare berri bat ezartzea, irizpide berriekin eta bi arteria nagusitatik antolatutako trazadurekin, Oria eta Deba ibaietatik, garai hartan Gipuzkoako lurrak hartzen zituzten itsasorako igarobidearen funtzioa islatzen dutenak.

Lan zaila bada ere, eta egileek emaitzen behin-behinekotasuna aitortzen badute ere, aipatutako bigarren artikuluan Barrenak eta Marinek erakusten dute, nahiz eta iturriak urriak izan, ibilbideei buruz emaitzak ateratzeko aukerarik badagoela. Bi pertsonaia historikoren testigantzak abiapuntutzat hartuta, Portoko Hugo apezpikua eta Veneziako Andres de Navagero enbaxadorea –XII. eta XVI. mendeetako testigantzak, hurrenez hurren-, egileek ondorioztatzen dute Gipuzkoako Erdi Aroko bideen historian bi fase bereizten direla. Lehenengoa, XII. mendetik XIII. mendearen erdialdera joango zena, eta bigarrena, une horretatik Erdi Aroa amaitu arte zihoana. Autoreek diotenez, garai horretako azken urteetan sortu zuen Gipuzkoak bere komunikazio-sarearen oinarrizko eskema, egungo azpiegitura probintzialean oraindik azaleratzen ari den bide sarearena, alegia.

Zalantzarik gabe, Gipuzkoako komunikazio bideei buruzko obra nagusia -eta, nire ustez, Barrenaren ekarpen nabarmenetako bat- berak koordinatutako lan kolektiboa da, Gipuzkoako Komunikabideen Historia izeneko bilduma16. Deustuko Unibertsitateko Humanitate Fakultateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzartutako proiektu baten emaitza da lan handi hau, eta lau liburutan argitaratu zen 1991 eta 2011 artean.

Lehen liburua (1991) Antzinaroari eta Erdi Aroari buruzkoa da, eta egileak Elena Barrena bera eta José Antonio Marín dira. Ondorengo liburuetan Barrenak obraren koordinatzaile gisa hartu zuen parte. Bigarren liburua (1998), Aro Modernoari buruzkoa (1500-1833), José Ángel Achón Insausti irakasleak egin zuen. Hirugarren liburuan (2006), 1833-1937 urteen arteko komunikabideen historia biltzen duena, José Antonio Rodríguez Ranzek, Eider Landaberea Abadek eta Antxiñe Aranburu Amilletak hartu zuten parte. 4. eta azken liburuaren egileak Rodríguez Ranz eta David Zapirain izan ziren. Azken liburu honek (2011) 1938tik 2010era bitarteko Gipuzkoako komunikabideen egoera erakusten digu. Egile guztiak ziren Barrenaren ikasle izandakoak eta bere dizipuluak, bere “marka” dutenak, ezbairik gabe.

Obra honen garrantzia ez datza bakarrik bere berritasunean, Gipuzkoako komunikabideen historiaren ezagutzan suposatzen duen ekarrian, edota eskaintzen digun perspektiba diakronikoan. Horretaz guztiaz gain, Gipuzkoako lurraldearen antolaketari buruz egiten duen ekarpena baloratu behar da. Begi bistan da lurralde-antolaketarena izan zela Barrenaren interes-arlo nagusia. Gipuzkoako herrien historia berritzeko asmoz, obra honetan, aurretik aipatu ditugun lanetan bezala, egitura politiko administratiboak, tokikoak zein probintzialak, une historiko jakin batzuetan sortutako giza harremanen emaitzak bezala ulertzen dira. Bilduma honek Euskal Herriko bideei buruzko historiografia berritu eta eguneratu zuen erabat.

  1. Artxibo-iturriak

Aurreko lerroetan behin baino gehiagotan aipatu dugu Erdi Aroan adituek idatzizko iturri gutxi dituztela erabilgarri. Horregatik, Gipuzkoan ahalegin handia egin da kontserbatzen diren dokumentuak katalogatzen, transkribatzen eta argitaratzen. Elena Barrenak helburu horri erantzuten zioten hainbat proiektutan parte hartu du.

1982an Gipuzkoako Ermandadearen Ordenantzak argitaratzeaz arduratu zen. Eusko Ikaskuntzak argitaratutako Ordenanzas de la Hermandad de Guipúzcoa (1375-1463)17 deituriko liburuak Ermandade horren ordenantzei buruzko testuen bilduma eskaintzen du, 1375etik, Gipuzkoako ordenantzei buruzko lehen dokumentu idatziaren datatik, 1463ra arte, Gipuzkoako Ermandadearen historian fase berri bat irekitzen duen «Koaderno Berria» deiturikoa idazten den arte. Hein handi batean argitaragabe zeuden testuak dira batutakoak.

2006an, beste dizipulu batekin batera, Victoriano Herrerorekin, Debako udal artxiboak gordetzen zituen dokumentu-iturriak argitaratu zituen Barrenak, tesiko garaitik hain ondo ezagutzen zituenak. Eusko Ikaskuntzak sustatu eta argitaratutako Fuentes Documentales del País Vasco bilduman jasotako argitalpen honek –Archivo Municipal de Deba (1181-1520)181181tik udal artxiboan gordeta dauden Erdi Aroko dokumentuak biltzen ditu, 122 testu guztira. Dokumenturik gehienak Behe Erdi Arora mugatzen dira, 115 dira etapa horretako testuak. Aurreko etapan Monte Realeko bi fundazioak daude, Itziarrekoa (1294-06-24) eta Debakoa (1343-06-17). Errege berrespenekin batera, gainontzeko testuak eliz estamentuko dokumentuak (udalekoa, elizbarrutikoa eta erromatarra), udal ordenantzak eta elkarteen (itsasgizonen kofradia eta burdinolen jabeak) testuak dira.

Berrikuspen bibliografiko honetan jarraitu dugun gaikako banaketarekin bat ez datorrenez, eta dokumentu-iturriei buruzko argitalpena ez bada ere, atal honetan “Euskal itsasoaren Erdi Aroko historia ezagupenen eta ikerketa ikuspegien balantze bat”19 izenburuko artikulua sartu dugu. Bertan Barrenak Erdi Aroko euskal itsas historiari buruzko ezagutzen balantzea egiten du. Lehenik eta behin, ehun urteko historiografia laburbiltzen du, eta, aldi berean, itsas historian aitzindari izandako historialariak omentzen ditu. Balantze honen ondorio nagusiak dira ordura arteko itsas-historian planteamendu eta helburu desberdinak, ezagutzen sakabanaketa eta sintesi-saiakerak salbuespenezkoak direla. Baina ezaugarri horiek ez dute indar bera izan mende osoko ikerketa historikoan, eta bi etapa desberdin zehazten dira. Lehenengoa XX. mendeko hirurogeiko hamarkadara artekoa da. Barrenaren esanak laburbilduz, ikerketa horietan itsasoa subjektu historiko gisa aurkezten da, benetako protagonista ordezkatuz: euskal gizartea. Une horretatik aurrera, bigarren etapa bat hasi zen, José Ángel García de Cortázarrek garatutako ikerketarekin. Aurrerantzean, protagonisten kezka, bitarteko eta beharrek izan dituzte hizpide itsas-historiaren gaineko ikerlanek.

Amaiera

Aurreko orrialdeetan egindako Elena Barrenaren ekoizpen bibliografikoaren azaleko errepasoak erakusten digu bi izan direla bere ikerketaren ardatz nagusiak: geografikoa bata, Gipuzkoa, eta kronologikoa bestea, Erdi Aroa. Eta, zalantzarik gabe, bi ardatzen gurutzagunean kokatzen diren azterlanetan Barrena erreferente bat dela baieztatzen dut –erreferentzia ez bada–.

XX. mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen Gipuzkoako historiografiaren berrikuntza ezin da ulertu Barrenaren obra kontuan hartu gabe. Lurraldearen Erdi Aroko historiaren azterketari beste modu batera ekin zion gure irakasleak; begirada zorrotz, sakon eta berritzaile batekin interpretatu zuen gure historia.

Bere tesia mugarri bat izan zen Erdi Aroko lurralde honi buruzko ikerketan, begi-bistako hutsune historiografikoa betetzen duelako; baina baita ere metodologia berritzailearen erabileragatik, historia beste diziplina batzuetatik zetozen baliabide eta tekniketara irekitzeagatik eta gipuzkoarrei lurraldearen eraketa iraganeko parametroak aplikatuz ulertzen laguntzeagatik. Gerora, Erdi Aroko hiribilduen eta bideen sorrerari buruzko lanen bitartez, egungo lurraldea eratzen joan ziren komunitateei buruzko ezagutza osatzen eta zabaltzen joan zen historialari eibartarra.

Amaitzeko, esker hitzak: Barrenak Erdi Aro eta Aro Modernoko espezialisten belaunaldi berriei -eta esango nuke baita beste garai batzuetako historialariei ere, ni barne- bi irakaspen nagusi egin dizkigu: bata historiaren azterketa ez dela geldia, baizik eta prozesu bat dela, etengabe aldatzen ari den zerbait; eta bestea ikerketa historikoan protagonismoa komunitateei, ordura arte kontuan hartu ez ziren gizabanakoen kolektiboei, eskaini beharra. Izugarria Elenak utzitako herentzia. Horregatik guztiagatik, mila esker, Elena!

Leyre Arrieta Alberdi

Donostia, 2024ko iraliak 11

Erreferentzia bibliografikoak (kronologikoki)

“El fuero de Vitoria en la villa de Deba. Aparentes contradicciones geopolíticas”, in Donostiako Forua eta bere garaia. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1982, 135-147.

Ordenanzas de la Hermandad de Guipúzcoa (1375-1463). Documentos. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1982.

“Preliminares de la historia del poblamiento medieval: aproximación a la tendencia general de las transformaciones operadas en la organización social del territorio vasco entre los siglos I y VII”. Congreso de la Historia de Euskal Herria. II Congreso Mundial Vasco. Donostia: Txertoa, 1988, 553-572.

La formación histórica de Gipuzkoa: transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época altomedieval. Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1989.

“La carta puebla de Zumaia: la sociedad que trasluce el texto”, in Zumaiako 650. Mendeurrenaren hitzaldiak. Zumaia: Zumaiako Udala, 1990, 11-31.

“El litoral vasco peninsular en la época pre-urbana y el nacimiento de San Sebastián”, Lurralde: Investigación y espacio, 13 zbk., 1990, 277-312. Testu hau 2020an berargitaratu zen: Cubera: Revista de la Asociación de Amigos del Paisaje de Villaviciosa, 53 zbk., 2020, 78-82 (Beatriz Arizagarekin).

Gipuzkoako Komunikabideen Historia (zuzendaria) eta lehen liburuaren (1991) autorea (José Antonio Marinekin). Donostia: Aldundia, 1991–2011.

“Los caminos medievales y sus precedentes romanos”, in De la Iglesia Duarte, José Ignacio (koord..): IV Semana de Estudios Medievales. Nájera, 1993, 31-44.

“Hugo de Oporto y Andrés de Navagero. Testimonios de la evolución caminera guipuzcoana medieval”, Caminería hispánica. Actas del I Congreso de Caminería Hispánica, 1. liburukia, 1993, 269-274 (José Antonio Marinekin).

“Formación territorial (s. VIII-XV)”, in Agirreazkuenaga, Joseba (ed.): Nosotros los vascos. Gran atlas histórico de Euskal Herria. Donostia: Lur, 1995, 97-112.

Hemen: Kutxa-Gipuzkoa, 1879-1995. Donostia: Kutxa Fundazioa, 1995.

“Euskal itsasoaren Erdi Aroko historia ezagupenen eta ikerketa ikuspegien balantzea bat”, Itsas memoria: revista de estudios marítimos del País Vasco, 1 zbk., 1996, 12-27.

“La impronta feudal en una sociedad pastoril: el Pirineo occidental”, in Barceló Perelló, Miquel eta Pierre Toubert (koord.): L’Incastellamento: Actas de las Reuniones de Girona y Roma. Rome: École Françaisede Rome, 1998, 71-84.

“La fundación de la villa de Eibar llegando a Villanueva, desde el Monasterio de San Andrés de Eibar y las Ferrerías del Ego, en el valle de Marina”, in Eibar, 1346-1996, aportaciones históricas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999, 17-37.

“Orígenes de una comunidad. Lazkao en su primera historia (siglos X-XII)”, in Lazkaon bizi: Lazkaoko historia, 2. liburukia. Lazkao, Lazkaoko Udala, 2001.

“Segura: hiribilduaren sorreratik eskualdeko hegemoniara”, in Intxausti Rekondo, Joseba (koord.): Segura historian zehar. Segura: Segurako Udala, 2003, 115-138.

“Tolosa 750: a propósito de una conmemoración”, Mundaiz, 72 zbk., 2006, 9-30.

Archivo Municipal de Deba (1181-1520). Colección Fuentes Documentales del País Vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2006. (Victoriano Herrerorekin)

======================================

1 Barrena Osoro, Elena: La formación histórica de Gipuzkoa: transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época altomedieval. Donostia: Deustuko Unibertsitatea, 1989.

2 Barrena Osoro, Elena: “Preliminares de la historia del poblamiento medieval: aproximación a la tendencia general de las transformaciones operadas en la organización social del territorio vasco entre los siglos I y VII”. Congreso de la Historia de Euskal Herria. II Congreso Mundial Vasco. Donostia: Txertoa, 1988, 553-572.

3 Bere liburuaren sarreran aipatua. Barrena Osoro, Elena: La formación histórica de Gipuzkoa, op. cit, 20. orr.

4 Arízaga Bolumburu, Beatriz; Barrena Osoro, Elena: “El litoral vasco peninsular en la época pre-urbana y el nacimiento de San Sebastián”, Lurralde: Investigación y espacio, 13 zbk., 1990, 277-312. Testu hau 2020an berargitaratu zen: Cubera: Revista de la Asociación de Amigos del Paisaje de Villaviciosa, 53 zbk., 2020, 78-82.

5 Barrena Osoro, Elena: “La impronta feudal en una sociedad pastoril: el Pirineo occidental”, in Barceló Perelló Miquel eta Pierre Toubert (koord.): L’Incastellamento: Actas de las Reuniones de Girona y Roma. Rome: École Françaisede Rome, 1998, 71-84.

6 Barrena Osoro, Elena: “Formación territorial (s. VIII-XV), in Agirreazkuenaga, Joseba (ed.): Nosotros los vascos. Gran atlas histórico de Euskal Herria. Donostia: Lur, 1995, 97-112.

7 Barrena Osoro, Elena: Hemen: Kutxa-Gipuzkoa, 1879-1995. Donostia: Kutxa Fundazioa, 1995.

8 Barrena Osoro, Elena: “El fuero de Vitoria en la villa de Deba. Aparentes contradicciones geopolíticas”, Donostiako Forua eta bere garaia. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1982, 135-147.

9 Barrena Osoro, Elena: “La carta puebla de Zumaia: la sociedad que trasluce el texto”, in Zumaiako 650. Mendeurrenaren hitzaldiak. Zumaia: Zumaiako Udala, 1990, 11-31.

10 Barrena Osoro, Elena: “La fundación de la villa de Eibar llegando a Villanueva, desde el Monasterio de San Andrés de Eibar y las Ferrerías del Ego, en el valle de Marina”, in Eibar, 1346-1996, aportaciones históricas. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999, 17-37.

11 Barrena Osoro, Elena: “Orígenes de una comunidad. Lazkao en su primera historia (siglos X-XII)”, in Lazkaon bizi: Lazkaoko historia, 2. liburukia. Lazkao: Lazkaoko Udala, 2001.

12 Barrena Osoro, Elena: “Segura: hiribilduaren sorreratik eskualdeko hegemoniara”, in Intxausti Rekondo, Joseba (koord.): Segura historian zehar. Segura: Segurako Udala, 2003, 115-138.

13 Barrena Osoro, Elena: “Tolosa 750: a propósito de una conmemoración”, Mundaiz, 72 zbk., 2006, 9-30.

14 Barrena Osoro, Elena: “Los caminos medievales y sus precedentes romanos”, in De la Iglesia Duarte, José Ignacio (koord..): IV Semana de Estudios Medievales. Nájera, 1993, 31-44

15 Barrena Osoro, Elena; Marín, José Antonio: “Hugo de Oporto y Andrés de Navagero. Testimonios de la evolución caminera guipuzcoana medieval”, Caminería hispánica. Actas del I Congreso de Caminería Hispánica, vol. 1, 1993, 269-274.

16 Barrena Osoro, Elena (zuz.). Gipuzkoako Komunikabideen Historia. Donostia: Aldundia, 1994 – 2011.

17 Barrena Osoro, Elena: Ordenanzas de la Hermandad de Guipúzcoa (1375-1463). Documentos. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1982.

18 Victoriano José Herrero Liceaga eta Elena Barrena Osoro: Archivo Municipal de Deba (1181-1520). Colección Fuentes Documentales del País Vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2006.

19 Barrena Osoro, Elena: “Euskal itsasoaren Erdi Aroko historia ezagupenen eta ikerketa ikuspegien balantzea bat”, Itsas memoria: revista de estudios marítimos del País Vasco, 1. zbk., 1996, 12-27.